Kontrakantxa Gaztetxea

«Espainiako estatuak Euskal Selekzioari ateak ixten dizkio, eta Bilbo Espainia bailitzan saltzen du»

Kronika - Erredakzioa 2019ko aza. 29a, 00:00

Bilboko 'Eurocopa honi ez!' mugimenduko kideek 19:00etan emango dute hitzaldia gaur, Kontrakantxa Gaztetxean. Ondoren, 21:00etan, jantoki soziala irekiko da, hilabeteko azken ostiralero bezala.

Buruntzaldeko aurkezpena egin­go du gaur Bilboko Eurocopa honi ez! mugimenduak Kontrakantxa Gaztetxean, 19:00etan. 2020ko ekaina eta uztaila bitartean UEFAk Eurokopako 16garren edizioa egingo du, eta Espainiako futbol federazioak asmoa azaldu du taldekako faseko 3 partidu eta final zortzirenetako bat Bilboko San Mames futbol zelaian jokatzeko.

Horren kontra azaldu da Eurocopa honi ez! mugimendua, «hamaika arrazoirengatik», eta horien denen berri emango du gaur.

«Langileriarentzat aberastasunik ez»
Mugimenduak azaldu du «G7arekin edo Espainiako Itzuliarekin egin duten bezala, Espainia eta Frantziako estatuek aukera guztiak baliatuko» dituztela, «euskal langileriaren proiektu nazionala berriz ukatzeko. Izan ere, Espainiako estatuak Euskal Selekzioari ateak ixten dizkion bitartean, Bilbo Espainiako hiria bailitzan saltzen du nazioartean, EAJk ordezkatzen duen burgesia autonomistaren konplizitatearekin».

Era berean dio, «burgesiak haien klase interesen neurrira eraikitako erakusleiho-hiri bihurtu nahi» duela Bilbo, eta aldiz, ez duela «inolako aberastasunik ekarriko euskal langileriarentzat (...); langile klasearen esplotazioa, gure bizitzen prekarizazioa eta espazio publikoaren merkantilizazioa eta pribatizazioa baino ez da egongo».

Bestalde, mugimenduaren esanetan, «emakume prekarizatuenak izango dira bertan gehien sufrituko dutenak», besteak beste, «makroekitaldi hauek direlako emakume langileen prekarizazioa areagotzeko eta egiten duten lana gutxiesteko modua kirolean, eta, bereziki, futbolean».

Azkenik, Eurokoparen kontra agertuko dira, baita ere, «inposizio honen aurka sortuko diren mugimenduak errepresiboki kolpatzeko tresna guztiez baliatuko direlako Euskal Herria beste behin estatu polizial bat bilakatuz».

Guztiaren azalpenak emateaz gain, hurrengo deialdien berri ere emango dute, «Euskal Herri langileari kapital basatiaren eraso eta nazio zapalkuntza berri honi aurre egiteko dei» egiterarekin batera.

Jantoki soziala, irekita
Aurkezpena bukatuta, jantoki soziala irekiko da gaztetxean 21:00etan, hileko azken ostiralero bezala.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!