ERREMONTEA

Barrenetxea IV eta Matxin III finalean izango dira, Urriza eta Larrañagaren kontra

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 23a, 00:00

40-35 gailendu ziren herenegun, Juanenea eta Azpirozen aurka, Binakako Erremonte txapelketaren finalerdiko ligaxkan.

Erremonteko Binakako Txa­pelketak dagoeneko badauzka finalistak. Urriza eta Larrañagari, Barrenetxea IV eta Matxin III batu baitzaizkie; haiek lortu zuten herenegun, finalerako bigarren txartela. Hilaren 28an jokatuko dute, datorren larunbatean, arratsaldeko 16:00etan hasita, Hernaniko Galarretako frontoian.

Azken momentuan irabazitakoa
Hain zuzen, finalerdiko ligaxkako azkeneko partidua irabazita lortu zuten finalean egotea Barrenetxea IV hernaniarrak eta Matxin IIIak; 40-35 gailendu baitziren Juanenea eta Azpirozen aurka. 
Dena den, txartela ez zuten hasiera-hasieratik beraien eskutan izan. Are gehiago, azkeneko momentura arte, galtzeko arriskua izan zuten. Oso partidu orekatua izan zen, bi bikoteen artean, hunkigarria, baina distira falta izan zuen. Izan ere, nabaria zen bi bikoteek asko zutela jokoan. 
Azkeneko zatia izan zen erabakigarriena, Barrenetxea IVk eta Matxin IIIak finalerako txartela eskuratzeko. 34-35 galtzen zijoazenean, 6-0ko partzial batekin, markagailuari buelta ematea lortu zuten, 40-35 geratu arte.

Barrenetxea, nabarmenena zenbakitan
Datuei erreparatuz gero, Barrenetxea IV nabarmendu zen, baina alde haundiegirik gabe: denera 17 tanto egin zituen, eta 5 akats. Matxinek, aldiz, 11 tanto eta 5 akats. 
Eta aurkarien artean, aldiz, 16 tanto egin zituen Juaneneak, eta 7 akats; eta  5 tanto Azpirozek, eta 9 akats.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!