Waterpoloa

«Proiektua da waterpoloan arituko diren neskak lortzea, eta talde sendoa egitea»

Kronika - Erredakzioa 2019ko aza. 16a, 00:00
Waterpolo Donosti, Fortuna eta Hernaniko jokalariek osatzen dute nesken jubenil taldea.

Hilaren bukaeran hasiko da Euskal Herriko Liga jokatzen, nesken jubenilen taldea. Waterpolo Donosti, Fortuna eta Hernani elkartuta osatu dute. Senior mutilak, berriz, hasiak dira. Bitik bi galdu dituzte, baina gorengo taldeen kontra. Sendo daude.

Bi talde dauzka aurten Her­na­ni­ko Waterpolo elkarteak: nesken jubenil mailakoa, eta mutilen se­nior mailakoa. Iaz saiatu zi­ren nesken taldea osatzen, bai­na ez zuten lortu. Aurten bai. Ha­la­xe azaldu du Jon Imanol Fer­nan­dez entrenatzaileak. «Iaz ez genuen lortu tal­dea osa­tzea, baina aurten sar­tu da Wa­ter­po­lo Donosti ere, eta egin da tal­dea, hiru kluben artean». De­ne­ra, 13 jokalarik osa­tzen dute nesken jubenilen taldea, Wa­ter­po­lo Donosti, Fortuna eta Hernaniko jokalariekin. Ez dute oraindik Liga hasi. Euskal He­rri­ko­an ariko dira, beste bost bat tal­derekin, hilaren bukaeratik aurrera.
Mutilak, bestalde, se­nior mai­­lakoak dira, eta badira ur­te batzuk taldea osatu zutela. Donostia eta Orioko jokalariren bat bada, baina hernaniarrak dira gehienak. Liga hasia dute, Euskal Herriko bigarren mailan. Getxoren aurkako partidua, aurrenekoa, puntu bakarraren aldearekin gal­du zuten, eta bigarrena ere, pasa den asteburuan, galdu egin zuten Sestaoren kontra, 9-11. Baina talde indartsuak dira horiek, eta Hernanikoa ere  «sendo» dago aurten, entrenatzailearen esanetan. Gaur, Santoñaren kontra ariko dira, etxean berriro, 13:30etan.

«Malabareak» batetik, «egoera zailagoa» bestetik

Talde bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta helburuak ere, desberdinak dira. 

Neskek ba­tzu­etan Hernanin entrenatzen dute; beste ba­tzu­e­tan, Donostian. Etxeko par­ti­­­duak ere halaxe izango dira, han eta hemen. Talde ba­koi­tze­ko entrenatzaile bat dau­ka­te, eta denen artean ko­or­dinatu be­harra daukate. «Ma­la­ba­re­­­ak» egin beharra izaten da zail­­tasuna, askotan. «Hiru eki­po­­­en artean talde hau egitea da kontua». Baina helburua ere, ho­ri­xe da, «ikustea tal­dea ba­da­go­ela, eta beraiek ere el­kar ezagutzea, batzuk be­rriak bai­ti­ra. Disfrutatu eta go­zatu de­zatela. Azken batean, proi­ek­tua da waterpoloan arituko diren neskak lortzea eta talde sendoa egitea maila honetan, gero seniorretan jokatzera iris­teko».

Jubeniletako neskek hilaren bukaeran hasiko dute Liga. Seniorretako mutilak hasi dira; gaur, 13;30etan, Santoña hartuko dute etxean.



Seniorretan ari direnak, orain­goz, mutilak dira, eta es­pe­rientzia gehiago daukate. «Baja batzuk izan ditugu, bai­na beste jokalari batzuk erre­ku­pe­ra­tu ditugu, eta denek eza­gutzen dute elkar. Ekipo sen­doa da. Aurreko urtean ere den­boraldi oso ona egin genuen, eta gutxienez hori berdintzea daukagu helburu». Horretarako, ordea, nahikoa lan izango dute. «Zailago dago aurten. Iaz bi multzo ginen, eta horietatik hiru talde pasatzen ziren goiko fasera. Aurten, berriz, hiru multzo gara eta bi talde pasako dira goiko fasera. Gurean, zu­­ze­neko aurkariak ditugu Ge­txo, Sestao eta Santoña. Oso sen­do­ak dira. Sestao aurreneko mai­la­ra igotzeko dagoen taldea da. Getxo ere indartsua da, eta puntu bakarraren aldearekin galdu genuen haien kontra».

Egoera zailagoan dago Her­na­ni, beraz, baina waterpoloa, egoera hobean dagoelako. «Bi­ga­­rren talde gehiago daude aur­­­ten. Lehendabiziko taldea du­­­te­­nek bigarrena atera dute, eta talde gehiago egoteak zail­tzen du gorako fasera sartzea lor­­tzea. Baina gehienak nahi­ko paretsu ibiliko gara. Aur­ten, berrienak Logroñokoak dira. Baliteke horiek izatea ira­baz­teko 'errazenak', baina komatxo artean. Ikusiko da».

 

Mutilen seniorretan 18 jokalari daude, eta talde sendoa osatzen dute.


Erasoan bakarka, defentsan taldean

Denboraldiari pixkanaka egin beharko diote aurre hortaz, bi taldeek. Pausoz pauso, pixkanaka-pixkanaka. Bi taldeen ka­­suan, ez dute erraz ikusten garaipenak pilatzea, baina ezta ezinezko ere.

Jubeniletako taldea nola mol­datuko den ikusteko dago oraindik. «Entrenatzen duguna prak­ti­kan jartzea da erronka na­gu­sia. Ez dugu buruan partiduak ira­baz­tea. Uste dut irabazi dai­te­keela baten bat, baina jokalari gehi­e­nak berriak dira, eta beraz, jolas dezatela, martxa hartu dezagun, eta pixkanaka maila igo».

«Ekipo sendoa daukagu. Iaz oso denboraldi ona egin genuen, eta aurtengo erronka da, gutxienez, hori berdintzea. Baina zailago dago»


Elkar ezagutza hori garrantzitsua da waterpoloan, eta seniorretan «nabaria» da. «Elkar ezagutzean, jakiten duzu ondokoak nola jokatzen duen, zein abilezia dituen, eta horrekin jokatzen dugu. Jokoa bera erra­zagoa da. Saiatzen gara gehiago defentsa ona egiten, azken batean, oso inportantea delako. Erasoa gehiago da bakarkakoa, talde lana baino, eta horretaz baliatzen gara. Defentsa taldean eginez, aurrean. Lehen aipatutako laguntasun horrekin, elkar ezagutze horrekin jolasten dugu».

Joko horrekin ekingo diote hasi duten aurreneko faseari. Eguberrietara arte luzatuko da. Ondoren, Kopa jokatuko dute. Bigarren fasea, berriz, urtarrila edo otsaila artean hasiko da. Lehendabiziko fasean multzo bakoitzeko bik egingo dute aurrera, eta horiekin osatuko dute Top 6a. Horiek izango dira gero lehenengo mailara igotzeko fasera joango direnak. «Aurreko urtean goiko taldean ibili ginen, eta ikusi genuen igotzeko daudenak oso nabaria dutela, kalitatea. Oso zaila da igotzea. Baina horiekin jokatzean ondo ibili ginen. Aurreko denboraldia berdintzen badugu, kontentu!».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!