UDAL AURREKONTUAK

Inbertsioetan jaitsiera 2020an, «sintonia onean» onartutako udal aurrekontuetan

Kronika - Erredakzioa 2020ko urt. 11a, 00:00

Azaroan Udal Gobernu Taldeak aurkeztutako 2020ko aurrekontu proposamenari, EAJren 5 emendakin, Elkarrekin Podemosen 4 eta PSEren 3 txertatu zaizkio. Horrek, hala ere, ez du eraginik izan diru-partida haundietan, eta abenduko azken Plenoan onartu ziren 2020ko udal aurrekontuak 29.549.159 eurokoak dira. Alderdien arteko «sintonia ona» nabarmendu dute denek.

Abenduaren 19ko Plenoan onartu ziren 2020ko Udal Aurrekontuak. Denera, 29.549.159 euro izango ditu. Horietatik, 392.807 euro Ereñotzuko Tokiko Udalerako izango dira; iaz baino %4,13 gutxiago, eta Ereñotzuk denera 396.907 euroko aurrekontua izango du. Beste 2.637.092 euro Zerbitzu Sozialetarako izango dira; iaz baino %13,82 gehiago, eta denera, Zerbitzu Sozialek 8.842.515 euroko aurrekontua izango dute. Azkenik, gainontzeko, 26.519.260 euro izango dira Hernaniko Udaleko aurrekonturako; iaz baino %10,39 gutxiago.

Aurrekontu proposamena bera aurkeztean Xabier Ler­txundi alkateak eta Isa Sanchez ogasun zinegotziak azaldu zuten iaz baino diru-sarrera gutxiago izango dituela Udalak aurten. «2019an ez-ohiko sarrerak izan ziren Zikuñagako Papeleraren zabalkun­dearengatik eta Ga­la­rre­­­tako eremuko zergen­gatik. Errealagoa da 2018ko aurre­kontuekin alderatzea». Hori horrela, Ereñotzura bideratutako diru kopuruak ere behera egin du, «Udaleko diru-sarreren arabera egokitzen baita». Baina Zerbitzu Sozialetara bideratzen den dirua «beharren arabera kalkulatzen da. Aurten, lan­gileen egonkortasuna eta bal­din­tzak hobetzea izan da lehen­tasuna».

Bestalde, nabarmendu zuten «Fondo Foraletik, Gipuzkoako Aldu­nditik datorren diru ekar­pena asko igotzen ari dela azken urteetan, baina otsaila arte ez da jakiten zenbat izaten den. Hori horrela, kontu hartzaileak egiten duen aurrekontu pro­po­samena kautela haundiarekin egindakoa izaten da. Gure diru-sarreren %45 Fondo Foraletik dator. 2019an 14.000.000 aurre­ikusi ziren, eta azkenean, 14.600.000 izan ziren, baina itzul­tzea ere tokatu daiteke, na­hiz eta baldintza malguak jar­tzen dituen Aldundiak, horre­tarako».

Dena den, azpimarratu zu­ten «garrantzitsuena dela Udal zerbitzuak mantendu edo igo egin direla; kale garbiketa, Zer­bitzu Sozialak… Jaitsi direnak dira, inbertsioak».

Elkarrekin Podemosen proposamenetatik «%10 besterik ez»
Oposizioko hiru alderdiak abstenituta onartu dira 2020ko aurrekontuak, proposatu dituzten emendakinetako batzuk txertatu ondoren. «Sintonia ona» nabarmendu dute alderdi  guztiek, eta Udal Gobernu Taldeak azaldu du «aurrena aurrekontu proposamena aurkeztu eta zalantzak argitzeko denbora eman» ziola oposizioari, eta «negoziatzeko aukera eman», gero. 

