Bertsolaritza

Dantza Añorgatik Astigarragara, azkenean Beñatek txapela Hernaniko Bertso Eskolara

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 15a, 00:00
Beñat Gaztelumendik jantzi du berriro Gipuzkoako txapela, eta Agin Laburu izan da bigarren, berriro, baita ere.

Buruz burukoan elkarrekin aritu ziren Hernaniko Irauliotarrak; Agin Laburu eta Beñat Gaztelumendi. Añorgarrak jantzi zuen azkenean txapela, bigarrenez, 940,5 punturekin. Astigartarrak 916 egin zituen.

Entzuleek gogotik goxatutako gi­roan kantatu zuten atzo Ilun­ben, Gipuzkoako Bertsolari Txa­­­­pelketako finalean aritu zi­­­ren 8 bertsolariek: Her­na­ni­ko Ber­tso Eskolako Beñat Gaz­te­­lu­men­­di añogarrak eta Agin La­­bu­­­ru astigartarrak tar­te­an, on­­­­doan zituztela Alaia Mar­tin oiar­tzuarra, Nerea Elus­ton­do legazpiarra, Oihana Igua­ran amasa-villabonarra, Ane La­ba­ka lasartearra, Beñat Li­za­so azpeitiarra eta Jon Maia urretxuarra.

Buruz burukora, hain zu­zen, agurrean Nerea Elustondok izen­datu zituen bezala, Her­na­niko Iraulio Panttalone Ber­tso Kabiyako bi kideak, Irau­lio­tarrak pasa ziren, Laburuk pun­tu bakarreko aldea besterik ate­ra ez bazion ere, Alaia Mar­tini. Finalean, berriz, Be­ñat Gaztelumendik jantzi zu­en txapela bigarrenez, eta as­­ti­gartarra bigarren izan zen. Txa­pel­dunari aitak, Xabier Gaz­te­lu­men­dik jantzi zion txapela, eta se­meak ez zuen ama ahaztu nahi izan agurrean bota zuen ber­tso hunkigarrian. Laburuk, be­rriz, umoretsu agurtu zituen en­tzuleak, jolasean, baina ber­tsokera propioaren alde al­da­rria egitea ahaztu gabe. Saioa bukatuta Kronikari ai­tor­tu zionez, «nire estiloaren mar­ka propioa utzi izanaren po­zarekin» bukatu zuen. 

Pailazo eta estralurtarren umoretik, gaixo eta langabetuen seriotasunera
Saioa orkorrean nahiko bide klasikotik joan zen. Hamarreko txikian gai serioagoak landu zituzten bertsolariek, eta puntuka umoretik aritu ziren gehiago.

Txalo zaparrada haundia jaso zuten, adibidez, Iguaran eta Gaztelumendik hamarreko txikian botatako bertsoek. Pailazoak zarete. Oholtza ixkinetik, aretoa pixkanaka betetzen ari dela ikusten duzue zuten gaia, eta Iruñeako Udalak Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldia debekatu nahi izanari egin zioten erreferentzia.

Bestalde, langabetuaren paperean fin aritu zen Gaztelu­men­di, eta Laburuk berriz, Her­na­niko errugbi inklusiboari erre­ferentzia eginez bukaera po­lita eman zion kartzelakoari, au­tismoa duen mutikoaren ai­ta­ren paperetik.  

 

HAMARREKO TXIKIAN
Iguaran eta Gaztelumendi
Marrazkiak bidali 
genitun aurrena
ea pixkat argitzen 
zitzaion barrena
ez det nere gain hartzen
Mayaren herrena.
Zuk begira jendeak 
ze poz dakarrena,
haurren irriparra da 
mendeku ederrena.

Mendeku mota hontan 
a ze bi aditu
ume denak txaloka 
aditu, aditu.
UPNk nahi zuen 
gurea gelditu,
Opusi ohi diote 
errez obeditu
ta sudur gorri batek 
ikaratzen ditu.

