Hernani Solidarioa

«Iragana txarra izan bada ere, ez zaio itxaropena edukitzeari utzi behar»

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 15a, 00:00

Neiha Ahmad artista (ezkerrean), inauguraziora gerturatutako lagun eta herritarrekin, 'Soledad' koadroaren ondoan.

Giza eskubideen inguruan antolatutako Hernani Solidarioa programaren barruan erakusketa jarri du Neiha Ahmad artista gazteak.

Giza Eskubideen Egunean eman zitzaion hasiera Hernani Solidarioa egitarauari, eta Migranteen Egunean, abenduaren 18an bukatuko da. Tartean, Neiha Ahmad artista gazteak jarritako erakusketa ikusi daiteke, Biteri kultur etxeko pasiloan.

Pakistanen jaio zen Neiha Ahmad, eta Hernanin bizi da egun. Erakusketarako, 8 hilabetetan egindako 9 lan bildu ditu, «inoiz entzuten ez ditugun ahots horiei ahotsa jartzeko, gertatzen ari dena salatuz, eta pertsona bakoitzak aldaketa sozialerako duen ardura nabarmenduz». Hain zuzen, koadroetan iragana, oraina eta etorkizunari egin die keinu. «Nire iragana txarra izan zen. Baina iragana txarra izan bada ere, ez zaio itxaropena edukitzeari utzi behar, etorkizuna hobea izango dela pentsatzeari ateak itxi behar».

Horretarako, norberak egiten duen bidea islatu du bere lanetan. «'Soledad' koadroan, adibidez, bakarrik dagoen pertsona irudikatzen da. Ez dauka inor, baina bere arimaren argia dauka. Bakarrik dagoenak horretan jarri behar du arreta», azaldu du. Era berean, 'Libertad' lanean «norbera bere barruan zigortuta egoten dela» ere irudikatu nahi izan du. «Bakoitza den bezalakoa da, eta ez luke aldatzeko beharrik izan behar, besteek onartzeko. Bakoitza desberdina da, eta ez dugu inor epaitu behar, bere irudia besterik ez baitugu ezagutzen, ez dakigu besterik».

Pelikula eta antzerkia
Zikloa asteazkenean bukatuko da, eta ekintza gehiago izango dira. Etzi, asteartea, Tiempo de lluvia pelikula jarriko da Biterin 19:00etan. Asteazkenean, berriz, gazte antzerkia eta testu irakurketa izango dira Urumea Herri Gunean.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!