Haur antzerkia

Burbuilak eta musikaz jantzitako lau urtaroak, haurrei zuzendutako bi antzezlanen protagonistak

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 27a, 00:00

Biterin, 18:00etan izango da gaur 'Burbuilak' emanaldia. Sarrerak 3 euro balio ditu. Salgai daude urtarrilaren 2ko emanaldikoak ere.

Haurrei zuzendutako antzezlanekin gozatzeko aukera izango da Biterin, urtea bukatu eta berria hasteko. Gaur arratsaldeko 18:00etan ikusi ahal izango da aurrenekoa: 7 burbujas konpainiaren Burbuilak.

Hurrengoa, urtarrilaren 2rako antolatu da: Teatro Che y Moche konpainiaren Lau urtaroak: zein ziren eta zer dira.

 

Sarrerak salgai, bi emanaldietarako

Gaurko emanaldia 3 urtetik gorako haurrei zuzendutakoa izango da, eta 3 eurotan daude sarrerak salgai, Biterin bertan.

Testurik gabeko antzezlana eskainiko dute Esther Muñoz eta Israel Muñoz antzezleek, Isabel Muñozen zuzendaritzapean. Xaboi burbuilekin egindako komedia eroa da prestatu dutena, eta publikoa egingo dute protagonista. Burbuilek irudimena eta ametsak pizteko balioko dute, magiaz eta umorez beteta, eta horiekin gozatzeko gonbidapena luzatuko diete ikus-entzuleei.

Urtarrilaren 2ko emanaldia, bestalde, 6 urtetik gorako haurrei zuzendutakoa izango da, 65 minutukoa, eta musikaz lagundutakoa, eta sarrerak salgai daude emanaldi  honetarako ere, 3 eurotan, Biterin.

Kasu honetan, Teresa Plyvkaren zuzendaritzapean ariko dira aldi berean antzezle eta musikari lanak egingo dituzten Fernando Lleida, Elva Trullén, Tereza Polyvka, Kike Lera, Fran Gazol eta Joaquín Murillo. Vivaldiren Lau Urtaroak musika unibertsaletik sortutako komedia bat eskainiko dute. Sokazko musika tresnak jotzen daukaten abilezia erakutsiko dute, ikuskizun harrigarri eta dibertigarri baten bueltan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!