ERREMONTEA

Semifinaletara pasatzeko, 26 tanto nahikoa Barrenetxeak

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 7a, 00:00
Barrenetxea, erremate bat egiteko prest, Endika atzean duela; elkarren kontra ariko dira gaur. Argazkia: Maialen Andres

Gaur jokatuko du ligaxkako azkeneko partidua hernaniarrak, Juanenearekin, Matxin III eta Endikaren kontra; 16:00etan, Galarretan.

Bukatzear dago aurreneko fa­sea, Binakako Txapelketan; eta osteguneko emaitzekin, ia ziur­tatuta dauka semifinaletara pa­sea, Endika Barrenetxea her­na­­niarrak. Gaur jokatuko du li­gax­­kako azkeneko partidua, eta nahi­koa izango du 26 tanto lortzea, Juanenearekin batera, hurrengo fasera pasatzeko.
Arratsaldeko 16:00etan ha­si­ko da jaialdia Galarretan, eta bigarren partiduan ariko dira, Matxin III eta Endikaren kontra. Ondoren, ligaxka ixteko, jokatu­ko dute Urriza eta Larrañagak, Ansa II eta Ionen kontra.

Atzelarien artean bigarren oraingoz, Barrenetxea
Bikote konpletoak beharrean, postu bakoitzeko hiru erremon­tista onenak pasako dira semi­finaletako ligaxkara. Eta atzela­rien arteko lehian, biga­rrena da hernaniarra, oraingoz; Azpiroz izango da aurrenekoa, ziur.
19 puntu dauzka Barrenetxe­ak, 18 Endikak, eta 12na Ionek eta Larrañagak. Gainera, gutxi­e­nez bi puntu lortuko ditu her­naniarrak gaur, bi atzela­rien artean tanto gutxien lortze­ko­­tan; bestela, lau puntu. Bi pun­tu horiekin, bederatziko aban­taila izango luke, Ion eta Larrañaga­rekin, eta soilik partiduko mar­ka­gai­lu­agatik puntu negatibo bat jasotzeak (25 tanto edo gu­txi­agoan geratuz gero), izango luke arriskuan pasea. Ionek eta Larrañagak 8 puntu lortu ditza­kete gehienez: irabazteagatik 4 puntu, eta atzelari onena iza­te­a­gatik beste 4.
Zailagoa dauka, aldiz, Jua­nenea bikoteak. 13 punturekin, laugarren dago, eta aurretik dauzka Matxin III (18 puntu) eta Urriza (16 puntu). Atzetik dago Ansa II, 12 punturekin. Borroka estua izango da lauen artean, beraz, gaurko partiduetan pasea lortzeko. Aurreneko postuak, jabea dauka ostegunetik: Uterga izango da, 30 punturekin.
Txapelketako bikote sendo­ena izan da orain arte, Utergak eta Azpirozek osatu dutena. Jo­katutako lau partiduak irabazi dituzte, eta horietatik, hirutan izan da aurrelari onena Uterga, eta bitan atzelari onena Azpiroz. Urriza eta Larrañaga menderatu zituzten ostegunean (40-38), be­raien azkeneko partiduan.

Semifinaletarako bikoteak osatzeko dantza, gaurkoan
Zein erremontistak egingo du­­ten aurrera bakarrik ez, gehia­go ere egongo da jokoan, gaurko bi partiduetan. Izan ere, aldatu egingo dira bikoteak, semifina­letarako; eta honela osatuko dira: aurrelari onena, hiruga­rren atzelariarekin; bigarren au­rrelari eta atzelaria elkarre­kin; eta atzelari onena, hiru­ga­rren aurrelariarekin.
Hortaz, ikusmina piztuko du, bikoteak osatzeko dantza horrek. Konbinazio posible guz­tiak daude aukeran, Uterga eta Azpiroz berriro elkarrekin ari­tze­koa izan ezik. Bikote hori­ek manten­duko dira txapel­ke­taren bukae­rara arte, eta semi­fina­letako bi bikote onenek jokatuko dute finala.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!