goiz eguzki

Goiz Eguzki jubilatuen etxea egoera estuan dago zuzendaritza faltagatik eta likidatzeko arriskuan

Kronika - Erredakzioa 2020ko urt. 5a, 00:00

Pasa den urrian Zuzendaritza Batzorde osoak bere dimisioa aurkeztu zuen eta datorren urtarrilaren 13an egingo da ez ohiko batzarra.

Hernaniko Goiz Eguzki Jubilatuen etxea egoera estuan aurkitzen da ez baita Zuzendaritza Batzorderako talde berririk aurkeztu. Horrek bere etorkizuna zalantzan jarri du eta horri irteera emateko datorren urtarrilaren 13rako ez ohiko batzarrera daude deituak bazkide guztiak. Arratsaldeko 17:30etan antolatu da batzar berezi hori eta bertan egongo dira, besteak beste, Xabier Lertxundi alkatea, Ongizateko gerentea den Joseleon Etxart eta gaur egungo Zuzendaritza Batzordea. «Jubilatuen etxea desagertzeko arriskua dago administrazioa bere gain hartzeko bazkide faltagatik. Inork ez du erantzunkizun hori hartu nahi» dio Zuzendaritza Batzordeak. 

14 urte eta gero dimisioa aurkeztu zuen Zuzendaritzak
Gogoratu behar da gaur egungo Zuzendaritza Batzordeak pasa den urriaren 21n dimisioa aurkeztu zuela, baita Lehendakariarena ere, 14 urte eta gero. Bazkideek otsailean egingo den bazkideen batzarrean baiezkoa eman behar diote Zuzendaritza berriaren osaketari, baina ez da talderik oraindik aurkeztu. Otsailerako batzarra arte orain arteko Zuzendaritzak jarraitzen du eta egun horretakoa izango da bere azken egitekoa, batzarra zuzentzea.
Hala ere, « bazkideak jabetu behar dira Lehendakari eta Zuzendaritza Batzar berria aukeratzen ez bada, Goiz Eguzki jubilatuen elkartea zuzendaritza organorik gabe geratuko dela, eta elkartea likidatu egingo dela, eta, ondorioz erregistroan baja emango zaiola» diote gaur egungo Batzordekideek. 
Horrexegatik, hori ekiditeko antolatu da datorren urtarrilaren 13ko, astelehena, ez ohiko batzarra, eta bertan hartu beharreko erabakiak hartuko dira. Zuzendaritza berria sortu edo elkartea likidatu.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!