Sare

Ibon Fernandez eta Gari Arruarte, gaixo dauden 21 euskal presoen artean

Kronika - Erredakzioa 2019ko aza. 24a, 00:00
Plaza Berrira iritsi zen atzo Sarek mugitutako anbulantzia, larri gaixo dauden euskal presoen egoera salatzeko.

«Larriki gaixo dauden presoak etxera» ekartzea eskatzeko anbulantzia bat mugiarazi du Sarek herriz herri. Atzo Hernanira iritsi zen, 21 euskal presoren egoera salatzeko.

«Dinamika mobilizatzailea» jarri zuen martxan Sarek udara ondorenean, «larriki gaixo dauden presoak etxera» ekartzea es­katzeko; «gaixotasun larriak di­tuzten presoek bizi duten eskubideen urratze-egoera desagerraraztea» eskatzeko. Horretarako, irailean hasita, anbulantzia bat dabil Euskal Herrian barrena herriz herri, eta atzo Hernanira iritsi zen.

Herrian barrena ibili ondoren, Plaza Berrin gelditu zen anbulantzia, eta «larriki gaixorik diren 21 euskal presoak» gogorarazi ziren bozgorailutik; tartean, bi hernaniar: Garikoitz Arruarte Santa Kruz eta Ibon Fernandez Iradi. Espondilitis Ankilopoietikoa dauka aurrenekoak, eta esklerosi anizkoitza, bigarrenak.

Espetxea eta osasun egoera, bateragarri ezinak
Sarek aldarrikatu zuen larriki gaixo dauden preso hauek denek «beren gaitzari ezohikoa den espetxe politika baten baitan egin behar diotela aurre, osasuna zain­tzeko sortzen diren zailtasu­nei, espetxeak berak bestelako ba­tzuk eransten baitizkie; tartean, gaixotasunaren jarraipena egiteko konfiantzazko medikurik ez izatea edota lege arruntak jasotzen duen moduan, gaixotasunaren larritasunagatik etxean artatua izateko eskubidea ukatua izatea».

Bi preso hernaniarren inguruko azken berriak ere eman zituen atzo Sarek. «Joan den astean Parisko Zigor Aplikazioen Auzitegiak Ibon Fernandez Iradi presoaren zigor etete eskaera onartu zuen. Fiskaltzak, ordea, helegitea jarri zuen eta azken epaia bi hilabete barru emango du Parisko Dei Auzitegiak. Epaileak onartu du ez direla bateragarriak esklerosi anizkoitza duen Lasarte-Oriako presoaren gaixotasuna eta espetxea».

Garikoitz Arruarte Santa Kruzen kasuan, «espetxean egotea guztiz kaltegarria» dela gogorarazi du Sarek, «baldintza higieniko-dietetikoak ez baitira batere egokiak. Urteak igaro ahala, endekapena areagotzen jo­an­go zaio, nahi baino azkarrago, ezin duelako bere gaixotasunari dagokion tratamendu espezifikoa jaso».

Beraz, «salbuespen politika hau desagertzea» eskatu du, «presoak heriotzera kondenatuak izaten» ari direlako.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!