Atletismoa

Anartz Artolak eta Ane Otaegik garaipena lortu dute Irunen

Kronika - Erredakzioa 2019ko aza. 19a, 00:00
Ane Otaegik irabazi du Irunen 20 urtez azpikoetan

Urteko lehenengo kros lasterketa jokatu zen Irungo Hirian eta Artolak absolutu mailan ere hirugarren postua lortu zuen.

Kros denboraldia martxan da jadanik eta hernaniar korrikalariak ongi hasi dira aurtengo lehenengo lasterketan. Anartz Artola protagonista izan zen Irungo Hiria Krosean bere hirugarren postuarekin lasterketa absolutuan. Gainera garaipena lortu zuen 20 urtez azpiko mailan. 51garren edizioa zen eta C.D. Hernanitik 22 lasterkarik hartu zuten parte maila desberdinetan.
Anartz Artolaren garaipena ez zen bakarra izan. Ane Otaegi ere lehenengo postuan iritsi zen 20 urtez azpikoen lasterketan. Alebinetan Enara Kerejeta podiumera igo zen hirugarren postuan amaitu eta gero. 
 Hossain Kaanache Amghiraf izan zen garailea nagusien mailan 25:09ko denborarekin eta Martin Amilibiari 22 segunduko aldea atera zion. Podiumerako borrokan ibili zen Artola hernaniarra Xabat Manzisidorrekin eta azkenean sei segundugatik hartu zuen aurrea gazte hernaniarrak 25:46ko denborarekin. Ongi hasi du denboraldia.
Beste postu aipagarriak ere lortu zituzten hernaniarrak. Gorka López de Arregik seigarren amaitu zuen 18 urtez azpikoetan eta nesketan, maila berdinean, June Montero bederatzigarren izan zen. 16 urtez azpikoetan Amaiur Velez seigarren iritsi zen helmugara eta eskolarrak ere mordoska egon ziren denboraldiaren aurreneko lasterketa honetan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!