Koxka elkartea

Umorerako gai izango dira gaurkoan, heriotza, oztopoak eta zahartzaroa

Kronika - Erredakzioa 2019ko aza. 27a, 00:00

Jexux Eizagirre, bere estreinako bakarrizketan, joan den urtean Biterin.

Bakarrizketa eskainiko dute Jexux Eizagirrek, Kike Parrak eta Telmo Iruretak, arratsaldeko 19:00etan Biterin, Koxka elkarteak antolatuta. Doakoa izango da saioa, eta zeinu hizkuntzako itzultzailea ere egongo da bertan.

Umorea izango da protagonista gaur, Biteri kultur etxean, Kox­ka elkartearen eskutik: bakarriz­ke­ta saioa antolatu du, arratsal­deko 19:00etan hasita, eta hiru bakarlari igoko dira taula gai­nera: Kike Parra hernaniarra, Telmo Irureta zumaiarra, eta Jexux Eizagirre, Hernanin bizi den zumaiarra.

Hiruen artean, umorerako gai bilakatuko dituzte gaurkoan, heriotza, oztopoak eta zahar­tza­roa. Telmo Irureta aktorea izango da taula gainean aurre­nekoa. Lehenago ere hainbat ba­karrizketa eskaini ditu Her­na­nin, eta bere emanaldi berrie­na eskainiko du gaurkoan: Cuando te mueras. Umore beltz zorrotza baliatuz, heriotzari buruz ariko da zumaiarra. Gaztelaniaz eskainiko du.

Kike Parrarena izango da bigarrena, Tetris izenekoa.  Iru­re­­ta bezala, gurpildun aulkian mugitzen da Parra, eta horrek egunerokoan eragiten dizkion oztopo zein egoera barregarri eta deserosoei buruz ariko da. Gaztelaniaz izango da her­na­nia­rraren saioa ere.

Eta ekitaldiari itxiera ema­te­ko, zahartzaroa izango du hiz­­pide Jexux Eizagirrek. Bere saioaren izenburuak, ematen du pistaren bat: Pito­pau­sia. Eus­keraz ariko da bera.

Joan den urtean, baka­rriz­keta ikastaroa eskaini zuen Tel­mo Iruretak Hernanin, Dobera Euskara Elkarteak antolatuta; eta partehartzaileetako bat izan zen Eizagirre. Ikastaroaren bu­kaeran, emanaldia ere eskaini zuten ikasle guztiek, Biterin.      

 

Doakoa, eta zeinu hizkuntzako itzultzailearekin

Doakoa izango da gaurko baka­rrizketa saioa, eta herritar guz­­tiak gonbidatu ditu Koxkak, ber­ta­ra­tu eta ondo pasa­­tzera. Gaine­­ra, nabarmendu du itzul­tzai­lea ere izango dela bertan, baita zei­nu hizkuntzan ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!