Tripontzia saria

Tripontzia sariarekin bada aukera oraindik, 60.000 eurotik gora poltsikoratuta urtea hasteko

Kronika - Erredakzioa 2020ko urt. 7a, 00:00

Gure Esku Dago ekimena babesteko txartel hauek erosita, 'Tripontzia: burujabetzara bidean' istorio sorta digitala ere lortu daiteke.

Jokatu diren hainbat loteriatan zorterik izan ez duenak, Tripontzia Sariarekin probatu dezake, oraindik. Gure Esku Dago ekimenak urtarrilaren 16ra arte salduko ditu txartelak, ostegunero 18:30etatik 20:00etara Kale Nagusian jartzen duen postuan edota herriko hainbat denda eta tabernatan: Adarra, Adarraga, Aliprox, Epele, Ikusi-Makusi, Lurreko, Oa, Peña eta Tilin-Tolon dendetan eta Aitan-Etxe, Apeadero, Aralar, Deportivo, Garin, Goiz Argi, Guria, Joxe Mari, Kitto, Onddi, Riojanos, Rufino, Txintxua, Txilibita, Zinkoenea eta Zintzarri tabernetan, hain zuzen. 

Zozketa urtarrilaren 20an egingo da, eta lortu ahal izango den sari potoloena 60.000 eurokoa izango da. Baina ez da bakarra izango: 2.000 euroko beste zazpi sari, 1.500 euroko zortzi, eta 1.000 euroko beste zortzi ere zozketatuko dira, notario aurrean.

Istorio sorta digitala, txartelarekin batean
Gure Esku Dago ekimenak salgai jarri dituen txartel hauek beste sorpresa bat ere badaukate, sariaz gain: Tripontzia: burujabetzaren bidean istorio sorta digitala deskargatzeko aukera.

Ane Labaka eta Nerea Ibar­zabal, Txakur Gorria sortzaileen kolektiboko kideek idatzitako 7 istoriok osatzen dute istorio sorta digitala eta Unai Gaztelumendi diseinatzaile eta ilustratzaileak egin ditu marrazkiak.

Erosten diren txartelen aurrealdean egon­go da komiki digitala lor­tze­ko kodea, eta bestaldean, zoz­ke­tan parte hartzeko zenbakia.

Gure Esku Dagotik gogorarazi dute «erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak denon laguntza behar» duela.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!