Futbola

Azkeneko minutuan jaso zuten Hernaniko mutilek atzo, penaltiz, berdinketaren gola

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 7a, 00:00
Hernaniko jokalari bat atzo, Eibarko hainbat kontrarioren artean ihes egin nahian, bi taldekidek laguntza eskaintzen dioten bitartean.

Denbora luzez aurretik joan ondoren, puntu bakarrarekin konformatu behar izan zuten txuri-berdeek, Eibar liderraren kontra. Gaur, Beasainen ariko dira Euskal Ligako neskak, 16:30etan.

Porrotarik ez, baina kolpe haun­dia jaso zuen Hernanik atzo, mu­tilen Ohorezko Erregional mailan. Eibar liderra hartu zu­ten txuri-berdeek, Zubipen; eta berdinketa lortuta ere, zapore gaziarekin utzi zuten zelaia. Bai jokalariek, eta baita zaleek ere.
Izan ere, jaieguna aprobe­txatuz, asko izan ziren Zubipera gerturatu zirenak, partidua zu­zenean ikustera. Eta ondo hasi ziren gauzak, atzo eguerdian: partidu berdinduan, aurreratu egin ziren txuri-berdeak, mar­kagailuan (1-0).
Aurretik izanagatik ere, eta liderraren kontra aritu arren, ez zuten atzera egin hernaniarrek. Sendo aritu ziren atzean, eta aukera zuten bakoitzean, era­so­ra jo zuten, bigarren gola lor­tzeko asmoz. Horrela, asko kosta zitzaion liderrari, gol au­kera garbiak lortzea.
Partiduaren bukaera, ordea, erabat zoroa izan zen, Zubipen. Bost minutu falta zirenean, 85garren minutuan, izan zuten aukera garbiena eibartarrek: atezain hernaniarrarekin au­rrez aurre geratu zen aurrelari armagina, bakar-bakarrik, bai­na ondo eutsi zion txuri-ber­de­­ak, eta huts egin zuen eibar­ta­rrak, kanpora jaurtita. Jokoz kanpo zegoela egin zuten pro­testa, Zubipeko zaleek eta jo­ka­lari hernaniarrek. Eta ez zen azkeneko protesta izango...
Hortik minutu bakarrera, Hernaniko jokalari bat kaleratu zuen epaileak, bigarren txartel horia erakutsita. Eta soilik bes­te minutu bat pasa zenean, Ei­ba­rko jokalari bat izan zen, aldageletarako bidea hartu zu­ena, berak ere bigarren txartel horia ikusi ondoren.
Eta txuri-berdeek partidua lasaitzea lortu zutela zirudie­ne­an, Eibarren erasoko jokal­di batean, lurrera joan zen haie­tako bat, eta penaltia adierazi zuen epaileak. Partiduko azke­neko minutua zen. Alperrik izan ziren jokalari eta zaleen protestak, eta atezaina engaina­tuta, gola egin zuen Eibarko jokalariak, berdinketa jartzeko.
Hortaz, lidertzatik puntu bakarrera gerturatzetik, berriro lau puntura geratzera pasa zen Hernani, aukera ezin hobeak ihes egin ondoren.

Euskal Ligako neskak, Goierri Gorriren zelaian gaur
Gaur jokatuko dute, aldiz, Eus­kal Ligako neskek. Etxetik kan­po ariko dira, Beasaingo Loinaz zelaian, Goierri Gorri taldearen kontra. Arratsaldeko 16:30etan izango da hori.
Lau porrota jarraian jaso ondoren, aurreko asteburuan eten zuten bolada txarra herna­niarrek, etxean irabazita; eta beste garaipen baten bila joango dira, sailkapenean hobeto bai, baina urruti ez dagoen kontra­rio baten zelaira. Seigarrena da Goierri Gorri, 21 punturekin; eta 15 puntu dauzka Hernanik, be­de­ratzigarren postuan. Momentu onean daude goierritarrak, de­na den: azkeneko lau partiduetatik, hiru irabazi dituzte, eta soilik Eibar bigarrenaren zelaian jaso dute porrota (2-1).
Gaur bertan jokatuko duen beste talde txuri-berdea, Liga Na­zionaleko mutil jubenilena  izango da. Zubipen ariko dira haiek, arratsaldeko 16:00etan, Barakaldoren kontra. Partidu zaila izango dute, zortzigarrenaren kontra; baina pun­tuak pi­la­tu beharra dau­kate, be­heko postuetatik ateratzeko.
Beste bi partidu ere izango dira Zubipen, bihar goizean. 10:00etan jokatuko dute neska infantilek, eta 12:00etan mutil kadeteek. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!