KARTZELAKOA: 
Esan eta esan aritu arren, 
ez entzunarena egiten dizute.
Agin Laburu
Gure sistema ez da aldatzen
eguzkitik eguzkira
ta hezkuntzara ez dakit zenbat
dei egin dedan guztira.
Soilik laguntza eskatzen det nik
ez det eskatzen gupida.
Baina jende ona badira
joan gabe urrutira
ondoren rugbi inklusibora
joaten da Hernanira
ta irripar bat ateratzen zait
harmailetatik begira.

KARTZELAKOA: 
Beñat Gaztelumendi
Gazte bizitzak noiz arte ote du
jarraitzen eta irauten?
Nireak behintzat gaur arte badu
nik adina biziraupen.
Nahiz ta umetzat, satelitetzat
askotan hartu ohi nauten
nik nire lanak beraiek bezain
ondo egin ditut aurten.
Afalostetan lan kontuetan 
gehiegi ez det jarduten
baina bizitzaz ea nork daukan
nik adina ezagupen
eta berdin zait nik diodana
besteek entzuten duten
nik nahikoa lan badaukat eta,
nire burua entzuten.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Agin Laburu.

«Oso sentsazio onarekin nijoa etxera, nire estiloaren marka utzi izanaren pozarekin geratzen naiz. Bakarkakoan sufritu dut gehien gaur ere. Baina banekien azkeneko bertsora arte borrokatuko nuela. Buruz burukoan ez nekien non nenbilen ere, ez nuelako espero. Baina poztu nau bertan autismoaren gaia landu izanak. Finalean egindakoarekin, zulotik atera izanaren sentsazioarekin geratzen naiz, oso urte zailak izan baititut bertsolari bezala».

 

Beñat Gaztelumendi.

«Saioa berezi pasa dut, emozio pila bat pasa ditut. Lanbro batean bezala nago, emozio asko aldi berean, baina pozik nago, finalean gustura aritu naizelako, asmatu dudalako. Ondo joan da finala, momentu batzuetan publikoa lehertu da. Buruz burukoan Agin ere oso ondo ikusi dut eta ez nekien nork irabaziko zuen. Denok utzi dugu gurea eta denok izan dugu aukera; final batean hori da onena. Ni kartzelakoan askatu naiz, eta oso pozik noa. Banekuan gogoa horrelako zerbait botatzeko».

 

Bertso sorta ederreko finala, bi 'Irauliotarrek'

6.000 ikusle ingururen aurrean kantatu zuten zortzi finalistek, Ilunben. Eta zozketak erabakitako ordenean, bigarren tokian aritu zen Agin Laburu, eta zortzigarrenean Beñat Gaztelumendi. Egin beharreko lanak zehaztu zituen Ion Zaldua gai-jartzaileak, eta epaimahaikideak ere aurkeztu zituen; horien artean, Amaia Otxotorena Gamio hernaniarra.

Donostiari eskaini zion agurraren hasiera Agin Laburuk, gogora ekarriz bere «noria haundi bezain garestia», eta nabarmendu zuen dena ez dela betiko:
«toka liteke behekuak iyo/eta goikuak jeistia». Beñat Gaztelumendik, berriz, Reala Anoetan jokatzen ari zen partiduari egin zion erreferentzia aurrena, «Messi Reale Arenan, eta hementxe berriz gu»; eta agurra bukatu zuen, esanez beraien onena emango zutela zortzi bertsolariek:« dakigun final onena
eskaini nahi dizuegu/nork bere ahotik baina gurea egingo degu».

Zortziko haundiari ekin zioten segidan, eta Agin Laburu eta Jon Maia izan ziren aurrenekoak. Obrako segurtasun neurriez aritu ziren, eta Laburuk aurpegiratu zion dena planfletoz betetzen aritzen zela, baina teilatu gainean babes neurririk hartu gabe... «hurrena behintzat lot zak arnesa, ta behintzat jartzak kaskua».

