bertsolata

Puntako sei bertsolari gaur oholtzan, bertso jaialdian

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 28a, 00:00

Imanol Kamio eta Jexux Mari Irazu ere izan zituzten lagun Agirretarrek.

Egaña, Martin, Pagola, Arzallus, Iguaran eta  Martikorena ariko dira bertsotan; Lujanbio, gai-jartzen, 19:00etan.

Urte bukaerara gerturatu bezala, gero eta  gertuago dago Hernaniko Bertso Eskolak, Iraulio Panttalone Bertso Kabiyak antolatutako Bertsolataren bukaera ere. Baina ekitaldi potoloenetako bat falta da oraindik: bertso jaialdia.

Gaur izango da, arratsaldeko 19:00etan hasita, Biteri kultur etxean, eta puntako sei bertsolari igoko dira oholtza gainera: Andoni Egaña, Alaia Martin, Oihana Iguaran, Eñaut Martikorena, Eli Pagola eta Amets Arzallus. Gaia jartzen ariko zaiena ere, ez da nolanahikoa: Maialen Lujanbio bera ariko da lan horretan.

Sarrera guztiak gaur bertan jarriko dira salgai, emanaldia hasi baino ordubete inguru lehenago, Biteri kultur etxean bertan.

Bertso jarriek, arrakasta

Bertsolatari bukaera emateko, Urte Zaharreko erronda geratzen da oraindik. Aurretik, baina, makina bat ekitaldi izan dira. Azkena, ostegunean Agirre anaiek Imanol Kamio eta Jexux Mari Irazuren laguntzarekin eskainitako Auskalo zeinek jarriak emanaldia.

Bete egin zen Biteriko aretoa, eta Doberak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei eta emanaldiko protagonistei, bildutako dirua elkartea laguntzeko bideratu delako. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!