2020KO AURREKONTUAK

«2020koa ez da proiektu haundien aurrekontua izango; hasita daudenak gauzatu nahi ditugu»

Kronika - Erredakzioa 2019ko aza. 16a, 00:00
Isa Sanchez ogasun zinegotzia eta Xabier Lertxundi alkatea, 2020ko udal aurrekontuen proposamena aurkezten.

29.549.159 euroko aurrekontu proposamena aurkeztu du Hernaniko Udaleko Gobernu Taldeak, «herritarren beharrak ase eta ongizatea bermatzea» oinarri hartuta.

Atzo aurkeztu zuen Hernaniko Udaleko Gobernu Taldeak, 2020 urterako udal aurrekontu pro­po­samena. 29.549.159 eurokoa da, 2019koa baino nabarmen txi­ki­agoa (32.319.683 euro izan ziren); «baina konparaketa hori ez da erreala, iaz ezohiko sarre­­rak izan zirelako. 2018 urte­ko­a­re­kin konparatzea da errea­la­­goa, eta orduan baino haun­dia­goa da», azaldu du Xabier Lertxundi alkateak, aurrekontu proposa­me­naren aurkezpenean.
Atzo izan zen hori, eta os­te­­gunean aurkeztu zieten, gai­­ne­­ra­ko udal taldeei. Horiek, bi asteko epea dute orain, emen­da­­kinak aurkez­te­ko, azaroa­ren 29ra arte. Abendua­ren 19an egin­go da Plenoa, osteguna­re­kin, au­­rrekontuak onartzeko.

Hasita dauden proiektuak gauzatu eta berriak prestatzen hastea, planteamendua
Alkateak nabarmendu du, 2020 urtekoa ez dela «proiektu haun­­di­en aurrekontua. Hasita dau­den proiektuak, idatzita dau­de­­nak, gauzatu nahi ditugu da­to­rren urtean». Horien artean dau­de, honako proiektuak: Kul­­­tu­­rar­te­ko Plaza Feminista mar­txan ja­rri­ko dute Gabriel Zela­ian; Atse­gin­de­gi­ko obra egingo dute; Biterin ego­ki­tza­penak egingo dituzte, energia era­gin­­kor­­ta­­su­na­ri begira; Ur­bie­ta ka­lea pea­­­to­na­li­za­tze­ko lanak ha­si­­ko dituzte; San­dius­te­rri­ko are­toa ego­­ki­tuko dute, Her­na­­ni Musi­ka Esko­larentzat eta Ttar­la dantza taldearentzat gela be­rriak sortzeko; Milagrosa be­rri­­tu­ko dute; Iturmendin hiru etxebizitza prestatuko di­tuz­te alokairu sozialean ema­te­ko; Por­­tu eta Elizatxoko mugi­kor­ta­­sun planaren azken fa­sea buru­tu­ko dute; Lizeaga au­zo­ko Madalena kalearen urba­ni­zazioa; Latsunbe-Sorgin­txu­lo­­ko urbanizaziorako proiektua; edota Florida kalearen sanea­mendu sarea berritzeko proiek­tua, besteak beste.
Baina era berean, beste zen­bait proiektu jarriko dituz­te martxan, «auzoekin eta mugi­kor­tasunarekin lotuta daude­nak»; ale­­­gia, proiektuaren idaz­keta  ha­si­ko dute. Honakoak dira au­rre­­i­ku­si­ta daudenak: Lan­da­re-Zu­­bi­on­­do-Ibaiondo bidegorri zatia egitea; ADIFek apeaderoa igogailu parera mugitzeko as­moa duenez, eta horrek Portura doan pasabidea segurtasunaga­tik ezin erabili utziko lukeenez, pasabide berri bat egiteko au­kera aztertzea; Elizatxo 60-66 urbanizazioan berrikuntza la­nak; edota Osiñagako zubia.

Azkeneko horretan, zubi be­rri bat jartzeko proiektua da abiatuko dutena, baina «luze jo dezake, beste erakundeekin el­karlana eskatzen duelako, URA eta hidrografikarekin», azaldu du Lertxundik.

Bestalde, alkateak nabar­mendu du «inoizko partidarik haundiena» jaso dela datorren urteko aurrekontuan, merka­ta­ritza biziberritzeko ekintza pla­nera bideratuta. Eta bestelako inbertsio batzuk ere aurreikusi dira: Gaztelekuan konponketak, Elizatxo ikastolan psikomotrizi­tate gela bat...

Plazako irisgarritasuna aztertuko du Udalak
Alkateak aurreratu zuen, baita ere, Plazan lokal bat erosiko duela Udalak, Turismo Bulegoa bertan jartzeko; eta horretarako diru-partida jaso dela 2020rako. Oraindik itxi gabe dago lokala­ren erosketa, eta horregatik, ez dute zehaztu zein den.

Eta Plazan bertan, beste in­bertsio garrantzitsu bat au­rre­­­ratu zuten: Plazako iris­ga­rritasuna aztertuko dute. «Ba­bes­tu­tako to­kia denez, ezin da edo­zer egin. Beraz, azter­tu egin­go dugu, zer egin dai­te­keen iris­ga­rri­ta­­su­na hobe­tzeko». Gainera, onar­tu zuten Pla­za­ko zorua­ren ingu­ru­an erdi­bituta daudela herri­ta­rren iritziak.

