Atzoko egunarekin, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunarekin hasi eta Migranteen Nazioarteko Egunera, abenduaren 18ra arte, Hernani Solidarioa jardunaldiak antolatu dituzte herriko hainbat eragilek, «giza eskubideen urraketa desberdinak ikusarazi eta salatzeko». Atzo, besteak beste, hilaren 20ra arte ikusgai egongo den erakusketa inauguratu zuen Neiha Ahmad artistak: Bide bat argirantz.
Gaur, berriz, liburu bat aurkeztuko da: Argia aldizkariak Inor ez da ilegala proiektuaren baitan argitaratutakoa eta Hernaniko Udalak diruz lagundutakoa; Mikel Garcia kazetariak eta Pape Niang senegaldarrak idatzitakoa, hain zuzen. Pape Niang: hasiera berri bat liburuan kontatzen da idazlearen beraren migrazio istorioa. Aurkezpenean kazetaria eta Pape Niang senegaldarra bera izango dira, eta euskeraz egingo da nagusiki, nahiz eta gaztelaniarako itzulpena ere egingo den.
Film laburrak, ostiraletik aurrera
Jardunaldiekin jarraitzeko, Zine eta Migrazioen Nazioarteko 2019ko Jaialdiko film labur eta luzemetraiak ikusi ahal izango dira, ostiralean eta hilaren 17an.
Ostiralean, film laburrak jarriko dituzte, 19:00etan hasita Biterin, eta doan. Lau ikusi ahal izango dira: Aneni (Ingalaterra, 16 min.), Libertai (Brasil, 19 min.), Riski (Alemania, 15 min.), El poder del pasaporte (Mexiko, 37 min.). Laburmetraia, berriz, hilaren 17an jarriko da, 19:00etan baita ere: Tiempo de lluvia (90 min.)
Jardunaldiekin bukatzeko, berriz, abenduaren 18an, Migranteen Nazioarteko Egunean, gazteen antzerkia eta testu irakurketekin gozatu ahal izango da Urumea Herri Gunean, 18:00etan.