Hernaniko PSE-EE

PSE-EE abstenitu egingo da 2020ko aurrekontuen aurrean

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 18a, 00:00

748.261 euroko aldaketa dakarten 26 emendakin partzial erregistratu ditu Hernaniko PSE-EEk; horietako batzuk onartu dituzte.

Bihar izango da Hernaniko Udalaren urteko azkeneko plenoa, arratsaldeko 18:00etan udaletxeko pleno-aretoan. Bertan onartuko dituzte 2020ko udal aurrekontuak, eta Hernaniko PSE-EEk dagoeneko iragarri du abstenitu egingo dela. EH Bildurekin hainbat bilera izan ondoren, emendakin partzialekiko akordio «garrantzitsu batzuk» lortu dituelako.
Ricardo Crespo PSE-EEren bozeramaileak azaldu duenez, bere taldeak ezin ditu aurrekontuak babestu «diru-laguntza ideologikoak» ematen dituelako. Dena den, beraien artean dagoen «sintonia ona» kontuan hartuta, eta aurkeztutako 26 emendakin partzial batzuk onartu dituztela-eta, «konfiantza boto bat eta aukera bat» ematea erabaki dute, «Hernaniren eta herritarren onuragatik».


Emendakin batzuk, onartuta
Crespok azaldu du sozialisten taldeak sartu dituen emendakin partzialek 748.261 euroko aldaketa suposatzen dutela gastuetan. Emendakinak «sendo, funtsezko eta erabilgarriak» dira. 
Horien artean daude: kirol taldeei 80.000 eurora igotzea diru-laguntza; Udaletxeko teilatua konpontzen denean plaka fotoboltaikoak jartzea; Atsegindegiko markesina haunditzea; euskera ikastaroak antolatzea auzoetan; baita azterketa bultzatzea wifi publikoa jartzeko Auzo Elkarteen lokaletan. Horrez gain, onartu dute «pultsadoreak ezartzea Elkano eta Latsunberen arteko bidegurutzean, trafikoa bizkortzeko».

Gainera, egiaztatu dute emendakin batzuk ere badaudela Udalaren agendan: Elizatxo-Portu erdialdearekin lotzeko igogailua; liburutegiaren haunditzea eta beharrak lantzea; atzerapenak dauden udal sailetako pertsonalaren politika hobetzea; auzoetan partehartzea hobetzea hobekuntzak erabakitzerakoan; edota kanpo igerilekuen erabilpenak aztertzea.

Baztertu egin ditu, halaber, ondorengo hauek: eskola materiala erosteko 25.000 euro; herriko elkarteei tramiteekin laguntzeko kontratazioa egiteko 12.000 euro; 5.000 euroko partida atletismoko pistan eserlekuak jartzea aztertzeko; edo 25.000 euro hirugarren hizkuntza bat ikasteko. 

Dena den, kritikatu dute proiektuak mantendu egiten dituela zenbait diru-laguntza: Hobeki elkarteari (6.000 euro), eta Udalbiltzari (50.000 euro). Eta ez daude ados Zerbitzu Sozialetarako proposatutako lanpostu-zerrendarekin. 
Horrez gain, atez atekoa modu berean jasotzen dela diote, baita ere: «ezker abertzalea ez dago hondakin-sistemaren inguruko eztabaida piztearen alde», kritikatu du.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!