Ane Labakarekin aritu zen Beñat Gaztelumendi, zortziko haundiko txanda ixteko. Hauxe izan zuten gaia: Urteak daramatzazue enpresa bateko zuzendaritzan lanean. Zuri Ane, iruditzen zaizu, zuzendaritzara heldutako belaunaldi berriak ez zaituztetela kontuan hartzen; Beñatek ez du hala uste.
«Gure aurka erabiltzen dute, desobedientzia/ez dute kontutan hartzen, daukagun esperientzia», adierazi zion Anek; eta Beñatek erantzun: «gazteek (...) apurtu beharra daukate/kasu gehigi eginez gero, seinale txarra litzake». Eta bigarren bertsoan jarraitu: «Orain aukera ederra degu, haiengandik ikasteko».
«Bileretara joaten naiz orain, ta Beñat ez nago lasai/nere ahotsa entzuten ez den tokian ez det egon nahi», bota zion Anek, eta Beñatek bukatu: «haiek helduko dira eta gu, gaztetu egingo gera».


Zortziko txikian, umorea protagonista

Zortziko txikiari heldu zioten segidan, Nerea Elustondorekin aritu zen Agin Laburu: Agin aita eta nerea alaba zarete. Zuen etxean inoiz zaletasunik izan ez bada ere, Nerea etorri zaizu, boxeoan hasi nahi duela esanez. Umoretsu aritu ziren biak.

Aginek bota zion hasieratik, zer egin dezakeen boxeoan aritu nahi badu: «attonan dentadura mesillan daukazu»; eta Nereak erantzun, «aitona joaten omen zan, Urtain ikustera». Dentaduraren «enkantuekin» segi, eta etxean tresna gehiago ere badauzkala esan zion Aginek: «guantiak ere dira, fregaderakuak». Nereak galdegin zion orduan, «ezker krotxeta zer den, ba al dakizu aita?». Eta baietz erantzun zion Aginek, ikusleen barre algarak eraginez: «amonaren krotxetak baitira onenak, bakailuanak eta urdaiazpikuanak». Baina boxeorako gogoa ez zitzaion pasa Nereari: «ni joango naiz zuri gustatu ala ez».

Txanda ixteko kantatu zuen Beñat Gaztelumendik berriro, zortziko txikian ere. Beñat Lizasorekin aritu zen, gaia emanda: Lagunak zarete. Zuk Gaztelumendi, zerbait esaten duzun bakoitzean, gaia edozein dela ere, Lizasok beti gehitu behar izaten du azken hitza. Eta umoreari heldu zioten haiek ere.

Gaztelumendik ekin zion, nazkatzen hasia dagoela esanez: «beti daukazu zerbait esana beharrik/ia ez det sinesten lagunak geranik». Lizasok erantzun: «dena baldin badakit, ez da nere kulpa». Gaztelumendik kontra egin zion: «Ez, ez dakizu dena, hori ez da horrela/txapa daukazu galanta itzela/jakinda normalean luzerako dela/egiten det entzungo banizu bezela». Lizasok argitu zuen: «asmo txarra daukadanik ez dezu usteko/zu besteen aurrean gaizki gero ez uzteko». Gaztelumendik bota zion: «gero zu zera gaizki geratzen zerana». Eta Lizasok bukatu: «Beñat uste det bioi egingo digula on/ni hasiko naiz eta zu ixilik egon».


Puntu erantzunetan, autonomoak eta etxeko lanak

Langile autonomo baten azaletik kantatu behar izan zuen Agin Laburuk, puntu erantzunetan. Hauexek izan ziren astigartarraren hiru bertsoak:

«Ekintzaile izan nahi eta zenbat traba
nik ere ezagutzen det bertatik bertara
inoiz baja bat hartu gabea naiz hara
horrela segitzeko baina nahikoa da.

Zu zara langile ta zu zara nagusi
nagusi txarragorik bat ez det ikusi
lan egin behar baitet, jaiegun ta guzi
ta kontu korrontea halere itsusi.

