Errugbia

Behar zuen aurrerapausoa

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 16a, 00:00

Lau entsegu egin zituen atzo Hernanik, eta hiru transformatu zituen.

Denboraldiko aurreneko garaipena lortu zuen atzo Hernanik Bartzelonaren aurka, Anoetako miniestadioan; 32-31.

Emozio haundiko partidua izan zen atzo Anoetako miniestadioan bizitakoa. Landare urak hartu zu­ela-eta, Donostian jokatu be­­har izan zuen Hernanik etxe­ko partidua, Bartzelonaren aur­ka. Baina zailtasun guztiei au­rre egiteko prest dagoen tal­dea da hernaniarrena, eta ha­laxe era­kutsi zuten atzo, den­bo­ral­diko aurreneko garaipena lor­tu­ta.

Atsedenaldira arte atzetik, baina pareko
Ez zirudien ezer aldeko izango zuenik Hernanik. Etxeko partidua etxean ezin jokatzeari gehitu behar izan zioten aurrez aurre Bartzelona izatea; sailkapenean 7garren dijoa, erdi-parean, eta Hernani, azkena.

Partidua hasi eta berehala nabarmendu nahi izan zuen bi taldeen arteko alde hori are­rioak, eta hirugarren mi­nu­tu­ra­ko aurreneko entsegua eta trans­formazioa egin zituen; 0-7. Hernanik, ordea, 15garren minuturako erantzun zion, berdin; 7-7. Atsedenaldiaren au­rretik beste entsegu bana egin zuten bi taldeek; 12-12.

Bukatu arte, galdutakorik ez
Atsedenalditik bueltan Bar­tze­­­lonak garaipenarekin etxe­ra­­tzeko asmoa erakutsi zuen. Zi­gor kolpe batekin Hernanik bi puntu bildu bazituen ere, Bartzelonak entsegua eta trans­for­mazioa, eta zigor en­tse­gua lortu zituen 55garren mi­nu­turako, eta markagailuan ihes egingo zuela ematen zuen; 15-26. Hernanik beste zi­gor kol­pe batekin beste pare bat puntu bildu zituen gero, baina Bartzelonak partiduko bos­garren entseguarekin erantzun zuen 68garren minutuan; 18-31.

Hernanik, ordea, ondotxo daki ez dagoela ezer galduta, bukatu arte, eta hortzak estutu eta presioa egiten hasi zen. Baita ederki bultza ere! 75 eta 80garren minutuetan hiru eta laugarren entseguak eta transformazioak eginda eskuratu zuen garaipena; denboraldiko aurrenekoa! Urtea bukatzeko ezin borobilagoa, hu­rrena urtarrilean jokatuko bai­tu, sailkapenean zortzigarren dijoan Cienciasen kontra.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!