Plenoa

2020ko Udal Aurrekontua onartuta, kontrakorik gabe

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 21a, 00:00
Aurrekontuen bileretan izandako «sintonia ona» nabarmendu zuen oposizioak.

EH Bilduren botoekin onartu zen Plenoan, eta abstenitu egin ziren EAJ-PNV, Orain Hernani eta PSE-EE. Egindako bileretako «elkar ulertze ona» nabarmendu zuten.

Ostegunean egin zuen Hernani­ko Udalak, ezohiko deialdian, urteko azkeneko Plenoa. Eta ber­tan onartu zuten 2020ko Udal Aurrekontua; kontrako botorik ez zen izan, gainera: abste­ni­tu egin ziren oposizioko hiru al­der­­diak, EAJ-PNV, Orain Her­na­ni eta PSE-EE; eta EH Bilduren aldeko botoekin onartu ziren.
Guztiek nabarmendu zuten, egindako bileretan izan den «elkar ulertze ona». Xabier Ler­txundi alkateak adierazi zuen, «modu positiboan» baloratu di­tuztela alderdiekin bilerak: «oso nabarmentzekoa da EAJren ja­rrera aldaketa eta elkarla­ne­ra­ko borondatea. Positiboak izan dira bilerak Orain Hernani eta PSE-EErekin ere, eta horien emaitza ikusi daiteke aurrekontuan. Oso emaitza ona da, alderdi guztien ekarpenak jasotzen dituelako; eta espero dugu legealdian ze­har hala izaten jarraitzea eta el­karlanean aritzea».

Isa Sanchez ogasun zinego­tziak azaldu zituen 29.549.159 eu­roko aurrekontuaren hain­bat xehetasun: «iazkoaren alde­an au­rrekontua txikitu arren, he­rri­tarrentzako zerbitzuak man­tenduko dira, eta ongintzaren aurrekontua %13 haunditu du­gu, bereziki langileen bal­din­tzak hobetzeko. Udalak ez du mailegurik eskatu beharko, bes­te behin». Eta era berean, aipatu zituen onartu diren oposizioko alderdien proposamenak. EAJ-PNVren bost emendakin txer­ta­tu dira, Orain Hernaniren lau, eta PSE-EEren hiru.

EAJko Jose Antonio Cuestak azal­du zuen, pozik daudela txer­ta­tu diren gaiekin, udaletxe­ko funtzionamenduari eta zerbi­tzuei dagokienean, «nahiz eta na­hiko genukeen atez atekoari buruzko eztabaida sartzea».

Orain Hernaniko Jaione Aris­­tregik berretsi zuen «bilera positiboak» izan direla, baina gehiago espero genu­en; konti­nuista iruditu zaigu au­rrekon­tua, beharbada legealdiko au­rre­nekoak direlako da. Onartutako proposamenak exkaxak irudi­tzen zaizkigu, baina konfiantza boto bat eman nahi diegu».
PSE-EEko Ricardo Cres­pok azaldu zuen, badaudela zen­bait gai «inoiz ados egongo ez ga­renak», baina emendakin par­tzialak ere aurkeztu zituz­tela: «emendakin horiek nego­ziatu genituen, eta sintonia ona egon zen bileretan. Abstenitzea erabaki dugu, gai batzuetan izan den elkar ulertze onagatik».

Zikuñaga papelerari baimena onartuta, haunditzeko

Gainerako gaien artean, onartu egin zuten baimena ematea Zikuñaga papelerari, haunditu eta beste eraikin bat jartzeko, behin URA agentziaren zein In­gu­rumen Sailaren txostenak ja­­so­ta; «baina baldintza eta be­te­behar batzuekin», Mattin Aldaia zinegotziak azaldu zuenez. Alde bozkatu zuten denek, Orain Her­nanik izan ezik; abstenitu egin zen: «ez zaizkigu gus­ta­tzen pa­peleraren ke eta usainak, baina abstenituko gara, txostenak alde dituelako eta 50 lanpostu berri sortuko dituelako. Baina hasi­e­ratik kontrolatu beharko da, baldintzak zorrotz betetzen direla», azaldu zuen Aristregik.
Aldiz, aho batez onartu zi­ren eskola kiroleko ereduaren be­rrespena, Udal Euskaltegiko zuzendari aldaketa, hitzarmena sinatzea Beterri Erro­tuz lane­­ra­tze enpresa kontra­ta­tzeko,  eta Dirulaguntzen 2020-2022 Plan Estrategikoaren onar­pena.

Eta onartu zen bai­­ta ere, EH Bilduren botoekin, Hernaniko Uda­leko, Ereñotzuko Auzo Uda­le­ko eta Ongintzako Plantilla Orga­nikoaren eta Lanpostuen ze­­rrenda. «Orain dela zortzi bat urte hasi zen lanpostuen balo­­ra­zioa, aurrekoa 1989koa baitzen. Azken emaitza ez da guk nahiko genukeena, Espainiako legediak asko mugatu baitu; baina oso lan aberatsa izan da, lan­gileek sekulako lana egin dute», adie­razi zuen alkateak. Abstenitu egin zen oposizioa: «ez gaude kontra, pozten gara behingoz egin delako balorazioa. Baina uste dugu lanpostu ba­tzuek ba­lo­razio sakonagoa behar luke­te­la», azaldu zuen Crespok. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!