Elkarrekin Podemosen kasuan, proposatutako lau emendakin txertatu dira, 70.000 euro artekoak. Batetik, 30.000 euroko partida, Atzieta kaletik Renfeko apeaderorako eskailerak berritzeko proiekturako. Bestetik, langileen formakuntzarako partidari 10.000 euro gehitzea; beraz, denera, 20.000 euroko partida jaso da. Era berean, espaloiak garbitzeko 20.000 euro gehiago jartzea ere txertatu da, eta Goiz Eguzki parkearen inguruko azterketa egiteko 1.000 euroko partida irekitzea. Dena den, «900.000 euro arteko proposamenak aurkeztu» dituela nabarmendu du Elkarrekin Podemosek, eta, beraz, «onartutakoak %10 besterik ez» direla izan. «Ez dira Udal Gobernu Talde berriarengandik espero genituen aurrekontuak, gure ustez aurrekontu kontinuistak dira eta erakusten dute ez dagoela etorkizunerako proiektu sendorik».

Udal Gobernu Taldeak, aldiz, erantzun du «proposamenen %10 besterik» ez dela onartu, baina «bere horretan, beste batzuk guk jasotakoak baitziren; turismoaren ingurukoa, adibidez. Badaukagu plan bat». Elkarrekin Podemosek dio aurrera atera ez diren proposamenak izan direla disuasio-aparkalekua egitea, turismo ereduan aldaketa egitea eta 2018ko planean, «oraindik martxan jarri ez den horretan» txertatzea; txotx denboraldian herrira sartzen diren autobusei mugak jartzea; Hernani berdeago bat sortzea zuhaitz eta lorategi bertikalak jarriz; eskoletako jangelak udal jangelak bihurtzea; edota sokamuturra eta zezentxoetarako festetan bideratzen den partida kentzea. Bestalde, garbiketa gehiago eskatu eta gertakarien berri emateko Horkonpon aplikazioa berriro martxan jartzea ere eskatu zuten, «baliabideak aprobetxatu eta berrerabiltzeko. Hemendik, 20.000 euroko partida gehitu dute espaloiak garbitzeko».

Azkenik, Elkarrekin Podemosek gehitu du badela beste proposamen bat onartu dena: «telefono kabinak ondare industrial gisa berreskuratu eta telefono mugikorrak USB bidez kargatzeko berrerabiltzea, eguzki plaken bitartez».

«Kontinuista, nahita»
Hain zuzen, Udal Gobernu Taldeak nabarmendu du «aurrekontu kontinuistak direla, baina nahita, ez esperientzia falta dugulako. Bidean dauden proiektuak bukatu nahi ditugu».

Inbertsioen atalean martxan dauden eta bukatu nahi dituzten proiektuen artean nabarmendu ditu Kulturarteko Plaza Feminis­ta eta Atsegindegiko obra. «In­­ber­­tsi­oen bidea oso luzea da: aurreproiektua egin, gero proiektua, ondoren hau esleitu… Burokrazia oso mantsoa da, eta gertatu izan da esleitu ga­be geratzea obraren bat, en­presa askok obra txikietara ez dutelako sartu nahi». Era berean, Sandiusterriko aretoa egokituko dute Musika Eskola eta Ttarla dantza taldearentzat gela berriak sortzeko; Milagrosa berrituko da; Lizeaga auzoko Madalena kalea urbanizatuko da; Portu eta Elizatxoko peato­nalizaziorako azken fasea gauzatuko da. «Bideak zuzen ikustean, azkartzeko joera dau­kagu, eta lurrean markak iku­sita, mantsotu egiten dugu. Interbentzio biguinak egin dira, probarako, eta behin betikoak izango dira, azken fasean», azaldu dute. 

Gehiagoren artean ere azpimarratu dituzte Urbieta kaleko peatonalizazioa; Elizatxo ikastolarako psikomotrizitate gela; kanpoko igerilekuen egoeraren azterketa; «eukalipto landaketak saihesteko» lur erosketa; Osiñagako zubirako proiektua egitea; Landare inguruko bidegorri proiektua egitea; Elizatxotik Urnietarako bideko azken urbanizazio fasea; udaletxeko teilatua aldatu eta energia planaren barruan eguzki plakak jartzeko proiektua egitea; Plazako irisgarritasuna aztertzeko plana egitea; edota turismo bulegoa Plazan jartzeko lokala erostea.

Azkenik, Udal Gobernu Taldeak nabarmendu du «negoziazioen emaitza» izan diren inbertsioak ere badirela. Batetik, apeaderora jaisteko proiektua, Elkarrekin Podemosek proposatua. «Adifek aldatu egingo du apeaderoa, eta Portura joateko bidea itxiko da. Horri konponbidea bilatu nahi zaio». Bestetik, Atsegindegiko markesina haunditzeko proposamena, PSE-EEK egina; «ilara luzeak sortzen dira».

