Hernaniarrek urtebeteko erronkari egin zioten aurre lehengo urtean, Euskara Ari Du elkarteak antolatutako Baietz Hernanik! desafioan. Euskaldunek, gazteleraz izaten zituzten harremanak detektatu eta horietan euskerari eusteko saiakera egin zuten. Euskeraz ulertu bai, baina hitz egiten ez zutenek, berriz, euskaldunekin harremanak izatean, euskerari eutsi ziezaien eskatu behar zieten lagunei.
Urtebeteko erronka hori beteta, lanean jarraitzen du Euskara Ari Du taldeak. Baina aurten, «bi martxatan» ariko direla azaldu dute, Dobera Euskara Elkartearen barruan, eta maila nazionaletik ere etorriko den Euskaraldia egitasmoarekin bat eginez.
Euskara Ari Du-ri, jarraipena
Urtebeteko erronka betetzea ez da edonolako balentria, eta hori horrela, «Euskara Ari Du-ri jarraipena» eman nahi izan diotela azaldu dute taldeko partaideek, eta, era berean, «2020an etorriko den Euskaraldiarekin ere bat egin».
Horrexegatik, «2020an, nolabait bi martxa erabiliko» dituzte, azaldu dutenez. «Lan bat egina dago Hernanin. Hizkuntzaren erabilerari dagokionez, ohitura aldaketei epe luzeago batean eusteko lanean aritu gara esperimentatzen. Beraz, ez dugu mugatu nahi 15 egunetara, hori baino gehiago egin duten erakunde edo entitateekin. Hiru hilabeteko ekimena egiteko proposamena luzatuko diegu, aurretik erronka bete dutenei».
Bestetik, «maila nazionaletik etorriko den Euskaraldia ekimena kudeatuko dugu, banakakoekin nahiz eragile eta entitateekin».
«Beste maila bateko konpromisoa izango da. Aurrez aurreko harremana izango dugu haiekin, eta plan bat aurkeztuko diegu»
Aurkezpenak, urtarrilean
Guztia martxan jartzeko lanean hasiak dira, eta urtarrilaren 13tik aurrera egingo dituzte aurkezpenak. Urtarrilean bertan «bizpahiru hitzaldi, eta beste formatu batzuetako ekitaldiak egingo dira, guztiari aurreneko irteera moduko bat emateko». Hortik aurrera, «urte osoa girotzeko ekitaldiak» ere antolatuko dituzte.
Era berean, iazko saio batzuk, hizkuntzari nola eutsi ikasteko trikimailuen berri jasotzeko saioak, adibidez, berriro ere antolatzeko asmoa azaldu dute.
Parte-hartzea, malgua
Eta hori guztian, nola parte hartu? Modu desberdinak izango dituzte herritarrek, 2020an martxan jarriko diren ekimenetan parte hartzeko.
Euskaraldia ere egingo da Hernanin, eta orain gutxi eman zituzten datak. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da, eta aurten, Belarriprest eta Ahobizi figurez gain, ariguneak garrantzitsuak izango dira. Ariguneak izango dira entitateek identifikatutako espazioak, horietan hizkuntza ohiturak aldatzeko aukera izan dadin. Azken hauek dagoeneko eman dezakete izena, eta arigunea zein den adierazi; 2020ko uztailera arteko epea izango da horretarako. Ahobizi eta Belarriprest izango direnek, berriz, 2020ko iraila eta azaroa bitartean eman ahal izango dute izena.
Hernanin, ordea, «konpromiso haundiagoa nahi dutenekin libreago» aritzeko aukera emango du Euskara Ari Du taldeak. «Parte-hartzaileak identifikatzeko harremanetan jarriko gara haiekin urtarriletik aurrera, bai 15 eguneko Euskaraldian parte hartu nahi dutenekin eta baita luzeago aritu nahi dutenekin ere». Azken hauen kasuan, dena den, «ez da inon izena eman beharko», adierazi dutenez. «Beste maila bateko konpromisoa izango da. Aurrez aurreko harremana izango dugu haiekin, eta plan bat aurkeztuko diegu».
Taldea, irekita
Guztia kudeatu ahal izateko segi du martxan Euskara Ari Du taldeak, baina irekita daudela adierazi dute. Iazko erronkari aurre egiteko, elkarte bat sortu zuten, baina orain, Dobera Euskara Elkartearen barruan sartu den lan-taldea da, datorren urteko erronkari begira lan egingo duena.
«Bi-hiru hilabete badira, elkartzen hasi ginela. Lan-talde bat gara, eta irekita gaude, jende berria hartzeko!».