hernani errotzen

Iñaki López de Luzuriaga, Baskoniako Dukerriaren estatus politikoaz ariko da etzi

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 8a, 00:00

Hernani Errotzenek 'Errotzen (h)astea' antolatu du asteartean eta asteazkenean. Biterin, 19:30etan, Dukerriaren inguruan ariko dira eta etzidamu 'Arantzazu harriz herri' dokumentala eskainiko da.

Hernani Errotzenek antolatuta, datorren astean izango da Errotzen (h)astea. Bi zita jarri dituzte aurten: etzi asteartean, Baskoniako Dukerriaren esta­tus politikoaz ariko da Iñaki Lopez de Luzuriaga, 19:30etan Biterin; eta hurrengo egunean, asteazkenean, Arantzazu, ha­rriz herri dokumentala jarriko dute, ordu eta toki berean. Dokumentala euskeraz eta gaztelaniaz eskainiko da.

Baskonia Dukerriaren estatus politikoa (768-801)  hitzaldia Iñaki Lopez de Luzuriaga itzultzaile eta Euskal Wikilarien Elkarteko batzordekideak emango du. Euskaldunak eta karolingiar iraultza: Akitania eta Baskonian barrena liburuan oinarritua hitzaldiaren sarrera hitzak ondorengoak izango dira: «Akitaniako Gerra amaitzear zela (767), euskaldunek atarian ikusi zuten karolingiar etsaia. Ataka horretan, Pepin eta Karlos erregeekin hitzarmenetara heldu ziren gerra saihesteko. 778an, ordea, indar karolingiarrak Baskonian barrena oldartu ziren, eta Orreagako Batailan galdu». 

Arantzazu harriz herri dokumentala eskainiko da asteazkenean. Duela 50 urte, Arantzazuko basilika artearen eta arkitekturaren Euskal Herriko erreferentziazko leku bilakatu zuen Oteizaren 14 apostoluak bere lekuan jartzean. Izan ere, Jorge Oteizaren lanak 15 urte baino gehiago iraun zuen debekua jasan zuen. Urteurren hori dela eta, Nabarralde Fundazioak Arantzazuren inguruko dokumentala argitaratu du
Dokumentala Hernanin bertan estreinatu zuten irailean Orona Ideon eta orain Biterira etorriko da.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!