Lokal hutsak

Lokal hutsen aurrean jarduteko tresna sortzeko proiektua martxan, Lizeaga eredutzat hartuta

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 7a, 00:00
Lizeaga auzoko lokalen egoeraren mapa osatu dute tresna honi esker.

AH Asociados, Gislan eta RB3 Innovación Urbana Integrada enpresek osatutako lantaldea ari da «metodologia estandarra» sortzen. Emaitza teorikoa Udalaren esku jarriko dute, eta hark egin beharko ditu ekintzak.

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailak hiriaren hobekuntzarako estrategia eta azterketak bultzatzeko programa jarri zuen martxan 2018 urtearen bukaeran. Hori aprobetxatu zuen AH Asociados, Gislan eta RB3 Innovación Urbana Integrada enpresek osatutako taldeak, Lizeagan egiten ari diren proiektu pilotoa aurkezteko; horri esker jarri dute martxan, hain zuzen.

Lokal hutsek auzo zaurgarrietan dituzten arazoak aztertu eta ekintza-plana sortzeko aplikazio informatikoa sortzea da helburua. Eta horretarako, Lizeaga auzoaren errealitatea aztertuko dute, «programa probatu eta diseinua borobiltzeko», azaldu dute proiektua burutzen ari diren lantaldeko kideek. 

Beraien asmoa da, horrela, «metodologia estandar bat duen tresna bat sortzea beste udalerrietara inportatu daitekeena, edo beste auzo batzuetan erabilgarria izan daitekeena».

Lizeaga, pilotu
Hori kontuan izanda, azterketaren lehenengo zatian bederatzi auzo-eredu landu zituzten: hiru auzo, EAEko probintzia bakoitzeko. Horietako bat izan zen, hain zuzen, Hernaniko Lizeaga auzoa: «Eusko Jaurlaritzak duen auzo zaurgarrien inbentarioa kontuan hartuta, arazo hau [lokal hutsena] duten auzoak hautatu genituen, eta bederatzi horiek aztertu genituen. Horietatik Lizeaga hautatu genuen. Batetik, uste dugu arazo orokorraren adierazgarria dela: lokal asko dago, 31, hain zuzen. Eta bestetik, erdigunetik urruntzen zoazen heinean, gainera, arazoa areagotu egiten da; eta hau ere, oso ohikoa da beste hainbat auzotan». 

Lizeagako lokal hutsen jabeak gonbidatu nahi dituzte ikerlariarekin harremanetan jartzera: 
'gislan@gislan.eus' edo 618 788 030.

Gainera, Lizeaga 3.0 prozesua ere erabakigarria izan da, proiektu pilotoa bertan egiteko erabakia hartzerakoan, izan ere, «dagoeneko badago ibilbide bat». 

Lokal hutsek eragina, auzoetan
Hasierako nahia izan da lokal hutsen gaiari nolabait heltzea: «auzoetan lokal hutsen arazoa    oso ohikoa da; uste dugu eragin nabarmena duela, eta babesgabetasun-arrisku maila areagotu egiten duela». Hain zuzen, maila ezberdinetan eragiten duela diote; «hirigintza, ekonomia, e­ta gizarte-egoera ahultzen du­te, bereziki zaurgarriak diren auzoetan», hau da.

Arazo horiek ere, Lizeagan nabarmenak direla diote: «aurrenekoa da gertuko merkataritza falta dela, gainera, biztanleria zaharkituta dago, eta erdigunearen beharra izatea arazo bilakatu daiteke. Gainera, gertuko merkataritza positiboa da herritarrentzat».

Horrez gain, auzotarrekin hitz egitean ohartu dira Lizeagan «duela 40 bat urte» bazeudela «2 harategi eta 2 arrandegi». Eta horrek «auzoari bizitza emateaz gain, segurtasuna ere ematen diola, eta gauza gutxiago gertatzen direla halako auzoetan». Lokal hutsek, aldi berean, «degradazio» irudia ematen diete auzoei, eta hori ere, «ez da positiboa».

«Lekuan bertan» lan egitea, helburu
Halako proiektuetan, «lekuan bertan» egiten dute lan beti, ikertzaileek azaldu dutenez: «Geografia-informazioko sistemak (GIS) erabiltzen ditugu horretarako, eta jasotzen ditugun datu guztiak lekuan bertan islatzen dira, modu bisual batean. Bertan ikusiko da non kokatzen diren lokal hutsak, irisgarritasuna  nolakoa den... beti ere, errealitatea kontuan hartuta», azaldu dute.

Diagnosia egiteko, datu-bilketa egiten
Sisteman sartzeko datu bilketa hori egiten ari dira une honetan AH Asociados, Gislan eta RB3 Innovación Urbana Integrada enpresako kideek. Horretarako, Lizeaga auzoko eragileengana jo dute. Batetik, egun aktibo dauden lokalen kudeatzaileengana jo dute; bestetik, Gibelalde Auzo Elkarteko kideekin ere hitz egin dute; eta azkenik, lokal hutsen jabeen iritzia jasotzea da beraien asmoa: «udalak gutuna bidali die Lizeagan hutsak dauden 31 lokalen jabeei; eta horietatik, hiru erantzun jaso ditugu», onartu dute.

Lokal hutsen jabeekin elkartzea garrantzitsua dela diote, «azterketaren kalitatea hobetze aldera», hori dela-eta, haiek gonbidatu nahi dituzte ikerlariekin harremanetan jarri eta azterketaren inguruan informatzea. Horretarako, bi bide jarri dituzte: gislan@gislan.eus helbide elektronikoa, eta 618 788 030 telefonoa.

Lizeagako eragileekin ez ezik, udal teknikariekin eta Berriak merkataritza eta ostalaritza elkarteko kideekin ere elkartu direla adierazi dute. «Inkesta eta elkarrizketak informazioa jasotzeko bide egokiak» direla frogatu dute, eta horri eutsiko diotela diote. 

Urtebeteko lana, aurretik
Oraindik ere, urtebeteko lana geratzen zaiela diote: «momentu honetan informazioa biltzen ari gara, eta informazio hori erregistratzeaz bukatu behar dugu». Hala sortuko dute, beraz, egungo diagnostikoa, eta programaren bidez lortuko dute ekintza-plana zehaztea: «zerrendatuta egongo dira erabilera  potentzialak eta kudeaketa-eredu posibleak, eta diagnosiarekin lotuta, sistemak sortuko digu Lokalak Berreskuratzeko Plana», adierazi dute.

Udalaren esku lan teorikoa, ondoren
Nahiz eta lana Eusko Jaurlaritzarentzat egiten ari diren, Hernaniko Udalaren babesa jaso du proiektu honek, eta laguntzen ari da, baita ere, dokumentazio- lanak eta datu-bilketa egiten. 

Lana bukatuta, proiektuaren lan-taldeak adierazi du Hernaniko Udalaren esku utziko duela lan teorikoa, baina hortik aurrera, Udalaren esku egongo dela ekintza horiek burutzea. Izan ere, oraingoz, «hau ikerketa-lan bat da, nahiz eta Plan bat izango duen emaitza gisa».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!