Erabaki Hernani

Herritarren 11 proposamen txertatuko dituzte Udal Aurrekontuan, Erabaki Hernani prozesutik

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 7a, 00:00
Erabaki Hernani prozesuko koordinatzaileek eta talde eragileak aurkeztu zituzten emaitzak, ostegunean.

1.200 herritarren botoekin, aukeran zeuden 22 proposamenetatik, erdia gauzatuko ditu Udalak, datorren urteko aurrekontuan txertatuta. Barazki eta fruta dendetatik poltsak erretiratzeko kanpaina izan da bozkatuena.

Dagoeneko jakinarazi dute, Era­baki Hernani prozesuko zein proposamen aukeratu dituzten herritarrek, 2020ko Udal Aurre­kontuan txertatzeko. Ostegune­an aurkeztu zituzten azkeneko emaitzak, eta aukeran zeuden 22 proposamenetatik, erdia gau­zatuko ditu Udalak: 11 propo­sa­men jasoko ditu, datorren urte­ko aurrekontuak.

Proposamen guztien artean, bozkatuena izan da barazki eta fruta dendetatik poltsatxoak erretiratzeko kanpaina egitea, 789 botorekin. Haren atzetik, sailkatu dira Kaxkoko argiteria publikoa LEDera aldatu eta horietan smart teknologia jar­tzeko proposamena; eta herriko haurrek diseinatu duten soka­dun parkea egitea. Gauzatu egingo dira hiru horiek, beste zortzi proposamenekin batera.

Ez da aurrera eramango, ordea, Zubipe futbol zelaiaren harmailen az­pi­an solairuarteko bat eraikitzeko proposamena, biltegi modura erabiltzeko. Ha­marga­­rren proposamen boz­ka­tu­e­na izan da, baina 124.407,36 euroko aurrekontua dauka; eta bere txanda iristerako, 66.836 euro bakarrik geratzen ziren, boto gehiago zeuzkaten propo­sa­menen aurrekontua kenduta.

 

1.264 herritarrek, botoa

Urriaren 28tik azaroaren 24ra bitarte izan dute bozkatzeko aukera, herritarrek; eta guz­ti­ra, 1.264 izan dira, botoa eman dutenak. Horietatik 64 balioga­beak izan dira, erroldan ez ego­tea­gatik, datu pertsonalak ez zehazteagatik, edo 10 propo­sa­men baino gehiago edo gutxiago bozkatzeagatik. Beraz, 1.200 boto izan dira baliodunak: 783 he­rri­tar, 16 urtetik gorakoak; eta 417 ikasle, 8-15 urtekoak, ikas­tetxeetan bozkatu dutenak, Inmakuladan, Hernani BHIn eta Ereñotzuko Txirritan.

783 boto horietatik, 451 jaso dira webgunearen bitartez, guz­tien %57,6a; eta gainerakoak, 332 boto, buzoietan (%42,4).


ERABAKI HERNANI 2020 - AUKERATUTAKO PROPOSAMENAK

2020 urtean, barazki eta fruta dendetatik poltsatxoak erretiratzeko kanpaina egitea (789 boto) 10.000 euro

Kaxkoko argiteria publikoa LEDera pasatzea, eta horietan 'smart' teknologia ezartzea (722 boto) 125.000 euro

Herriko haurrek diseinatu duten sokadun parkea egitea (721 boto) 104.000 euro

Garbigune ibiltariaren zerbitzua sortzeko, kamioneta txikia eta erremolkea eskuratzea (688 boto) 66.000 euro

Adinekoei tramite ofizialak betetzeko laguntza teknikoa auzoetan, hilean bi orduz (672 boto) 9.075 euro

'Nere borda' parke botanikoa birgaitzea (659 boto) 50.000 euro

Teknologia berrien inguruko ikastaroak adinekoentzat auzoz auzo (638 boto) 1.089 euro

Bertako produktuen ekoizpena sustatzeko diru-laguntzak ematea herriko ekoizleei (630 boto) 50.000 euro

Festa eta ekintzetan edalontzi berrerabilgarriak erabiltzeko lanketa eta sentsibilizazio-kanpaina (601 boto) 18.000 euro

Zubipe eta Landareren artean dagoen aparkalekua egokitzea (554 boto) 33.396 euro

Auzoen eta erdigunearen arteko mugikortasuna errazteko, bizikletak gordetzeko kaiola itxiak (529 boto) 36.300 euro*

*33.440 euroko aurrekontuarekin gauzatuko da. Kopuru hori da 500.000 eurora iristeko geratzen zena, eta horrekin egingarria dela baieztatu dute udal teknikariek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!