MENDIRIZ MENDI

Mendian gora egiteko, bi proposamen

Kronika - Erredakzioa 2020ko urt. 8a, 00:00

Igande honetan gaztetxoekin Oindi biraren aurreneko zatia egingo da. Helduen irteera urtarrilaren 19rako antolatu da.

Urteari hasiera emateko mendian gora abiatzea proposatu du Mendiriz Mendi elkarteak. Bi irteera antolatu ditu urtarrilerako; horietako bat, gaztetxoei begira, eta bestea, helduentzako.

 

Oindin barrena gaztetxoak, igandean

Proposamenetan aurrenekoa gaztetxoei zuzendutakoa da. Igandean, urtarrilaren 12an, goizeko 09:00etan jarri dute hitzordua, Plazan, Oindi biraren aurreneko zatia egiteko.

Ibilbide hau 'Hernani ezagutuz' egitasmoaren barruan kokatzen da, eta Oindiri bira ematen dion ibilbidearen aurreneko zatia egitea izango da asmoa, urtea hasteko. Buelta honetan zehar, Argurutzeko harriak ikusteko aukera izango da. Hauek ikusi ondoren, berriro ere bidegurutze horretara itzuli beharko da bidearekin jarraitzeko. Bidegurutzean, jaitsitako pista eskubian utzita, aldapa gora egiten duen bide bakarra hartu beharko da. Pistak basoa zeharkatu ondoren, argigune batera iritsiko dira, eta pista aldapan behera segita eta egurrezko langa zeharkatuta, begi bistan geratuko den Saratsain bordaren ateraino iritsiko dira.

Irteera honetan parte hartzeko ez da izena eman behar, eta nahikoa izango da igandean Plazan agertzearekin.

 

Ziburumendi, helduen urteko aurreneko erronka

Bigarren proposamena helduei bideratutako irteera da. Hau urtarrilaren 19rako antolatu dute. Kasu honetan, Ziburumendi igotzea izango da asmoa; 441 metro dituen Lapurdin kokatutako mendia. Zehazki, Larhun edo Larrun mendigunean dago.

Goizeko 08:30etan aterako da autobusa Atsegindegitik, eta eguerdi partean bueltatuko da, egun erdiko irteera egitea izango baita asmoa. Parte hartzeko, kasu honetan, izena eman behar da. Horretarako bulegotik pasa behar da astelehen, ostegun edo ostiraletan, iluntzeko 20:00etatik 21:00etarako tartean, urtarrilaren 16a baino lehen. Bazkideek 10 euro ordaindu beharko dituzte, eta bazkide ez direnek, 13.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!