Bertsolaritza

Eibarko San Andres bertso-paperetan ere txapela azkenean, Legorburuk

Kronika - Erredakzioa 2019ko aza. 30a, 00:00

Eibarko "...eta kitto" elkartearen San Andres bertso-paper lehiaketa irabazi du.

Azken bi ediziotan bigarren egin ondoren, txapela irabazi du Iñigo Legorburuk, 'Nire buruaz beste' lanarekin.

 

Hogeitabosgarren San Andres bertso-paper lehiaketa antolatu du aurten Eibarko ...eta kitto Euskara Elkarteak, eta oraingoan bai, txapela jantzi du Iñigo Legorburuk. Azken bi ediziotan bigarren egin du, eta aurtengoan sari potoloa jaso du, Nire buruaz beste bertso sortarekin.

Lan horretan, Legorburuk eliteko futbolari baten egunerokoa xehetzen du, eta protagonista depresio batean nola murgiltzen den kontatzen du. Jon Enbeitaren 9 puntuko Munduko ilunabarra doinu bihurrian idatzitako 8 aleko bertso-sorta honetan, Legorburuk famaren argilunak azaldu nahi izan ditu: «fama eta arrakasta pertsonala, beti ez dira eskutik helduta zertan joan».

Saria jasota, bertsoak kantatu zituen Legorburuk, eta ondoren, Onintza Enbeita, Unai Iturriaga, Maddalen Arzallus eta Aitor Sarriegi aritu ziren bat-batekoan.

Bigarren saria Jesus Mari Gisasola, Trunboi eibartarrak irabazi zuen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!