Gaixorik egon arren ezin utzi lana
hori da destinua tokatu zaidana
nagusi ta langile ez baitira bana
nahi badezu etorri zaitez guregana».

Beñat Gaztelumendirentzat, berriz, etxeko lanak izan ziren puntuak erantzuteko gaia:

«Zenbatero garbitu ohi duzu komuna
ba bihar naiz izango den biharamuna
dutxa ta komunean badaukat jarduna
egin behar delako tokatzen zaiguna.

Gaur egun inork ez du erabiltzen plantxa
nik erabiltzen dedan, al dezu zalantza?
askok hartzen didate utziaren antza
halare zuzentzeko, badet esperantza.

Zenbait aritzen dira garbia garbitzen
Beñat gutxienez ez da horrela ibiltzen
nahiz ta besteak diren dotore ipintzen
ni beste nonbaitetik aterako nintzen».


Dolua eta pailazoak, oso bestelako bi gai hamarreko txikian

Eta binakako azkeneko ariketan, hamarreko txikian, Alaia Martinekin aritu zen Agin Laburu. Hauxe izan zuten gaia: Duela egun batzuk, zuen lagun batek bere buruz beste egin zuen. Inguruan, gertatutakoaz ezer jakin nahian sumatzen duzue jendea.

Eta hauexek, osatu dituzte sei bertsoak:

Agin:
«Eskutiz hotz batekin esana adio
hori ezkutatzeak ez digu balio
halere familia hor dabil propio
eta ixiltasuna badu ondorio
mesede horrek orain nori egiten dio?»

Alaia:
«Hutsune handi bat dut barruan eztulka
mesede ez du egiten denok ixilduta
azken baten ez baita gu guztion kulpa
ezin dugu jarraitu ixil ezkutuka
mina txikiagoa da partekatuta»

Agin:
«Hortan arrazoi dezu ez gera bi bando
eta kontrakorikan ez dizut esango
errudun sentitzen da hemengo ta hango
ba sendiak gordeta baldin badu ondo
zabalduko duena ez naiz ni izango»

Alaia:
«Baina ixiltasunak kutxa puskatu du
denak ze aurpegi, keinu eta ze apuru
bizitza ta heriotza ez dira bi mundu
sozializatzea hartu nahi nuke helburu
drama honetatik zerbait ikasiko dugu»

Agin:
«Zerbait ikastia da egindako zina
baina toka liteke nahi eta ezina
guk sufrituagatik bestiek adina
errespetatzia da onena jakina
bakoitzak bere erara pasatzen du mina»

Alaia:
"Ba nik daukadan minak ez dauka etenik
berak igual ez du nigan atsedenik
ez da maskara argi zuzen ta gardenik
eskerrik asko Agin muxu bat hemendik
zurekin mintzatzeak mesede egin dit»


Oihana Iguaranekin kantatu zuen Beñat Gaztelumendik, ariketa horretan; eta sekulako txalo zaparradak eragin zituzten. Honakoa izan zuten gaia: Pailazoak zarete. Oholtza ixkinetik, aretoa pixkanaka betetzen ari dela ikusten duzue. Iruñako Udalak Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldia debekatu nahi izanari egin zioten erreferentzia, biek.

Oihana:
«Pixkana doaz sartzen ume eta heldu
denen ilusioa suma dezakegu
emanaldi onena eskainiko degu
jendeari eskerrak indartsu gaude gu
udalak hustu zuna, herriak bete du»

Beñat:
«Anaitasuna bete degu hola hola
lehenengo filan haur bat baba dariola
hango muxugorria ta horko pottola
nahiz ta aulkitan ez den ikusten inola
ziur Enrique Maya begira dagola»

Oihana:
«Akaso egongo da gordeta ordea
gure emanaldia ikustea hobea
ze lehendik faltan dauka berak umorea
eta gure hizkuntza nahi luke gordea
ea kutsatzen zaio gure kolorea»

