ERREMONTEA

Matxin IIIk eta Barrenetxea IVk finalerako txartela lortu nahi dute gaur Galarretan

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 21a, 00:00

Barrenetxea eta Azpirozek pasa den urtean ere finalerdiak jokatu zituzten bata bestearen aurka.

Aurrelari azpeitiarra eta atzelari hernaniarrak Juanenea eta Azpiroz izango dituzte aurrez aurre Binakako Txapelketaren finalerdietako ligaxkaren azken partiduan 17:00etatik aurrera.

Binakako Txapelketaren azken finalerdia jokatuko da gaur Galarretan eta bertan Barrenetxea IV, erremontista hernaniarra, arituko da Matxin IIIrekin batera. Aurrez aurre Juanenea eta Azpiroz nafar gazteak izango dituzte eta garaileak, datorren larunbateko finalerako txartelak lortuko dituzte.

Jaialdiko bigarren partidua izango da eta 17:00etan hasiko da partidua gutxi gora behera. Bikote irabazlea Urriza eta Larrañagari gehituko da final haundian. Hauek ligaxkaren bi partiduak irabazi zituzten aurreko astean eta zortzi punturekin finalera sailkatu ziren beste emaitzaren zain egon gabe.
 
Gaurko bi bikoteak berriz beraien partiduak galdu zituzten Urriza eta Larrañagaren aurka. Hori bai, emaitza desberdinekin. Matxin eta Barrenetxea 29an geratu ziren eta Juanenea eta Azpiroz 38an. Azken hauek bi puntu batu zituzten eta bikote gipuzkoarrak bat bera ere ez. Hala ere, gaur irabazten duena sailkatuko da finalera tanteoari begiratu beharrik gabe. Bi bikoteak launa berdintzen badute sailkapenean, gaurko irabazlea da pasatzen dena euren arteko partidua hartzen baita kontuan berdinketaren kasuan.

Indarra eta segurtasuna batzen dituen bikotea dute aurrean

Horrexegatik dena edo ezerrez jokatzen dute gaur. Berez Matxin eta Barrenetxea dira faborito paper gainean, baina lehenengo partiduan erakutsi zuten bai Juaneneak eta baita Azpirozek ere, bikote sendoa osatzen dutela eta maila oso ona dutela. Gainera biak jokoarekin daude eta oso pelotari arriskutsuak dira. Juaneneak kolpe haundia du eta mina egiten du pelotari abiada bizia emanez. Azpiroz berriz beste motako atzelaria da. Oso segurua, pelota gutxi galtzen dituena eta nahiz eta tanto askorik ez egin peloteoan sendoa da eta irabazlea.

Horren erakusgarri da aurreko urteko finalerdietan gertatu zena. Orduan ere Azpiroz eta Barrenetxea ziren aurrez aurre. Hernaniarra Ansarekin batera eta Huizikoa Utergarekin. Orduan finalerdiak bi partidutara jokatu ziren eta bietan Uterga eta Azpiroz nagusitu ziren. Azpiroz finalera eta Barrenetxea kalean geratu zen. 

Egia da aurten bikote desberdinak direla, baina atzelari gazteak erakutsi zuen bere maila eta Juanenearekin batera konfiantza haundia ari dira erakusten. 
Gero gainera txapela irabazi zuten Uterga eta Azpirozek. Hori da Barrenetxeak nahi duena, txapela; baina horretarako gaur irabazi beharra dute berak eta Matxinek. 

Urtea borobiltzeko aukera du atzelari hernaniarrak
Barrenetxearentzat urtea borobiltzea izango litzateke Binakako finalera iristen bada. Aurten Banakakoa irabazi zuen eta ordutik maila oso altua ari da erakusten. Partidu guztietan atzelaririk puntakoena dela argi utzi du urtearen bigarren erdialdean. 

Matxinekin ongi konpontzen da, nahiz eta lehenengo partiduetan ez ziren ondo aritu eta konpondu bikote bezala. Barrenetxeak badu Binakako txapela, Urrizarekin lortutakoa 2012an, baina ordutik ez du ez txapelik ez eta finalik jokatu ere. Azken hiru urteetan Uterga izan da jaun eta jabe Endika, Etxeberria III eta Azpirozekin txapelak irabazita eta aurten Barrenetxeak  finala nahi du.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!