berriak elkartea

Begira Optikak aurten, herriko erakusleihorik politena

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 23a, 00:00

Hiru dendak jaso du bigarren saria, eta Laket dendak, aldiz, hirugarrena. Berriakek antolatuta, bigarren edizioa izan dute aurtengoa.

Gabonetako erakusleiho lehiaketa antolatu du Berriak Hernaniko merkatari eta ostalarien elkarteak, bigarren urtez, eta dagoeneko eman dute irabazleen berri. 

Begira Optikak eskuratu du lehenengo saria; bigarren izan da Hiru haur arropa denda eta hirugarren, aldiz, Laket arropa denda. Aitorpen modura, pasa den ostiralean banatu zizkieten sariak. 

Hiru kideko epaimahaia
Peio Gonzalez arte plastikoetan adituak, Maixa Ruiz Berriak elkarteko ordezkaria eta OnBit informatikako arduraduna eta Patxi Ibarguren Merkataritza eta Turismo saileko zinegotzia izan dira irabazleak hautatzeko ardura izan duten hiru epaimahaikideak. Herria zeharkatu eta erakusleiho onenak zeintzuk diren erabaki behar izan dute.

Urtarrilaren 6ra arte ikusi ahal izango dira parte hartu duten erakusleihoak.

17 partaide, aurten
Erakusleiho onenaren saria eskuratzeko lehian, 17 saltoki izan dira aurten parte hartu dutenak. Horiek guztiek apaindu dituzte beraien erakusleihoak; «Gabonetako argiekin batera, Hernaniri merezi duen giroa ematea» izan dute helburu. Urtarrilaren 6ra bitarte ikusi ahal izango dira horiek guztiak.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!