Beñat
«Ez zaiozula jarri horrela zepoa
kontu berezia da udaletxekoa
berez behar lukeena gure antzekoa
euskalduna haientzat beti ertzekoa
haien mundua baita zuri-beltzekoa»

Oihana:
«Marrazkiak bidali genitun aurrena
ea pixkat argitzen zitzaion barrena
ez det neregain hartzen Mayaren herrena
zuk begira jendeak ze poz dakarrena
haurren irriparra da mendeku ederrena»

Beñat
«Mendeku mota hontan a ze bi aditu
ume denak txaloka aditu, aditu
UPNk nahi zuen gurea gelditu
Opusi ohi diote errez obeditu
ta sudur gorri batek ikaratzen ditu»


Adingabeen zentroak eta lan mundua, bakarkakoa osatzeko gaiak

Eta finaleko aurreneko zatia bukatzeko, bakarka aritu ziren zortzi bertsolariak, gaia emanda, nahi zuten doinu eta neurrian. Azkeneko ariketa izan zuten hori, buruz burukoaren aurretik.

Hauxe izan zuen bakarkako lanerako gaia, Agin Laburuk: Adingabeen zentro bateko arduraduna zara. Langileak behar dituzue, baina inork ez du zuenean lan egin nahi. Eta honakoak, haritu zituen hiru bertsoak:

«Begirada bat ezkutatua edo ahopeko burla
mundu guztiak norantza hortan jartzen ote du brujula?
Motxila haundi bat daukate haurrek, ezin da ahaztu sekula
baino motxila nola kentzen dan zeinek ta nola kalkula
beti bera pelikula, beti bera pelikula
inork gainera etorri nahi ez, hau da hau karga mardula
esan beharrik ez dute noski, traba egiten degula

Batak bestea tira dezake, ta batak bestea bultza
zentroan dena orekatu nahi, burua eta gorputza
desberdina da kultura eta desberdina da hizkuntza
nik eskeintzen det esku bat eta eskeini nahi det hezkuntza
hori baita gure funtsa, hori baita gure funtsa,
halere inor ez da etortzen mundu hortatik honuntza
eta nik biak behar nituzke, bai lana ta bai laguntza.

Hipokresia izanagatik, gure gizarteko gaitza
beti berdina ez da izaten, jasotzen degun emaitza
bakardadea senti daiteke, diskriminazio latza
baina harrera zentrotan ere, zein dan daukagun ardatza
denak horretantxe datza, denak horretantxe datza
zurien mundu honekin nahiz ta sarritan egin zalantza
jende on asko badago eta, ez det galdu esperantza».


Beñat Gaztelumendiri, berriz, lan munduaren gaia tokatu zitzaion: Langabezia saria kobratzen daramazu urte erdia. Lan eskaintza bat jaso duzu, baina langabezia saria baino gutxiago kobratuko duzu. Honakoak bere hiru bertsoak:

«Igaro ditut mila bulego eta hamaika atari
kurrikuluma beso azpian lan eske kontu-kontari
bestaldekoak itxuraz dena entzuten du nahiko adi
ordea gero horren emaitza askotan ez da nabari
lan eskaintza bat ailegatu zait, ez da etorri opari
jatetxe baten ta sukaldean, bazkari eta afari
hamarna ordu asteburutan, bostehun bat euro sari
gaur egun lana deitzen diote esklabu izateari.

Sei hilabetez nere buruan pixkanaka joan naiz hezten
nere gastuak ta kapritxoak ahal zen gisan bereizten
zegoen lekuan jasotzen eta, ez zegoen lekuan jeisten
tamalez nere patrikan dauden zuloak ez dira ixten
seirehun euroko alokairu bat, merkegi ona irizten
ta jakiak ze garesti dauden ere zaila da sinisten
nahiz ta saiatu aurrezten eta bankuan daudenak pizten
beti gordetzen, beti gordetzen, ta inoiz ez zait iristen.

