Auskalo zeinek jarriak

«Bertso jarriari bere lekua eman nahi diogu, egun bat-batekoak presentzia gehiago duen arren»

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 21a, 00:00
Unai eta Eñaut Agirre Zaldibian egin zuten lehenengo emanaldi informalean.

Unai eta Eñaut Agirre anai bertsolariak, Imanol Kamioren musikaz lagunduta, 'Auskalo zeinek jarriak' saioa eskainiko dute ostegunean Biterin. Jexux Mari Irazu bertsolaria gonbidatu berezi bezala ere ariko da saioan laguntzen.

Eñaut eta Unai Agirre anai eta bertsolari hernaniarrak eta Imanol Kamio musikariak, Bertso Ka­biyak urtero Gabonetan an­to­latzen duen Bertsolatako egi­ta­rauan, Auskalo zeinek ja­rriak bertso saioan ariko dira.  Hori ostegunean izango da Biterin, 19:00etan hasita. 

Gainera, gonbidatu eta laguntzaile berezi eta estimatua izango dute bertan parte hartzen; Jexux Mari Irazu bertsolari aski ezaguna. «Emanaldian, Unai, Imanol eta hirurak aritzen gara eta Jexux Mari Irazu izango da gonbidatu berezia» aipatzen du Eñaut Agirrek. Hasiera batean Joxan Goikoetxea era parte hartzekoa zen, baina musikaria ezingo da egon.

2019an jarri zuten martxan emanaldi hau Agirretarrek eta Kamiok. «Maiatzean egin genuen lehenengo saioa Igartzan, Beasainen. Aurretik modu informalean aritu izan ginen, baina modu formalean ez. Aurretik anaia eta biok emanaldi bat eskaini genuen oso modu informalean Zaldibin bi urte segidan, baserri batean 30-40 lagunen aurrean. Gero hortik sare sozialetara egin zuen emanaldiak salto irudiekin, eta orduan jendea deika hasi zen. Emanaldi batzuk antolatu genituen, hauek ere modu nahiko informalean, afari edo bazkari bueltan, eta lehenengo deia Beasainetik jaso genuen, aretoan egiteko». Zalantza egin zuten posible ote zen bide horri ekitea, eta erabaki zuten baietz, baina modu landuago batean; eta horretarako, Imanol Kamioren laguntza izan zuten Agirretarrek. Ordutik hirurak dabiltza saioa oholtzatik oholtzara eskaintzen. 

A capella, musikatuak eta bertso zaharrak eta berriak
«Imanolek pianoarekin laguntzen gaitu, baina dena ez da musikarekin egiten» azpimarratzen du Eñautek. Zati bat erreserbatua daukagu a capella abesteko».

Bertso jarri historikoak eta egungoak nahasten dituzte. XIX. mendeko Xen­pelar osaba-iloben bertsoak, hau da, Juan Fran­tzis­ko Petriarena Rekon­do­re­nak eta Joxepa Antoni Aranberri Petria­renarenak izango dira tartean, adibidez. «Ideia nagusia da bertso jarriak izango direla. Batzuk zaharrak eta besteak berriak. Guk jarritakoak edo beste batzuek jarriak. Beste zati batean zaharrak abesten ditugu». 

Jexux Mari Irazuk bertso sail batzuetan hartuko du parte. «Irazu gure lankidea izan zen Kronikan, harreman oso ona daukagu, bertso mundutik ere bai; beraz, nahiko inguruan ibiltzen da, eta gonbidatzea pentsatu dugu. Ikusiko dugu aurrera begira agian  bertsolari hirukotea osatuko dugu». 

Beraz, Irazuren lehenengo age­rraldia izango da hau, Aus­kalo zeinek jarriak emanaldian.

Bertso jarriak beti izan dute lekua bertsolaritzan. «Garai batean ohikoa izaten zen, gaur egun hori ez da erabat hautsi nahiz eta bapatekoak presentzia gehiago eduki. Izkutuago egon da bertso jarria eta bere lekua eman nahi diogu pretentsio haundirik gabe, bere balioa eman nahi diogu. Kantaera aldetik ere ahalegina egiten dugu, a capella kantatze horrek bere balioa ematen dio. Erabat ez dugu uzten, nahiz eta musikarekin lagundutakoak izan tartean».

Dobera laguntzeko izango da, eta sarrerak 7 euroan daude
Sarrerak eros­teko Doberako bazkideek lehentasuna izango du­te, bihar arte. Hortik aurrera, he­rritar guztiei irekiko zaie au­kera. Sarrerak Dobera Euskara El­kartean egongo dira salgai, bai bazkideentzat eta baita baz­kide ez direnentzat ere, 7 eu­roan. Bildutako dirua Doberari la­gun­tzeko izango da.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!