Errugbia

Hernanik bigarren garaipena jarraian lortu nahi du bihar, Cienciasen aurka Landaren

Kronika - Erredakzioa 2020ko urt. 11a, 00:00

Mikel Perez lesionatuta egon da aurtengo partidu batzuetan.

Etxean jokatuko du 12:00etatik aurrera, eta irabaziz gero azken postutik irteteko edo azkenaurrenarekin berdintzeko aukerak dauzka.

Hernanik zita garrantzitsua du bihar Landaren, 12:00etatik aurrera. Bigarren itzulia hasiko du eta urteko lehenengo partidua jokatuko du Ciencias Cajasolen aurka. Gabonetako geldialdia eta gero ohorezko errugbia berriz ere bueltan da eta Hernanik urtea, amaitu bezala hasi nahi du, garaipenarekin. Zapore gozoarekin joan ziren hernaniarrak Gabonetako oporretara, Donostian, Bartzelonari azken segunduan irabazi ondoren.

Garaipen horrek taldea indarberritu du eta bihar aukera du denboraldiko bigarren garaipena lortzeko. Aurrean arerio ezaguna izango dute, Sevillako Ciencias Cajasol. Andaluziarrak azken urteetan igogailua izan dira Ohorezko Mailatik Ohorezko B mailen artean eta aurtengo denboraldian berreskuratu dute gorengoa. 

Gainera, talde sendoa osatu du, eta harrobiko taldea izatetik, fitxaketek garrantzia gehiago duten taldea izatera pasa da talde sevillarra.
Hori emaitzetan nabaritu dute eta aurreneko itzulia oso ongi amaitu dute 20 punturekin. Zortzigarren daude kokatuta azkeneko postuetatik urrun, baina baita play off postuetatik ere. Hernanirentzat partidua ga­rrantzitsuagoa da. Irabaziz gero, gutxienez hamaika puntu batu­ko lituzke; horiek dira Cis­nerosek dauzkan puntuak, eta haiek Alcobendas liderraren aur­ka jokatu behar dute.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!