Nere aurretik zenbat pertsona diren hemendik igaro
behar duena zukutu nahian, zenbat nagusi pikaro
eskua daukat dardarka baina nere txistuari trago
telefonoa hartzeak nahiz ta sortu nahiko erreparo
bizi bakarrik egin nahi det nik ez det izan nahi esklabo
ikasten pasa nituen nere haurtzaro eta gaztaro
ta ezezkoa erantzun diot zergatia garbi dago
duintasunak balio baitu lan batek baino gehiago».


Bien arteko besarkada, buruz burukoari ekin aurretik

Orduan iritsi zen, Iraulio Panttalone Bertso Kabiyarentzat unerik bereziena: Agin Laburu eta Beñat Gaztelumendiren izenak aipatu zituzten buruz burukorako, eta besarkada beroa eman zuten biek, azkeneko bertso erabakigarriei heldu aurretik.

Binaka kantatuz ekin zioten buruz burukoari. Sei puntuko motzean aritu ziren aurrena. Gaia, hauxe: Urruneko planeta bateko biztanleak zarete. Zuen planeta susntsitzear dela eta, bizitzeko toki batera heldu zarete, lurrera. Zuri Agin, planeta egokia iruditzen zaizu, zuen espeziea bizitzeko. Beñat ez dago horren ziur.

Agin:
«Konkista degu bertute
ta bizirautian truke
hau konkistatu behar degunik ez zaude zu uste
nik hala egingo nuke
eta hobe dezu zuk e
ze gainontzian eurek bakarrik suntsituko dute»

Beñat:
«Ai nere Agin pikaro
besteen odolari trago
hauen planeta galtzea ez zen izango arraro
Trump bertatik da igaro
beste asko bezela klaro
espazioan ez al geundeke askoz lasaiago?»

Agin:
«Trumpek sortzen du ikara
begiratuz begitara
eta lurra da portzelana fin-finezko kikara
espazioa ez da traba
baina Beñat hara hara
zuk lasai bizi nahi dezu baina aspergarria da»

Beñat
«Espazioko ospela
aspergarria ez dela
zerorrek ere badakizu Agin neronek bezela
futbola eta txapela
dena lehia ta txepela
esango nuke extralurtarrak beraiek direla»

Agin:
«Futbolista, bertsolari
nola txiki hala haundi
espezie hori desagertuta entzun zazu adi
poztuko dira ugari
zergatik ez hortan ari
ta fabore bat egingo diot unibertsuari»

Beñat
«Unibertsoa hiltzera
nahi dezuna horixe da
halare lurra ez da guretzat moduko aukera
gu lurrera azaltzera
joan aurretik galtzera
esnebidera joan gaitezen trago bat hartzera».


Eta puntukako lana ere osatu zuten binaka, futbolari buruz: Reala eta Bartzelonaren partidua ikustera etorri zareten bi futbolzale katalan zarete. Nahastuta, Anoetara joan beharrean, Ilunbera etorri zarete. Umorez jositako bertsoak osatu zituzten elkarrekin. Hauek dira horietako hiru:

«Hara oholtza gainean Pique eta Messi
txalo jotzia besteik ez dute merezi
noiz txalo noiz ixildu ezin det bereizi
hau elizan bezela altxa eta jaitsi»

«Terroristen zentro bat deitzen zaio honi
Euskal Herrian bada nahikoa agoni
Goretex ta Quechuak hainbeste harmoni
hain gauza gutxirako hainbat zeremoni»

«Alperrik ari ziren ekin eta ekin
hainbeste bertso bota behar zanik enekin
ta hau noiz bukatzen dan nola ezin dan jakin
azkar ixil gaitezen azkar buka dadin»


Kartzelarako gaia, askatasun haundikoa

Bakarka kartzelan egin zuten lanarekin itxi zuten finaleko bertsoaldi puntuagarria. Askatasun eta aukera haundikoa izan zuten jarritako gaia: Esan eta esan aritu arren, ez entzunarena egiten dizute.

