PRESOAK

Hainbat ekintza Etxerat eta Sarek, «egoera jasangaitz honi amaiera eman diezaiogun»

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 22a, 00:00

Gabonetan zehar kalera aterako dituzte beraien aldarrikapenak, eta herritarrei deia egin diete «guztion inplikazioarekin soilik lortuko baita aurrera egitea», azaldu dute.

Gabonak ate joka dauzkagu, eta egun horietako antolatu dituzten ekintzen berri eman zuten atzo Etxerat elkarteak eta Sarek Tilosetan egin zuten prentsaurrekoan.

«Familia askorentzat ez da sasoi gozoa; oraindik ere 264 preso baititugu Espainiako eta Frantziako estatuetan zehar sakabanatuta, gehienak oso urruti. Denboran izugarri luzatzen ari den egoera lazgarri honen ardura dute estatuek, legeek presoei aitortzen dizkieten eskubideak etengabe urratzen baitituzte », azaldu zuten.

Hori horrela, «eskubide- -urraketa horien amaiera exijitzeko, mobilizazioak ezinbesteko bihurtzen dira». Testuinguru horretan egingo dituzte, hain zuzen, Hernaniko ekintzak.

18 preso, Hernanin
Sarek eta Etxeratek elkarlanean antolatutakoak dira datozen egunotan egingo dituzten ekimenak: hainbat manifestazio eta 'Elkartasun-gunea' presoei mezuak edota opariak helarazteko (antolatzaileak arduratuko dira horiek banatzeaz).

Gogorarazi zuten «Hernanin 18 preso dauzkagula, gehien- -gehienak lehenengo graduan, eta Gari eta Ibon larriki gaixorik daudela». Horregatik, deia egin diete herritarrei antolatutako ekintzetan parte hartzera: «guztion inplikazioarekin soilik lortuko baita aurrera egitea. [...] Gabonetako ekimen hauetan urte luzeetako egoera jasangaitz honi lehenbailehen amaiera eman diezaiogun guztion artean».

 

 

EGITARAUA

ABENDUAK 24

19:30 'Hator, hator mutil/neska etxera' lelopean manifestazioa egingo da Hernanin, ohi bezala, eta amaieran preso ditugun herritarrak gogoratzeko kantu bat eskainiko diegu.

ABENDUAK 27

'Elkartasun-gune' bat irekiko dute, presoei norbere eskaintza egin eta elkartasuna adierazteko. Eguraldiaren arabera, herriko Kaxkoan bertan edo Tilosetan gune bat prestatuko dute bakoitzak bere ekarpena egiteko edota, hala dagokionean, bere idatzia edo oparia bertan uzteko.

20:00 Amaiera ekitaldia Tilosetan.

ABENDUAK 28

12:00 Manifestazioa Donostian, ume motxiladunak ardatz hartuta.

URTARRILAK 11

Nazio mailako manifestazioak, Bilbon eta Baionan. Autobusak jarriko dira bertaratzeko. Informazioa aurrerago zabalduko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!