HERRI BABES SAREA

Herri Babesarearen foroa Hernanin, Giza Eskubideez

Kronika - Erredakzioa 2019ko aza. 16a, 00:00

Hondurasko LGBT Arcoíris elkartea da Hernanin izango denetako bat.

Asteazkenean harrera egingo die Udalak, 17:00etan, Honduras, Mexiko eta Palestinako aktibistei, eta mahai-ingurua egingo da Biterin.

Lurraren eta ingurumenaren defentsa, elikadura burujabetza, emakumeen eta LGTBIQ+ komunitatearen eskubideak eta bakerako eskubideak izango ditu hizpide Herri Babesareak antolatutako aurreneko foro ibiltariak. Hernanira asteazkenean iritsiko da.

EAEko 8 udalerriren sarea
Herri Babesarea Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 8 udalerrik osatzen dute: Agurain, Ea, Durango, Zornotza, Donostia, Errenteria, Irun eta Hernanik. Hain zuzen, Hernaniko Udaleko pasa den urriko Plenoak aho batez erabaki zuen bertako kide izatea. 

Bakerako Nazioarteko Brigadek eta Mundubat Fundazioak bultzatutako ekimena da, eta Ga­rapenerako Lankidetzaren Eus­kal Agentziak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen dute.

Herri Babesarearen aurkezpen instituzionala Gasteizen eta Bilbon egingo da, eta Hernaniko Udaleko ordezkariak bertan izango dira. Ondoren, hitzaldiak emango dira herriz herri; Hernanin, hilaren 10ean.

Giza eskubideez, Honduras, Mexiko eta Palestinatik
Aurreneko foro honetan, giza eskubideen defentsa egingo da, hainbat alorretatik. Hernanira etorriko diren hizlariak izango dira, Hondurastik, LGBT Arcoíris Elkarteko Esdra Yaveth Sosa; Mexikotik, Oaxaca Kontsortzi­o­ko Emilie Chantal de Wolf; eta Palestinatik, Union of Pales­ti­nian Women Committees (UPWC).

Aurrenekoak Hondurasko LGTBIQ+ komunitatearen giza-eskubideak, eragin politikoa, osasuna eta GIB/HIESaren prebentzioa defendatzen ditu. Comayagüelako eta Tegucigalpako hirietan egiten dute lan.

Oaxacako Partzuergoa, bestalde, erakunde zibil eta feminista da, eta emakumeen giza-eskubideen errespetua eta erabilera sustatzen ditu, eta baita genero-berdintasuna ere.  2003an sortu zen, legegintzan eta politika publikoko prozesuetan eragina edukitzeko asmoz.
Azkenik, Palestinako aktibistak okupaziopean  giza eskubideak defendatzen dituzten emakumeak izango ditu hizpide. UPWCk Gazan eta Zisjordanian dauka presentzia, eta sustatzen ditu emakume palestinarren autonomia, gizon eta emakumeen arteko berdintasunezko harremanak eta gizarte-maila guztietan berdintasuna.

Hizlari hauei guztiei asteazkenean egingo die harrera Udalak, 17:00etan, eta ondoren, mahai-inguruan arituko dira Biteri kultur etxean.

Guatemala, Kolonbia eta Mendebaldeko Sahara
Hernanin izango diren hizlariez gain, gehiago ere ibiliko dira herriz herri, aurreneko foro ibiltari honetan. Guatemalatik Nekazarien Batasunerako Batzordearen berri emango da; Kolonbiatik, Nomadesc, bakearen eraketarako ikerketa eta gizarte ekintzarako elkartearena; eta Mendebaldeko Saharatik, ASVDH, Marokoko estatuak egindako giza eskubideen urraketa larrietako biktimen elkartearena. Hauek denak, asteazkenean bertan Errenterian izango dira. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!