Basque Team

Basque Teamek Igor Genua agurtu zuen eta Iñigo Llopis berriz saritu

Kronika - Erredakzioa 2020ko urt. 6a, 00:00

Igor Genua, Lide eta Amaia Erbina ahizpak eta Uribarri Barrutieta errugbilariak.

Gabonetako gala ospatu zuen elkarteak eta bi kirolariek sari bana jaso zuten; igerilariak emaitzengatik eta errugbilariak ibilbidearengatik.

Basque Team Fundazioa 2007an sortu zen eta bere xedea da baliabideak ematea euskal kirolari ez-profesionalei, nazioarteko goi mailako lehiaketetan parte har dezaten. Urtero Gabonetan gala antolatzen du eta aurten arte  bi kirolari hernaniar egon dira Basque Teamen laguntza jasotzen; Igor Genua errugbilaria eta Iñigo Llopis igeriketa egokituko igerilaria. 
2019ko galan urtean zehar gertatutakoaren errepasoa egin, eta bere hurrengo proiektuak aurkeztu zituen Basque Teamek eta bai Genua eta bai Llopis parte garrantzitsua izan ziren Bilbon antolatu zen ekitaldian. 
Bertan, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria, Maite Iturbe EITBko zuzendaria eta Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzailea izan ziren.

Kirola eta Fundazioa utzi dutenei opari txikia
Jon Redondo Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendariak opari txiki bat eman zien aurten goi maila, eta ondorioz Fundazioa, utzi duten kirolariei. Horien artean zegoen Igor Genua errugbilari hernaniarra. Errugbiko jarduna utzi du aurtengo denboraldian eta denen errekonozimendua jaso zuen oholtza gainean.  


Llopisek eguzkilore urdina jaso zuen urteko euskal kirolari onenekin batera
Horrez gain, Fundazioak ez zuen urteko kirolari onenen lana aitortzeko aukera pasatzen utzi nahi izan. Eguzkilore urdina eman zitzaien Diego Arana hockey jokalariari, Asier Garcia gurpil-aulkiko saskibaloi jokalariari, Patxi Peula patinatzaileari, Aitor Francesena surflariari, Virginia Diaz arraunlariari, Jon Rahm golflariari, Iñigo Llopis igerilariari, Iraitz Arrospide atletari, Maitane Etxeberria eta Ainhoa Hernandez eskubaloilariei eta Joan Crespo, Ander Elosegi eta Iñigo Peña piraguistei.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!