Literatura

Iñigo Legorburuk beste bi sari

Kronika - Erredakzioa 2020ko urt. 10a, 00:00

Iñigo Legorburu bigarren sariaren eta haurren sariaren irabazleekin.

Abenduan bost saritan gailendu da eta bere ibilbidean 80tik gora irabazi ditu. Oraingoan Satarka eta Bordari sarietan izan da garaile.

Nahiz eta bere burua idazletzat ez jo Iñigo Legorburu ibilbide oparoa ari da egiten literatur munduan. Abenduaren 28an eman ziren jakitera Hondarribiako 36garren Satarka eta Bordari Literatur sarietako irabazleak, eta bertan, helduen bi modalitatetan Iñigo Legorburu gailendu da. Abendua emankorra izan da eta hilabete bat baino gutxiagoan bost sari irabazi ditu eta guztira 80 baino gehiago ditu lortuak. 
Satarka poesia lehiaketan, Legorbururen Pekatariaren biblia lanak irabazi zuen, Mari Joxe Azurtza donostiarra bigarren gelditu zen bitartean.
Legorburuk, zazpi pekatu kapitaletan oinarritzen den lana aurkeztu zuen eta Mertxe Mitxelena eta Martxel Mariskalek osatutako epaimahaiak, lana saritu zioten «aintzinako pekatuak gaur egungo bizimoduan txertatzen asmatu duelako egileak». 15 lan aurkeztu ziren poesiara eta Iñigo Legorburuk, 800 euro eta oroigarria eskuratu zituen. Seigarren urtea da jada erreskan irabazten duela lehiaketa hau.

Bordarin bi sariak beretzat
Sorpresa Bordari narrazio lehiaketan etorri zen ordea, Legorburu lehenengo eta bigarren sarien jabe egin zelako, orotara 26 lan aurkeztu ziren mailan. Bi lan oso ezberdin aurkeztu zituen egileak eta bere esanetan «izugarrizko sorpresa izan da, lehiaketa honetara oso idazle onak aurkezten direlako». Lehenengo saria Itzalpean izeneko lanarekin lortu zuen, bigarrena, Mundua nire oinetara lanaren bidez lortu zuen.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!