Ezohiko sarrerarik ez, baina sarrera arruntak gora
Iazkoaren aldean, aurrekontua jaitsi izanaren arrazoiak azaldu zituen Isa Sanchezek, ogasun zinegotziak: «aurreko urtean, bi ezohiko sarrera haundi izan genituen, Zikuñaga Papeleraren zabalkundearengatik, eta Gala­rretako eremutik eratorritako zergengatik. Aurten ez da horre­lakorik izango. Baina hala ere, sarrera arruntek gora egitea aurreikusi dugu. Batetik, Fondo Foraletik jasoko duguna, 666.613 euro gehiago izatea espero da. Eta bestetik, biztanleriaren go­ra­kadak, zerga eta tasetan igo­era ekarriko du; 500.000 euro ge­hiago aurreikusi ditugu».

Sanchezek aditzera eman zu­­en, gainera, soilik 721.422 eu­­­roko zorra geratzen zaiola Uda­la­ri, eta 2020an 366.000 euro bideratuko dituela zorra kita­tze­ra (372.500 euro, interesak gehi­tuta). Horrela, azaldu zuen, 2021 urtean zorra guztiz amor­tizatzea aurreikusten dutela.

Udalaren aurrekontu osoan, Gizarte Zerbitzuek izango dute igoera nabarmena: 2.637.092 euro bideratuko dira; 2.316.941 euro izan ziren 2019an. Igoera hori, emango da bereziki Kabiarekin eta Foru Aldundiarekin zerbi­tzuen traspasoa sinatzeko urtea izango delako. Udalak nahi du, «langile publiko egonkorrak» izango dituen egoitza bat izatea, eta horretarako, Zaharren Egoi­tzako eta Eguneko Zentroko lan­gileen baldintzak egokituko di­tuzte. Horregatik da Gizarte Zerbitzuen aurrekontuan igo­e­ra. Gainerakoan, segida eman­go zaie, martxan dauden zerbitzuei.  
  

«Herritarren beharrak ase eta ongizatea bermatzea», helburu 
Xabier Lertxundik nabarmendu du, 2020ko udal aurrekontuaren helburu nagusia izango dela, «herritarren beharrak ase eta ongizatea bermatzea». Zentzu horretan, auzoak «oso garran­tzitsuak» direla uste dute, eta horiek biziberritzeko proiektuak dira, gauzatzeko zein hasteko aurreikusita daudenak.
Aurrez aipatutakoez gain, kulturarekin lotutako proiektu bat ere eman zuten aditzera, datorren urterako: Sormen Gu­nea izango denaren proiektu pi­lotu moduko bat egingo dute, Kaxkoan. Zehazki, erdiguneko lokal batean, aukera eskainiko diete herriko talde, eragile eta sortzaileei, bertan beraien sor­kuntza lanak garatzeko.

Jarraian dagoen taulan dau­de zehaztuta, arlo bakoitzera bideratuko diren diru-partidak. Isa Sanchezek argitu zuen, zer­gatik ez dagoen jasota bertan, etxebizitzak bermatzeko diru­la­guntzetarako partidarik: «era­ba­ki genuen, diruz laguntzeko epea irailetik irailera bitartekoa izatetik, urte naturalekoa iza­te­ra pasatzea; horregatik, 2020an emango diren diru­­la­guntzen par­­tida, 2019ko aurre­kon­tuan da­go jasota dagoeneko».
Aurreko legealdian be­zala, hi­ru ardatz nagusitan bana­tu ditu Udal Gobernu Taldeak, au­rre­kon­tuko diru partidak: herri aktiboa, herri jasangarria, eta herri solidarioa.

Beste hainbat aldaketa ere jasotzen dira; esaterako, kale garbitzaileei soldata igotzea, eta asteburuetako errefortzuak eta oporren ordezkapenak egitea.
Udal aurrekontu oso horren barnean dago, Ereñotzuko Auzo Udalarena ere: 392.807 euro, iaz baino %4,13 gutxiago (409.731) 

 

2020ko UDAL AURREKONTUA          29.549.159 euro
HERRI AKTIBOA     7.470.919 euro
 Jarduera fisikoa eta kirola   2.213.640 euro
 Hezkuntza    2.285.724 euro
 Kultura     1.682.952 euro
 Euskara zerbitzua    1.140.121 euro
 Herritarren partehartzea   148.482 euro


HERRI JASANGARRIA    14.094.852 euro
 Komunitatearentzako zerbitzuak  7.852.864 euro
 Etxebizitza eta hirigintza   2.394.286 euro
 Segurtasuna eta mugikortasuna  1.784.775 euro
 Tokiko garapena eta enplegu sustapena 1.164.601 euro
 Ingurumena    898.326 euro


HERRI SOLIDARIOA    3.685.805 euro
 Zerbitzu Sozialak    2.637.092 euro
 Berdintasuna    417.808 euro
 Lankidetza    253.552 euro
 Gazteria     257.353 euro
 Inmigrazioa    105.000 euro
Zor publikoa amortizatzea    372.500 euro
Administrazio gastua    3.925.083 euro

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!