Erremontea

Txapela Urriza eta Larrañagaren aldera, final bizi bezain ederrean

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 29a, 00:00

Larrañaga, Urriza, Matxin III eta Barrenetxea IV, sariak jasota, finalaren ondoren. Argazkia: Maialen Andres

37-40 galdu zuen Endika Barrenetxeak, Matxin IIIrekin batera. Galarreta beteta zela eta giro ederrarekin, urdinak nagusitu ziren, 27-20ko kontrako markagailuari buelta eman ondoren.

Arratsalde haundia bizitu zuen Galarretak, atzokoan. Sekulako giroa izan zuen frontoiak, bete-beteta, Binakako Txapelketaren finalarekin. Eta horretan lagun­du zuten lau protagonista nagu­siek, ikuskizun ederra eskaini baitzuten, partidu bizi-bizia jo­katuta: Urrizak eta Larrañagak jantzi zuten txapela azkenean, Matxin III eta Barrenetxea IVri irabazita (37-40).

Nahiko hotz ekin zioten fina­lari, eta hernaniarraren bi sake­rekin eta Matxinek errebo­tera ondo jotako beste birekin egin zuten aurreneko tartea gorriek (6-2). Baina berdindu egin zen partidua gero, Matxinen hiru aka­tsekin (6-5); eta hortik au­rre­­ra, tanto zoragarriak jokatu zituzten denek: airez jaso eta dejadaz ederki erremata­tu­takoa Urrizak, sakea bildu eta pri­me­ran bukatutakoa Matxinek, defentsan sekulako lana egin ondoren bi paretaz bukatutakoa Barrenetxeak... 10-11 aurreratu ziren aurrenekoz urdinak, eta berdindutakoan, pelota aldatu zuten gorriek.

Orduan egin zuen min ge­hien saketik, hernaniarrak, eta 18-11 egin zuten ihes. Tartean jokatu zuten, beharbada, parti­duko tantorik onena, 37 pelotakadakoa: sekulako pelotak jaso zituzten Urrizak eta Barrene­txeak bereziki, eta hernaniarrak bukatu zuen, bi pareta altua barruan jarri eta sarera bidalita, ezin dotoreago. Ederra izan zen bolada horretako azkena ere, Ma­txinen eskutik, aurrean jus­tu-justu pelota jaso eta txapa gai­nean utzita.

Endika Barrenetxea pelota jotzen, finalean. Argazkia: Maialen Andres

 

Urrizaren nagusitasunari esker, partiduari buelta

20-12koarekin lortu zuten aban­taila haundiena gorriek, eta ur­dinak gerturatzen saiatu arren, 25-18 eta 27-20 ere izan ziren aurretik. Baina orduan hasi zen Urriza, bere maila onena ema­ten, aurretik ondo aritu bazen ere. Tantoak domi­natzen hasi zen, eta gorriek ezin bera jokoan sartzea saihestu. Iruindarrak ia segidan egindako lau tanto­re­kin, eta Matxinen zenbait huts tarteko, bigarrenez aurre­ra­tu ziren urdinak (30-31)... eta gorriek ez zuten berriro ber­din­duko.

Jokoan nagusi eta tantoak bukatzen, 30-33ra haunditu zuen tartea Urrizak, baina defentsan sekulako pelotak jasota eta erre­botetik tantoa borobilduta, txalo zaparrada haundiak jaso zituen Barrenetxeak ere, partidua bizi­rik mantenduz. Hala ere, bereari eutsi zion Urrizak, eta 32-37koa jarri zuen markagailuan.

Tartea arriskutsua zen dago­eneko, baina amorerik eman gabe, defentsa nekaezin aritu ziren Barrenetxea zein Matxin, eta aukera izandakoan, bikain bukatu zuten; zoragarria Ma­txinek bi paretaz jotako bat. Eta tanto bakarrera jartzea lortu zu­ten horrela (36-37). Orduan, txar­tzat jo zuten epaileek, Barrenetxeak zabalean jotako pe­lo­ta bat, eta berdinketarako au­keratik 36-38ra pasa ziren.

Saketik egin zuen 39garrena Larrañagak, eta huts nabarmena hurrengoan: Matxinen hankean jo zuen pelotak, eta minduta, aldageletara jo behar izan zuen aurrelariak. Handik bueltan, be­rehala bukatu zuen azkeneko tan­toa Urrizak, ezker paretan bizi jota (37-40).

10 tanto egin eta 4 galduta bukatu zuen Barrenetxeak, eta 16 tanto egin eta 9 galduta Ma­txinek. Urrizak, berriz, 17 egin eta 5 galdu zituen, eta Larrañagak 10 egin eta 6 galdu

Atzokoarekin, bosgarren txa­pela du Urrizak, eta estreinakoa Larrañagak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!