Prentsa oharra

Udala blokeo egoeran dagoela adierazi du EAJ-PNVk

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 14a, 00:00

«Ez dugu osoko zuzenketarik aurkeztu 2020ko aurrekontuei, baina 2019 exekuzioa aztertuta kudeaketa desblokeatzea da lehentasuna».

Hernaniko EAJk prentsa ohar baten bidez Gobernu taldeak aurkeztutako aurrekontuen balorazioa egin du eta alderdi jeltzalearen ustetan Udala blokeo egoeran dago. «EH Bildu taldeak aurkeztutako aurrekontu proiektua kontuan hartzeaz gain, oso garrantzitsua izan da, baita ere, 2019tik aurtengo azarora bitarteko aurrekontuaren gauzatze mailaren azterketa. EH Bildu taldeak aurkeztutako proiektuaren azterketatik bi ondorio atera ditugu: batetik, EAJrentzat oinarrizkoa zen aldaketa bat gertatu dela, eta lotuta dagoela alderdi politiko guztiek zinegotzi liberatu bat izateko aukera izatearekin, nahiz eta modu partzialean izan. Eta bestetik, zinegotzi guztien jatorrizko soldata errespetatuko dela». 

Horregatik bakarrik, EAJ-PNVk ez du osoko zuzenketarik aurkeztuko diote oharrean.  Hasiera batean, 15 zuzenketa prestatu zituen, Andoni Amonarraizek, EAJren bozeramaileak. 

«Zuzenketa gehienak ahaztu behar izan ditugu Udalaren egoera larrialdikoa delako eta bost baino ez ditugu aurkeztu»

Baina EAJK dio, «2019ko aurrekontuaren exekuzio maila aztertu ondoren, gehienak ahaztu egin behar izan dira. Udalaren egoera larrialdikoa da, eta lehenengo proposamenak udal-kudeaketa desblokeatzera bideratuta joan behar du, eta urteak onartua daramatzan guztia martxan jartzea. Horregatik guztiagatik, EAJ-PNVk bost zuzenketa baino ez ditu aurkeztu:

«Inbertsioen partidatik 400.000 euro kentzea, 2019ko gerakinaren zain, gure ustez berriz ere ikusgarria izango dena, eta programa bat abian jartzea Hirigintza, Zerbitzu Publikoak eta Kontratazio sailetarako arkitektoak, abokatuak eta administrariak kontratatzeko eta, horrela, udala libratzeko eta erabat operatibo bihurtzeko».

«Hirigintzako proiektu teknikoak partidatik 15.000 euroko partida bat erabiltzea, atez atekoa eta 5. edukiontziarekin egindako hondakin-bilketaren kostua eta sistema bat eta bestea erabiltzen ari diren bi udalerritan (Hernanin eta Beasainen) lortzen ari diren emaitzak jakin ahal izateko».
«Gazteentzako eta adinekoentzako alokairuetarako partida 28.000 eurotan haunditzea; izan ere, 2019an eskatutako laguntzak ikusita, 2020rako geratzen dena ez zaigu nahikoa iruditzen».

«Bete dadila, langileak kontratatzeko orduan, Desgaitasunaren Lege Orokorrak (enpresa guztiek, gutxienez, desgaitasunen bat duten langileen % 2 izatea) eta Parekidetasun Legeak diotena».

«Diruzaintzako gerakinaren %10 (gutxienez 200.000 euro) erabiltzea 2.000.000 eurotik gorakoa bada, irisgarritasun-arazorik ez duen etxebizitza erosteko, proposatu dezagun beren etxebizitzetan irisgarritasun-zailtasunak dituzten adinekoek okupatzea. Pertsona horien etxebizitzak libre geratuko lirateke, eta udal kudeaketara pasatuko lirateke, haien jabeekin egindako hitzarmen baten bidez». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!