Mugikortasuna

Hiru ibilgailu berri erosi ditu Udalak, «mugikortasun jasangarriaren alde» eginez

Kronika - Erredakzioa 2020ko urt. 7a, 00:00
Udaltzaingoarentzako bi ibilgailu eta erabilera anitzeko bat erosi ditu Udalak.

Ibilgailuetako bi hibridoak dira, eta bestea, elektrikoa. Herritarrek ere «mota horretako ibilgailuak erostea bultzatu nahi» du Udalak, zerga hobarien bidez.

Udaltzaingoarentzako bi ibilgailu hibrido, eta erabilera anitzeko ibilgailu elektriko bat erosi berri ditu Udalak. Honekin, «mugikortasun jasangarriaren alde beste keinu bat» egin duela adierazi du, eta herritarrak ere animatu nahi ditu gauza bera egitera.

«Trafikoak sortutako kutsadurak kalte haundia eragiten du aire kalitatean. Kutsadura hori ahalik eta txikiena izateko motordun ibilgailuak ez erabiltzea da irtenbiderik onena», onartu du. «Dena den, horiek erabiltzen direnean, ibilgailu elektrikoen eta hibridoen erabilera sustatzea lagungarria da». Horrexegatik, «herritarrek ere mota horretako ibilgailuak erostea bultzatu nahi» du Udalak, eta gogorarazi du, horretarako, joan zen irailean onartutako tasen eta zergen ordenantzan jaso zirela ibilgailu horietarako hobariak: «indarrean dagoen ordenantzan %95eko hobaria dute, bost urtez. Ibilgailu hibdridoen kasuan, %75eko hobaria dute, hiru urtez».

Pauso bat gehiago
Udalak azpimarratu du «ingurumena zaintzea Hernaniko Udalaren zutabe nagusi bat» dela, eta bide horretan emandako pausoak gogorarazi ditu. Besteak beste, udal eraikinetan energia aurreztu eta ahal den heinean berriztagarriak jartzeko lanak, kaleko argiztapenean LED sistema jartzea, edo ikastetxeetan Euronet 50/50 programa martxan jarri izana.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!