«Akordio garrantzitsuak», PSE-EEk
PSE-EE alderdiak onartu du «akordio garrantzitsuak» lortu dituela aurkeztutako emendakinen inguruan. «Gure taldeak ezin ditu aurrekontuak babestu, diru-laguntza ideologikoak badaudelako (Hobeki edota Udalbiltza aipatzen ditu). Baina sintonia ona izan dugu eta aurkeztutako 26 emendakinetako batzuk onartu direnez, konfiantza eta aukera eman nahi izan diegu aurrekontuei, Hernani eta herritarren onurarako».

Denera, PSE-EEk aurkeztutako hiru emendakin onartu dira, 14.216 euro artekoak: aipatutako Atsegindegiko autobus markesinak haunditzeko 10.000 euroko partida; ezohiko kirol ekintzetarako partidara 1.000 euro gehitu eta beraz, 6.000 euro bideratzea; eta kirol klubei ematen zaien diru-laguntza 3.216 euro haunditzea, denera, 80.000 euroko partida osatuz.

Horrez gain, partidarik haunditu beharrik gabe, sozia­lis­tek azpimarratu dute onartu dela, baita ere, udaletxeko tei­latuan eguzki plakak jartzea. Era berean, auzoetarako oina­rriz­ko euskera ikastaroak anto­la­tzea ere onartu da; bizilagun elkarteetako lokaletan wifi puntu publikoak jartzea az­ter­tzea ere bai; eta baita El­ka­no eta Latsunbe arteko oinez­koentzako bidegurutzean tra­­fi­­ko­­a arintzeko pultsadoreak jar­tzea ere. Bestalde, «sintonia onaren adierazgarri» izan da, sozialisten ustez, aurkeztu di­tu­zten emendakin batzuk dago­e­neko txertatuta egotea; hala nola, Elizatxo eta Portua kaxkoarekin lotzeko irisgarritasuna, igogailu batekin hobetzea; langile poli­tika hobetzea; auzoen parte-har­tzea sustatzea inbertsio eta hobekuntzen inguruan erabaki dezaten; eta igerileku irekiek aukera gehiago ematen ote duten aztertzea. Baina azaldu dute, baita ere, baztertuak izan direla beste hainbat emendakin: eskola materiala erosteko 25.000 euroko partida; herriko elkarteek egin behar dituzten tramiteetan laguntzeko langi­le baten kontrataziorako 12.000 eu­ro; atletismo pistan harmailak eraikitzeko 5.000 euroko parti­da; edota 25.000 euroko partida hirugarren  hizkuntza bat ikas­te­ko.

Bestalde, hondakin bilketa sistemaren inguruan aldaketak txertatzeko sozialistek egindako proposamenen aurrean EH Bilduk erakusten duen «jarrera itxiaz» kexatu da.

Emendakinak hiru alorretan, EAJk
Azkenik, Udal Gobernu Taldeak azaldutakoaren arabera «aurrekontuetan eragin ekonomikorik izan ez» badute ere, EAJk proposatutako bost emendakin ere onartu dira: luzaroko bajak dituzten langileen lanpostuak betetzea; atez ateko bilketa sistema hobetzeko proposamenak egiteko aukera izatea; etxebizitza alokatzeko ematen diren diru-laguntzetarako dagoen partida amaitzen bada, partida hori haunditzea baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiak onartu ahal izateko; lanpostu publikoak betetzeko momentuan, parekidetasuna eta minusbaliaren legeek ezartzen dituzten ehunekoak betetzea; eta etxebizitza publikoak esleitzerakoan adineko pertsonen kolektiboa lehenestea.

