Udala

Gabonetan neguko ikastaroak antolatu dira gazteentzat

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 14a, 00:00
Uxue Bereziartua 'Berexi'k emango du sormen tailerra.

Argazkilaritzarekin lotutako bi, sormen tailerra eta parkour ikastaroak izango dira, doakoak dira eta astearte arte eman daiteke izena.

Hernaniko Udaleko Haur eta Gazteria arloak hainbat ikastaro antolatu ditu Gabonetarako. Doakoak dira eta izena emateko epea asteartera arte, abenduaren 17ra arte, dago. Argigrama lantegia, kopia analogikoak mobileko irudi digitaletik, sormen tailerra eta parkour tailerra izango dira. Izenemateak Biterin egin daitezke, Gaztelekuan eta parkour-erako ere kiroldegian. Nagore Legarreta, Uxue Bereziartua Berexi eta Raul Mihai dira irakasleak. Argigrama lantegia abenduaren 23an izango da, kopia analogikoak mobileko irudi digitaletik ikastaroa urtarrilaren 4an, parkour ikastaroa abenduaren 23, 26 eta 27an emango da eta sormen tailerra Berexik  abenduaren 26, 27, 28 eta 30ean. Berexik bere ikastaroa nolakoa izango den azaltzen  du.

«Udaletik deitu zidatenean tailerraren helburua batik bat orri txuriari beldurra kentzea zela azaldu zidaten, marrazten ikastea baino gehiago. Nik ere ez dakit eta marrazten, nola erakutsiko diet beste batzuei. Orduan, beldurrarenari tiraka jolas eta ariketatxo batzuk planteatu nahi ditut. Ideia bat bisualki orri batean (edo beste edozein euskarritan) plasmatzeko aukerak bilatzea. Esperimentatzea. «Ondo» marrazten ez dakigunontzat ere sorkuntzan lekua badela erakustea».

Zeri buruz izango den galdetuta, Berexiren hitzetan, ilustrazioa eta marrazkigintza lantzea da helburua. «Baina irekita nago datozen gazteek dituzten nahietara egokitzeko. Egun batean collagea landu nahi bada, ba aurrera. Edo beste arte plastiko batzuk. Helburua ikusizko arteekin sormena lantzea da. Erabiltzen den materiala edota teknika gutxienekoak dira. Ez inor sorkuntzatik aldentzea teknika bat ondo ateratzen ez zaiolako. Gaiak ere norberak nahi dituenak. Bakoitzaren motibazioek bultzatzen ez bazaituzte ezinezkoa da zerbait sortzea».

Ziurrenik egongo da zerbait gorputza aktibatzea eskatzen duena eta «apur bat denetatik erabili nahiko nuke, denetatik probatzeko. Gero bakoitzak bere gustukoenak bila ditzan. Lau egun dira, eta honek gutxirako ematen du. Beraz, edonork etxean eduki ditzazkeen materialak erabiltzea da ideia. Txikitatik ditugun arkatz horiek hartu eta bigarren bizitza bat ematea adibidez. Ilustraziogintzarako ez da beste munduko materialik behar».

Printzipioz dena bertan edukiko dute. «Baina tira, ondo legoke ikastarora datozen gazteek hausnarketa txiki hori egitea. Zer behar dut nik sortzeko? Etxetik dituzten materialak bilatu eta kartapazio batean ekartzea. Ariketa polita izango litzake» dio Berexik.

Argazkilaritzarekin ongi pasatzeko aukera paregabea

Nagore Legarretak bi ikastaro emango ditu. Abenduaren 23an Argigrama tailerra. «Argazkiak egiteko modu berezi bat da argigrama. Argazki papera erabiltzen da, argira ateratzen denean hasten da iluntzen. Orduan hori interbenitu dezakezu kimikoki edo pintzelekin eta sortzen dira argi-ilunak. Oso esperimentalak eta ikusgarriak  dira. Ez da ezerrez eman behar». 

Urtarrilaren 4an nerabeentzat mugikorreko irudiak errebelatuko dituzte. «Garai bateko  teknika argazkiak errebelatzeko teknika erabiliko dugu. Gazteei eskatzen diogu mugikorra ekartzeko. Garai bateko teknika eta gaur egungo teknologia uztartu eta paperera pasako dituzte».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!