Udal Gobernu Taldea

«Herritarren oinarrizko zerbitzuak bermatuta daude»

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 18a, 00:00

EAJ-PNVren oharrari erantzuna eman nahi izan dio EH Bilduren Udal Gobernuak: «Udalaren ohiko zerbitzuek ondo funtzionatzen dute».

Aurreko asteko EAJ-PNVren oharraren harira, bere iritzia eman nahi izan du Udal Gobernuak: «EAJ-PNV zabaltzen ari den blokeo egoeraren irudi horrekin ez gaude ados. Udalaren ohiko zerbitzuek ondo funtzionatzen dute, herritarren oinarrizko zerbitzuak bermatuta daude».

«Obra batzuk exekutatzeko arazoak dauzkagu, egia da»
Oharrean onartzen dute hainbat arazo izaten ari direla: «Udalaren obra batzuk exekutatzeko arazoak dauzkagu, egia da; pertsonalean dauden hutsuneak eta lizitazio batzuetan sortu diren arazoak direla medio». Gainera, gogorazi dute: «administrazio publikoan langileen kontratazioak ezin dira enpresa pribatuan bezala egin. Oposizio lehiaketak egin eta lan-poltsak osatu behar dira. Denbora luzeko prozedurak dira eta horretan lanean ari gara», azaldu dute.
Beste hainbat kontu ere argitu nahi dituzte: «kontratazio publikoetan, pertsonalaren hutsuneez gain, lizitazio batzuk hutsik ere gelditu dira hainbatetan». Dena den, diotenez, beste udaletan ere gertatzen da, «edozein alderdi dagoela gobernuan. Eraikuntza arloa, krisialdiaz geroztik, oso kontzentratuta dago eta enpresa asko lizitazio haundienetan bakarrik aurkezten dira: Eusko Jaurlaritzako eta Foru Aldundien aurrekontu haundiko obrak edo udal haundien eskaintzak lehenesten dituzte. Horrek kalte nabarmena egiten digu udal txikiagoei».
Hori horrela, «Udalak aurreikusi dituen urbanizazio obrak, eraikin batzuetako birgaitzeak edota parke batzuen egokitzapenak atzeratu dira nahi baino gehiago. Baina horrek ez du Udala blokeatzen. Kultur etxea, kiroldegia, musika eskola, euskaltegia, liburutegia, herri lanak, kale garbiketa, tramiteak egiteko zerbitzua, zaharren egoitza, eskolen mantenimendua, enplegu zentroa… Zerbitzu horiek dira oinarrizkoak, eraginik garrantzitsuena dutenak pertsonen bizi kalitatean eta horiek bermatuta daude. Ez ditzagun bazterrak nahastu».

EAJ-PNVk «jarrera aldaketa»
Legealdi berrian «talde politiko guztien arteko harremanak eta komunikazioa hobetzea» daude erronken artean. 2020ko aurrekontua egiterakoan oposizioko talde guztei egin diete deia: «EAJ-PNVk aldaketa nabarmena izan du aurten. Beste urteetan, gure aurrekontu proposamenaren oinarrizko printzipioen kontra dagoela argudiatuta, negoziatzeko aukera baztertu izan du. Aurten, ordea, jarrera irekiagoa azaldu du. Pozten gara eta haien ekarpen batzuk txertatu ditugu.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!