Erremontea

Finalerdietakoa irauli eta txapela irabaztea helburu, Barrenetxea IVak

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 28a, 00:00

Partidu parekatua espero dute lau finalistek.

Binakako Txapelketako finala jokatuko du hernaniarrak Matxin IIIrekin, Urriza eta Larrañagaren aurka.

Giro ezinhobea espero da arratsalderako Galarretako frontoian, 16:00etatik aurrera jokatuko diren lau erremonte partiduetan bigarrena, Binakako Txapelketako finala izango baita.

Aurrez aurre izango dira Matxin III eta Barrenetxea IV hernaniarra, eta Urriza eta Larrañaga. Badirudi hasiera batean azken hauek, urdinak izango direla faborito, finalerdietan 29 tantotan utzi baitzituzten aurkari berak. Baina protagonistek argi dute «partidu parekatuagoa» espero dutela.

Materialean bezala, estrategian ere aldea
Partidua parekatua izatea espero badute ere, ezagutzen dute elkar aurkariek; bereziki, Barrenetxea IVak eta Urrizak. Elkarrekin irabazi zuten binakako azken txapela biek, 2012an; hernaniarraren bakarra. Gauzak horrela, pelota desberdinak aukeratu dituzte, estrategiak ere desberdinak erabili nahi baitituzte. Gorriek pelota biziagoak eta hegaldi altukoak aukeratu dituzte, «Urriza jokoan sartzea saihesteko». Urriza eta Larrañagak, ordea, pelota lehorragoak  nahiago izan dituzte, hegaldirik hartzen ez dutenak, «Barrenetxeak min egitea saihesteko». Matxin III, berriz, bigarrenez ariko da finalean, eta Larrañagarentzat berria izango da esperientzia.

Beste hiru partiduetan aurrenekoan Zubiri goizuetarra ariko da Juanenearekin, Aldabe-Azpirozen kontra. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!