RAFA EGIGUREN

«Ezaugarri bat da txipiroiek bere beltza erabiltzen dutela arriskuaren aurrean»

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 7a, 00:00
Plaza eta Tiloseta elkartzen dituen tunela da Rafa Egigurenentzat «Hernaniko zentro neuralgikoa, energia guztia batzen duena».

Azken lana argitaratu berri du Rafa Egiguren Rekaldek (Hernani, 1948): 'Txipiroiak bere beltzean': 13 ipuinek osatutako bilduma. Bihar, Durangoko Azokan izango da, Ahotsenean, 12:00etatik 12:30etara.

 

Beste genero bazuetan ibili zara, eta orain, ipuinekin animatu zara. Nolatan?

Arrazoi argirik ez dago, baina bi gauza aipatuko nituzke. Batetik, ha­si nintzen liburu hau idazten oraindik ere lanean ari nintzela eta pereza ematen zidan nobela ba­tekin hastea, formatu haundia eta sakoneko arnasa eskatzen duelako. Hasieran izan zitekeen nobela, badago batasun bat ipuinen artean, baina erabaki nuen hori. Bestetik, ez nintzen sekula sartu serio ipuinekin. Baten bat egina neukan, baina gutxi. Asko gustatzen zait ipuina, sakontasuna, trinkotasun hori, eta aprobetxatu nahi nuen ipuinak irakurtzeko, klasikoak, eta hainbat urte eman ditut ipuinak irakurri eta idazten, eta ikasten nola egiten den.

Lotura badagoela aipatzen duzu. Zein?

Nik uste dut badagoela, tituluarekin erlazionatuta; Txipiroiak bere beltzean. Uste dut dela menu batetik ateratakoa; joan den men­dean ez, aurrekoan, Donostiako jatetxe batzuetan horrela jartzen zuen, 'tintan' jarri ordez. Baina txipiroiak ez dira niretzat bakarrik jaki bat. Adiera bat izan daiteke itsaspean gordinik dabiltzan arrainak di­re­la, Cortazar parafraseatuz, eta ezaugarri bat dela txipiroiek bere beltza erabiltzen dutela arriskuaren au­rrean. Eta uste dut adiera ho­ri dela gehien lotzen zaiona li­bu­ruaren edukiari. Guri tokatu zaigun garai potente batekin dauka zerikusi. Borrokak izan duen garrantzia gure bizitzan. Uste dut herri honetan jende asko dagoela adoleszentizarik ia pasatu ez duena, edo adoleszentzia oso modu berezi batean bizi izan duena. Liburuan, gutxi edo gehiago, badago simulazio, teatro bat. Badago teatrogile bat, niretzat deskubrimendu bat izan zen, Eu­genio Barbar, ­eta dio teatro­ak konprenitu ezin ditugun gau­za asko argitu ditzakeela. Esaten du, baita ere, aktoreak ba­tzuetan bere ausentzia inter­pretatzen duela. Hori da oso ja­po­­niarra. Nire liburuan ere, klan­­destinitatea-eta, ateratzen dira dezente, eta uste dut badaudela ausentziaren interpretazioak. Eta bere beltzean; uste dut lotura hori dela. Norberaren aurrean, borrokaren aurrean, al­­damenekoaren aurrean erabil­tzen ditugun simulazioak edo teatralidadeak, horren berri ematen da hainbat ipuinetan.

Ekialdearekin duzun lotura ere agertzen da. Txinan egindako urteek pisua utzi dute zugan?

Dudarik ez. Nik han orain dela 30 urte, urtebete eskas eman nuen txinera ikasten barnetegi batean. Eragina utzi zidan. Lehendik banituen olerki batzuk baina nobela luze bat idatzi nuen. Gero, txinera ikasten jardun dut, itzulpenak egin ditut, segitzen dut ikasten. Orain bi urte izan nintzen berriz. Eta irakurri dut, batez ere, klasikoak. Sun Wukong pertsonaian dago Son Goku inspiratuta, eta O Pão de Açúzar ipuinean agertzen da tximu haundi hori. Eta japoniarrek marrazki bizidunak egiteko erabili zuten pertsonaia da. Nago obsesionatuta: asmatu behar nuen ipuin bat non desagerrarazten duten Urgulleko Jesusen Bihotza, eta ez nekien nola egin. Azkenean, horixe, zergatik ez Son Goku? Horrela atera zen.

«Pixka bat idazten duzunean, bizitzen ari zarenean beti belarria eta begiak jarrita dauzkazu almazenera sartzeko hainbat gauza»

Ekialdeko kultura lotzen omen da orekarekin, mendebaldekoa abenturarekin. Biak batu nahi izan dituzu orain ere?

