Gizarte Zerbitzuak

Rafael Alen Fuentes eibartarrak 100 urte bete ditu, Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2019ko aza. 20a, 00:00

Udalak zoriontze txartela eta lore-sorta bidali zizkion igandean, 100 urte bete izana ospatzeko. Gerra Zibilean langileen batailoietan ibilia da.

Eibartarra da jaiotzez, Rafael Alen Fuentes, baina Hernanin bizi da, eta hori horrela, Hernaniko Udalak zoriondu egin zuen igandean, 100 urte ez baititu edonork betetzen!

1919ko azaroaren 17an jaio zen Alen, eta Udalak zoriontzeko txartela eta lore-sorta bidali zizkion igandean, «familian eta lagunartean ospatzea» opatzeko. Eibartarra izan arren, ezkonduz geroztik Hernanin bizi izan da, eta Ergobian lanean aritu.

Gerra Zibilean ihes egin ondoren, kartzelaratua
Rafael Alen Fuentes gaztea zela, 16 urte zituenean, hasi zen Espainiako Gerra Zibila, eta parte hartzeko deitu zioten. Baina garbi zuen ez zuela gerra horretan borrokatu nahi, eta kamioi batean sartuta alde egin zuen. Harrapatu egin zuten, ordea, eta 'erregimenari men ez egitea' leporatuta, lau urteko espetxe zigorra jarri zioten.

'Erregimenari men ez egitea' leporatuta kartzelaratu zuten.

Horrela, langileen batailoietan eta kontzentrazio gunetan egon zen, Burgos, Cádiz eta Mallorcan. Gerra bukatzean asko utzi zuten.

Ordurako familia Donostian bizi zuen, baina bera ez zen bertan gelditu, eta Frantziara joan zen, mahatsa biltzera. Han bi urte egin zituen, eta bueltakoan, Ergobiako Bostak enpresan hasi zen lanean. Paper inprenta eta plastikoak egiten ziren bertan.

Hor ezagutu zuen bere emaztea izango zen emakumea ere, bertako langilea baitzen. Ezkonduta, Hernanira etorri ziren bizitzera, eta bi seme-alaba izan
zituzten. Ordutik bertan bizi izan da, 100 urte egitera iritsi arte. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!