UDAL GOBERNU TALDEA

Legegintzaldirako proiektuak zehaztu dira, Hernani jasangarri, aktibo, solidario eta euskaldunaren alde

Kronika - Erredakzioa 2019ko aza. 21a, 00:00
Gobernu Taldeak aurkeztutako Legegintzaldi Planak EH Bilduko 11koaren ekarpenak baino gehiago biltzen ditu.

2023era arteko proiektu estrategikoak zehaztu ditu Udal Gobernuak, baina «egokitzeko prest» dago. Oinarrian daude herri programa eta elkarteen ekarpenak.

Aurten hasi eta 2023ra arteko Legegintzaldiko Planaren berri eman du Udal Gobernuak. Oinarrian daude, Xabier Lertxundi alkateak azaldutakoaren arabera, «maiatzeko udal hauteskundeetan aurkeztutako herri programa, elkarte eta eragileekin egindako bileretan jasotako ekarpenak eta aurreko gobernu taldeak martxan utzitako proiektuak». Martxan dauden horiek «bukatzeko konpromisoa» ere erakutsi du.
Horrekin, nabarmendu nahi izan du plan estrategikoa ez du­ela «Udal Gobernuaren 11koak ba­karrik erabaki», eta plana ze­haztu arren, «egokitzeko prest» daudela, «Hernani herri bizia delako, eta sortzen diren behar eta eskaerei erantzungo diegulako».

Alde Zaharrerako eta Merkataritzarako Planak, OPEak eta Sormen Gunea, nabarmenduen artean
Planaren zutabeak lau direla ere argitu du alkateak: «Hernani jasangarri, aktibo, solidario eta euskalduna» lortzea ahalbidetuko dutenak, hain zuzen. Era berean, proiektu askok «irizpide berak» dauzkate: «eredu parte-hartzailea, parekidetasuna eta jasangarritasuna bermatzea». Horrekin guztiarekin, «zer, nola eta zertarako egingo den» argitu nahi izan du Udal Gobernuak, eta hainbat plan eta proiektu estrategiko nabarmendu ditu.
Esaterako, aurreko legegintzalditik datorren prozesu parte-hartzaile batetik, «Ave Marian Sormen Gunea jartzea» aurreikusten da. Baita Kulturarteko Plaza Feminista irekitzea ere. Era berean, txostenean jaso dira Beterri-Buruntza eskualderako garapen agentzia; bizikidetzaren alorrean, gatazkaren ondorioak eta oroimena berreskuratzeko ikerketak eta erreparazio ekintzak bideratzea; partaidetza kultura zabaltzeko plana; Herriko Merkataritza Biziberritzeko Plana; Estubegiko poligonoa eta Galarretako parke teknologikoak garatzea; Urbieta kalea peatonalizatu eta Alde Zaharra Biziberritzeko Plana; Lizeaga, Sorgintxulo, Portu eta Elizatxon lanak egitea; aparkalekuetarako errotazio sistema zabaltzeko eta aparkaleku publikoak haunditzeko azterketak; energia berriztagarrien aldeko ekintzak; edota langile publikoen interinitatea murrizteko OPEak deitzea. Guztien berri txostenean ikusi daiteke (www.kronika.eus).  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!