Hori lehenengo nobelan agertzen zen: Ilargia putzuan ageri. Bidaia bat da, joan-etorri bat, Hernanitik ateratzen da Ekialdera eta bueltatzen da Hernanira. Pertsonaiak esaten du ha­ra joan zela orekaren bila, eta bueltatu zela estimatuz pixka bat guk eskaintzen dugun abenturazaletasun hori. Izan daiteke Yin Yangaren gainean dagoen beste Yin Yang bat. Oreka ondo dago. Abentura ere bai.

Zure idatzietan hori bilatzen duzu?

Uste dut ni ere banaizela horrelakoa. Eta nire idazketan itzal hori ikusten dela. Biak estimatzen ditut. Agian modu nabarmen batean espresatu nuen liburu horretan. Baina uste dut nire bizitzan izan daitekeela konstante bat; abentura eroetan ibili izan naiz. Baina oreka ere, txinatarrek esaten duten bezala, zentroa gorde egin behar da, horrek laguntzen du bizitzan.

Aurreko nobela horretan bezala, ipuin hauetan ere agertzen da Hernani...

Badira etxean entzundakoak edo txikitan bizitakoak. Errioguarda aitona zela esaten da, eta hortik datorrela tabernaren izena. Intimo xamarra da. Badauka alderdi autobiografikoa. Ezagutu nuen aita arkumeak hil­tzen, orain Errioguarda taber­naren barruan dagoen zutabe batean, eta ama ondoan oilaskoak lumatzen. Gero gerra garaira pasatzen dut, denbora nahasketa egiten dut. Egia da Errioguarda ikusten dudala matriuska baten moduan, plano askorekin, gauza asko bizi izan ditut bertan. Agian animatuko naiz egunen batean hori dena ateratzen.

Konstante batzuk errepikatzen direla aipatu duzu. Hain zuzen, lehenago ere deskribatu duzu Donostiako itsasoa plesiglas gris, eta hondartza, Xixonako turroia bezala...

Lehenengo aldiz idatzi nuela 30 urte badira. Atera nuen lehenengo liburua izan zen olerkiena, Txipiroiren bat edo beste. Hor atera nuen, eta orain nire burua fusilatu dut! Son Gokuren ipuinean. Badauka komiki giroa, oso bisuala, eta ondo zetorkion.

Beti errepikatzen dira elementuak idazketa prozesuetan?

Izango dira. Orain ari naiz pentsatzen hurrengoan... Badaukat gogoa egiteko nobela bat, gazte girokoa, oinarrituta hemengo hi­ru ipuinekin. Eta aprobetxatuta. Okurritu zait agian egin be­har dela birziklapenaren aldarrikapena literaturan! Hain gu­txi saltzen dira eta hain gutxi irakurtzen dira... Baina errepi­ka­tzeari buruz, gertatu zait gau­za kuriosoa. Lehenengo liburu­an, Joxemi Zumalabek egin zu­en azala, eta da txipiroi bat eta garro batean dauka luma eta idazten ari da. Eta orain, Zume­tak egin dit, eta ez nion ezer esan, baina agertzen da txipiroi bat, eta garroetan dauzka halako mozorro batzuk. Kuriosoa da ze paralelismo gertatzen diren.

Arriskua ere aipatu duzu. Literaturan murgiltzea arriskutsua da, gaur egun?

Ez da nire kasua, beti amateur moduan planteatu baitut. Ni beste lan batzuetaz bizi izan naiz. Orduan, beti gustura egin dut, eta gainera, hizkuntza minorizatu batean, alfabetatu gabeko asko dituen hitzkuntza ba­tean, eta gainera, neronek ere garai batean ia ez nekien euske­raz! Euskaldun berritua naiz. Ado­leszentzia hasieran hiru per­paus batzeko arazoak izaten ni­tuen. Orduan, ez dut sekula uler­tu nire alderdi literario hori pro­fesional moduan. Orduan, etsi­pena izan daiteke egoera, amore emate bat, baina uste dut hori hurrengo belaunaldiek daukatela. Beste modu batean bizitzea tokatu zait.

Asmoa azaldu duzu hurrengo nobelarako. Idazteko grinarekin segitzen duzu?

Bai. Uste dut bihurtzen zaizula bigarren azal baten modukoa. Pixka bat idatzi duzunean, bizitzen ari zarenean beti belarria eta begiak jarrita dauzkazu almazenera sartzeko hainbat gauza. Hori beti erlazionatzen duzu egiten ari zaren edo proiektuan dauzkazun lanekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!