Bere aldetik, EAJk azaldu du «15 emendakin baino gehiago prestatu» zituztela, baina «kudeaketa eta udal antolaketa arazoek larrialdi egoerara bultzatu» zituztela, eta azkenean 5 bakarrik aurkeztu zituztela. «Ez zuen ezertarako balioko aurrekontuak onartzeak, emendakin asko negoziatzeak edo Hernani Erabaki parte-hartze prozesuko proposamenak sortzeak, barruko arazoak konpondu ezean. Beraz, lan egin dugu akordioak lortzeko udal kudeaketa hobetzeko, gizarte alorreko hiru arlotan ekintzak egiteko eta Atez Atekoaren eta bosgarren edukiontziaren inguruko errealitatea ezagutzeko».

Onartutako aurreneko propo­sa­menari dagokionez, jeltzaleek inbertsioen partidatik 400.000 euro kendu eta arkitekto, a­bo­­ka­tu eta administrariak kontra­tatzeko bideratzea proposatu zuen, «2019ko gerakina berriro ere ikaragarria izango dela espero baitugu»; behar den sailak egonkortzea adostu da, azkenean. Bigarren propo­same­nari lotuta, 15.000 euroko partida jaso nahi zuen ikerketarako EAJk, eta onartu ez bada ere, proposamenak egiteko aukera ireki da. Alokairuak ordaintzen laguntzeko gazteei bideratutako partida 28.000 eurora, eta helduei zuzendutakoa 65.000 eurora haunditzea eskatu zuten bestalde, eta eskariei erantzun arte behar dena jartzea adostu da azkenean. Udal Gobernu Tal­deak azaldu du partida horretan ez dela kopururik jarri, orain arte ikasturteka eman direlako laguntzak, baina «udal kudeaketarako hobea da urteka ematea, eta horregatik, 2020ko abendura arteko laguntzak 2019ko aurrekontuan jaso zi­ren». Laugarren proposamena, bestalde, bere horretan onar­tu da, eta azkenekoari da­go­ki­o­nez, jeltzaleek «gerakine­ko %10, 2.000.000 euro ba­i­­no haundiagoa bada, irisga­rri­tasun arazorik ez duten etxeak erosteko bideratzea» pro­po­satu zuten, «beren etxe­e­tan arazoak dauzkaten adine­koei bideratzeko. Hauen etxeak libre geratuko lirateke eta udalak kudeatuko lituzke» . Irisgarritasun neurriak bete­tzen dituzten etxebizitza publi­koak eraikitzeko proiektua ba­da­go­enez, kontuan hartuko da adinekoen kolektiboa lehenes­tea.

Lortutako akordio guztiak medio, Udal Gobernu Taldeak adierazi du «oso sintonia ona» izan dela, eta espero duela «urte­ro au­rre­­kontuak onartzea horrela iza­tea». Lertxundi alka­tearen us­tez, «ez da gure jarrera aldatu. Beti prest izan gara ne­go­­zia­tze­ko. EAJ aldatu da. Lehen osoko zuzenketa aur­kezten zu­en, eta orain negoziatu egin du­gu. Baita PSE-EE eta El­ka­rrekin Pode­mosekin ere. Ja­rraituko du­gu biltzen eta ahal den propo­sa­men gehien satzen».

 

2020ko UDAL AURREKONTUA                     29.549.159 euro

UDALA                                                                26.519.260 euro
EREÑOTZU                                                        392.807 euro
ZERBITZU SOZIALAK                                     2.637.092 euro          

HERRI AKTIBOA     7.470.919 euro
 Jarduera fisikoa eta kirola   2.213.640 euro
 Hezkuntza    2.285.724 euro
 Kultura     1.682.952 euro
 Euskara zerbitzua    1.140.121 euro
 Herritarren partehartzea   148.482 euro
HERRI JASANGARRIA    14.094.852 euro
 Komunitatearentzako zerbitzuak  7.852.864 euro
 Etxebizitza eta hirigintza   2.394.286 euro
 Segurtasuna eta mugikortasuna  1.784.775 euro
 Tokiko garapena eta enplegu sustapena 1.164.601 euro
 Ingurumena    898.326 euro
HERRI SOLIDARIOA    3.685.805 euro
 Zerbitzu Sozialak    2.637.092 euro
 Berdintasuna    417.808 euro
 Lankidetza    253.552 euro
 Gazteria     257.353 euro
 Inmigrazioa    105.000 euro
Zor publikoa amortizatzea    372.500 euro
Administrazio gastua    3.925.083 euro

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!