KONSTITUZIO EGUNA

«Bihar ez da ezer ospatzeko eguna», dio Sortuk

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 5a, 00:00

Hori aldarrikatzeko, bihar Bilbora joateko deialdia egin du, 12:00etan, Bihotz Sakratutik irtengo den manifestazioan parte hartzera.

Espainiar Kons­tituzioaren Egu­na da abenduaren 6a, eta ho­rren inguruan Sortu alder­di politi­ko­ak dio, Euskal Herriko biztanleek ez dutela ezer ospatzeko. «Espai­niar konstituzioa Euskal Herri­an inposatu zuten, eta ez du gure herriko biztanleria ordezkatzen, Espainian indarrean den lege­diaren ezarpenaren adierazlea da, ukazio eta inposaketa du oi­narri, euskal herritarron esku­bideak zapaltzen eta ukatzen ditu. Herri honen burujabetza es­kubidea ukatzen duen kons­ti­tuzioa da».

Idatzian Sortuk adierazi due­nez, «gaur egun bizi dugun krisi politiko eta ekonomiko honetan, pertsonen eskubideak ez dira errespetatzen. Migrante­­ak, emakumeak, gazteak, pen­tsiodunak, jendarte osoa­ren bizi baldintza duinak ez dira bermatzen. Etxebi­zitza esku­bi­dea, lan duina, justizia soziala, ez dira bermatzen. Presoen eta senideen eskubideak ez dira errespetatzen. Euskaraz bi­zi­tze­ko eskubidea ez da bermatzen».

Euskal Herriak libre eta demokratikoki bere etorkizun instituzionala, ekonomikoa, kulturala eta soziala erabakitzeko eskubide osoa duela dio Sortuk.

«Arrazoi hauengatik guztiengatik, Euskal Herriak independentzia behar du. Eta horretarako, Euskal Errepublika eraiki behar dugu. Euskal Errepublikak izan behar du euskal herritarren eskubideak bermatuko dituena, justizia sozialean oinarritutako Euskal Errepublika, emakumeen eskubide guztiak bermatuko dituena, etxebizitza eskubidea bermatuko duena, pobreziarekin bukatuko duena, pertsonen bizitza duina bermatuko duena, presoen eta familiarren eskubideak bermatuko dituena, euskararaz bizitzea bermatuko duena, klima aldaketari eta bere ondorioei modu integralean helduko diena...». Beraz dio, «bihar ez da ezer ospatzeko eguna, gure herriak duen erabakitzeko eskubidearen alde eta burujabetzaren alde lan egiteko eguna baizik». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!