Agin Laburu izan zen kantatzen aurrenekoa. Autismoa duen haur baten aitaren azaletik aritu zen astigartarra, eta Hernaniko errugbi elkartearen talde inklusiboari ere egin zion erreferentzia, bukaeran. Hauxek bere hiru bertsoak:

«Nere semeak autismoa du, denek jakin dezatela
gaixotasun bat izan daiteke, baina ez da hain ergela
laguntza behar du Jonek eta laguntza hori dena dela
bereiziz gero bi gela, seguru lortzen ez dela
nik Hezkuntzari eskatu diot, laguntza eman dezatela,
ta beti baietz esanagatik, entzun ez balu bezela.

Ez dakit nahita edo nahi gabe, baztertu gaitun munduak
eta etxian sentitzen gera gizartetik urrunduak
ez dira igualak etxean eta gobernuko helburuak
arbelak ta liburuak, ez baitira seguruak
ingurunera egokitzeko lan egiten du buruak
baina umera egokitzeko zer egin du inguruak?

Gure sistema ez da aldatzen, eguzkitik eguzkira
ta Hezkuntzara ez dakit zenbat dei egin dedan guztira
soilik laguntza eskatzen det nik ez det eskatzen gupida
baina jende ona badira, joan gabe urrutira
ondoren rugby inklusibora joaten da Hernanira
ta irripar bat ateratzen zait harmailetatik begira».


Bestelako bide bat hartu zuen Beñat Gaztelumendik. Honakoak bota zituen berak:

«Hogeita hamabi urte beteta bizi honetan ze talai
hamasei urte beteta hasi ginen parrandetan alai
ta izan ginen gure karrera ahal bezela lortzeko gai
asko lanean hasi ginen ta, askok oraindik han darrai
nik bikoterik ez det ordea, nere etxean nere zain
aurretiazko eskemak beti izan dira nere etsai
koadrilakoei esaten diet ta ez dute entzuten ai
nik ez dudala beraiek bizi diren bezela bizi nahi.

Askotan hala esaten dute, ‘ea noiz zentratzen haizen’
ta gauza gutxik naute zentratu, hitzak adina gogaitzen
zentratzea da bukatu nahia alokairu bat ordaintzen
galdera asko egin gabe ta, hiru ume txiki zaintzen
larunbat gauez tabernek naute goxatzen eta alaitzen
gaztetan bizi nintzen bezela horrelaxe det jarratizen
ez nintzen molde horretan sartu neretzat estua baitzen
ta ezin duzue imajinatu, ze zoriontsua naizen.

Gazte bizitzak noiz arte ote du jarraitzen eta irauten?
Nereak behintzat gaur arte badu, nik adina biziraupen
nahiz ta umetzat satelitetzat askotan hartu ohi nauten
nik nere lanak beraiek bezain ondo egin ditut aurten
afalostetan lan kontuetaz, gehiegi ez det jarduten
baina bizitzaz ea nork daukan nik adina ezagupen
eta berdin zait nik diodana, besteek entzuten duten
nik nahikoa lan badaukat eta nere burua entzuten».


Eta finaleko emaitza guztiak ezagutu ondoren, eskerrak emateko garaia iritsi zitzaien biei, azkeneko agurrean:

Agin Laburu:

«Pailazoek sudurra, magoek txistera
eta bertsolariak berezko hizkera (bis).
Nahiz dardarka hurbildu, tabladu ertzera
zuek eskertu gabe ez noa etxera (bis).
Ta hala bazan eta ez bazan
berriro bertsoen plazan elkartuko gera».


Beñat Gaztelumendi:

«Bertso eskola bukatzean
nor egoten zen gure zain?
Gaixo geundenean nor zen
min denak goxatzeko gai?
Guk festa egin genezan
nork ez zuen egiten jai?
Ta nork eraman gintuen
sabel barruan bi anai?
Nahiz ta igual ez zenuen
gaur protagonismorik nahi,
ama, hau zuri eskeini
gabe ez nengoke lasai,
ama, hau zuri eskeini
gabe ez nengoke lasai.
Xabierren semea naiz
ta Pilirena ere bai».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!