Igeriketa

Hernaniko igerilariak Gipuzkoako Taldeen Kopan ariko dira gaur eta bihar Irungo Azken Portun

Kronika - Erredakzioa 2020ko urt. 11a, 00:00

Hernani igeriketa taldea Irunen ariko da gaur eta bihar.

Hernaniko taldea B mailan ariko da eta beste taldeak ordezkatzen ere ariko dira herriko beste hainbat igerilari. Enaitz Goñi Euskadiko junior eta infantil selekziora deitua izan da otsailerako.

Urteko lehenengo igeriketa txapelketa gaur eta bihar artean jokatuko da eta bertan igerilari hernaniarrak ez dira faltako. Irungo Azken Portu kiroldegiko igerilekuan Gipuzkoako Taldeen Kopa antolatu da bi egunetako goiz eta arratsaldez.

A eta B mailetan jokatzen da txapelketa eta taldeak bi maila horietan banatzen dira. Hernaniarrak B mailan daude kokatuak, baina A mailan, beste taldeetan, igeri egiten duen hernaniarrik ere bada. Hernani taldearen helburua igerilariek euren markak hobetzea da eta beste txapelketetarako minimak lortzea ere bai.

Goizeko jardunaldiak 10:00etan hasiko dira eta arratsaldekoak 16:00etan.

 

Enaitz Goñi Las Palmasera selekzioarekin Espainiako Autonomi Txapelketara

Irunen, Enaitz Goñi igerilari hernaniarra, Fortuna taldearekin ariko da eta asteartean Euskadiko infantil mailako selekzioak hautatu zuen. Euskadi Espainiako Autonomien arteko txapelketan ariko da, junior eta infantil mailetan, datorren otsailaren 14etik 16ra Kanaria Handian, Las Palmas hiriburuan.

Bertan, EAEko 25 igerilari izan dira deituak, 12 junior eta 13 infantil, neska eta mutil, guztira. Goñi hiru frogetarako izendatu dute 400 estiloak, 400 libre eta 1.500 libre eta Gipuzkoatik doan infantil bakarra da, beste hamabiak bizkaitarrak dira. Juniorretan sei gipuzkoar, lau arabar eta bi bizkaitar daude Euskadiko selekzioan

Nafarrek bere selekzioa osatzen du txapelketa garran­tzitsu honetan. Aurreko urtean Euskadi zortzigarren sailkatu zen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!