Neguko oporretan zer?

Makina bat ekintza sail ezberdinek, gaztetxoek neguko oporrez gozatzeko

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 19a, 00:00

Liburutegian aurkeztu zuten udal zinegotzi eta teknikariek aurtengo neguko oporren egitaraua.

Larunbatean emango diote hasiera 'Neguko oporretan zer?' programa bereziari. Txikienek zinea izango dute, 16:30etan hasita, Biterin; eta gazteenek, aldiz, txistor jana, Gaztelekuan, 16:30ak eta 20:30ak bitarte.

Bihar hartuko dituzte neguko oporrak Hernaniko ikasleek, eta horiei zuzenduta, hain zuzen, aurkeztu du egitaraua Udalak. Beste behin ere Udaleko «sail ezberdinek adostutako ekintzek» osatzen dute Neguko oporretan zer? egitaraua, Oier Agirresarobe euskara eta hezkuntza zinegotziak adierazi bezala. Larunbat honetan, abenduaren 21ean hasita, urtarrilaren 4ra arte jasotzen ditu ekintzak, hain zuzen.

 

Denetarik, denentzat

Urteroko ekintzaren berri eman zuen, baita ere, Agirresarobek: «jarduera fisikoa eta kirola sailak antolatuta, neguko ludoteka egingo dute kiroldegian, lau egunetan, goizez». Hilaren 23, 26, 27 eta 30ean izango da hori.

Bertan izango du bere txokoa liburutegiak: «urtero bezala, liburuz betetako karroak eramango ditugu», azaldu zuen Rakel Gonzalek udal liburutegiko arduradunak.

Baina beste bi ekintza izango dituzte, baita ere: komiki tailerra, Ainara Azpiazu 'Axpi'ren eskutik, eta Kaxkoko dendak: lehen eta orain lehiaketa. «Lehiaketarekin herriari bizia ematen diotenei dendei omenaldia egin nahi genien, eta herrian dagoen kezka bat ere ikusiarazi dugu», azaldu du Gonzalezek.

Urtero egiten duten lehiaketa bat da; herritarrek 8 galderei erantzun behar diote, eta horretarako liburutegiko bibliografiara jo. Aurten, ordea, «zailtasunak» izan dituzte, «ez dagoelako ezer dokumentatuta». Hori horrela, «herriko dendariekin eta jendearekin» osatu dituzte testuak. Urtarrilaren 3ra arte izango da aukera, parte-hartzeko. 3 erosketa-bono zozketatuko dituzte, galdera guztiak asmatzen dituztenen artean.

Liburutegiaz gain, gozatzeko aukera gehiago eskainiko ditu Biterik, Nagore Irastorza kultura teknikariak azaldu bezala. Kikoriki eta Elkano. Lehen mundu bira pelikulak jarriko dituzte; eta Burbuilak eta Lau urtaroak: zer ziren eta zer dira! antzerkiez gozatu ahal izango da.

Haur eta gazteria sailak ere antolatu ditu ekintzak. Argigrama tailerra egingo du familia osoarentzat; baita hainbat ikastaro gazteentzat ere. Horrez gain, Gaztelekuak ekintza eta irteera bereziak egingo ditu.

 

EGITARAUA

ABENDUAK 21

16:30 Haurrentzako zinea: 'Kikoriki'. Biterin.

ABENDUAK 22

16:30 Haurrentzako zinea: 'Kikoriki'. Biterin.

ABENDUAK 23

10:00-13:00 Ludoteka. Kiroldegian.

16:00-18:00/18:00-20:00
'
Argigrama'. Biterin. Izena eman behar da. Familia osoarentzat.

ABENDUAK 26

10:00-13:00 Ludoteka. Kiroldegian.

ABENDUAK 27

10:00-13:00 Ludoteka. Kiroldegian.

18:00 Haurrentzako antzerkia: 'Burbuilak'. Biterin.

 

ABENDUAK 28

16:30 Haurrentzako zinea: 'Elkano. Lehen mundu bira'. Biterin.

ABENDUAK 29

16:30 Haurrentzako zinea: 'Elkano. Lehen mundu bira'. Biterin.

ABENDUAK 30

10:00-13:00 Ludoteka. Kiroldegian.

11:00
Komiki tailerra. Izena eman behar da. Liburutegian.

ABENDUAK 31

11:00 Komiki tailerra. Izena eman behar da. Liburutegian.

URTARRILAK 2

11:00 Komiki tailerra. Izena eman behar da. Liburutegian.

18:00 Haurrentzako antzerki musikatua: 'Lau urtaroak: zer ziren eta zer dira!'. Biterin.

URTARRILAK 3

11:00 Komiki tailerra. Izena eman behar da. Liburutegian.

13:00 'Hernani, Kaxkoko dendak: lehen eta orain' lehiaketaren emaitza eta zozketa.

 

*12-17 urte bitarteko gazteei zuzendutako egitaraua: 'www.kronika.eus

 

 

 

 

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!