Igeriketa

Gabonetan igeriketak albiste onak utzi ditu bailaran

Kronika - Erredakzioa 2020ko urt. 4a, 00:00

Hernaniko Sarian, Ordiziako Nazioarteko Sarian eta Bizkaiakoan hernaniar igerilariak sasoiko aritu dira.

Kirol asko geldirik daude Gabonetan, baina ez da hori igeriketaren kasua. Hainbat txapelketa jokatu dira eta horien artean Hernaniko 22garren Igeriketa Saria nabarmendu behar da. 

Pasa den abenduaren 28an Hernaniko igerilekuan Tolosaldea, Atletico, Buruntzaldea eta Hernaniko taldeak aritu ziren. Denen artean puntu batuketan Tolosaldeako Pablo Uzkudunek mutiletan eta Irati Arzallusek nesketan batu zituzten puntu gehien sailkapenean eta izan ziren sariko irabazleak. 
Bost proba jokatzen ziren eta igerilari hernaniarrak ere lortu zituzten dominak; Xabier Huitzik 100 tximeletan, Miren Uxue Garmendiak, Ane Artolak eta Jon Ander Izuzkizak 100 bularren, eta Intza Pagolak 100 libretan.

Hernaniarrak Nazioarteko Gabon Sarian

Hurrengo egunean Ordiziko Gabonetako Nazioarteko Saria jokatu zen. Euskal Herriko igerilari onenak zeuden bertan, baita Europa eta Mundu mailan dominak lortutako igerilariak ere. Hernaniko ordezkaritza ere egon zen. Enaitz Goñi 100 bizkar frogan aritu zen eta bere denborarik onena egin zuen 1:02.66, 19garren amaituz. 

Txapelketa berdinean eta egokitutako mailan Iñigo Llopisek bigarren egin zuen 50 libretan, Kerman Urretak hirugarren froga berdinean eta Garoa Etxabek bigarren.

 
Enaitz Goñik urteko markak 400 estiloetan eta 1.500 libretan

Igeriketa txapelketak ere beste lurraldeetara zabaldu ziren. Abenduaren 27an, Barakaldon Bizkaia Saria, jokatu zen eta bertan 2004an jaiotakoen artean markarik onenak bilatu zituen Enaitz Goñik 400 estiloetan eta 1.500 libretan. Bi frogetan urteko Euskadiko markarik onenak egin zituen, 2004 eta 2005ean jaiotakoen artean, 4:54.58 eta 17:06.72 denborekin.  Horrek aukera ematen dio Euskadiko selekzioan sartzeko, otsailean eta Las Palmasen, jokatuko den Espainiako Autonomi Arteko Txapelketan egoteko. Deialdia datorren astean jakingo da.

Llopisek Kazetarien saria

Azkenik, Iñigo Llopisek Gipuzkoako Kirolen Saria jaso zuen Gipuzkoako Kirol Kazetarien Elkartearen partetik. Kirolari onenaren hautagaien artean zegoen, Realeko neskek lortu zuten, eta Llopisek aipamen berezia izan zuen urteko kirolari hoberenen artean.  Llopisek 2019an brontzezko domina bat lortu zuen Munduko Txapelketan, bi Europako errekor lortu ditu eta Espainiako zortzi. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!