sahatsa jauregi azkarate

«Kultura herrikoiak egin dituen formetatik abiatzen naiz, egunerokotasunean dauden objektuetatik»

Kronika - Erredakzioa 2019ko aza. 12a, 00:00
Osteguneko ate irekien jardunaldian ikusi ahal izango da Sahatsa Jauregik Julià Panadèsekin sortutako obra, Tabakaleran.

Tabakaleran ari da lanean Sahatsa Jauregi artista hernaniarra (1984, Salvador de Bahía), Julià Panadès artista mallorkarrarekin partekatzen ari den egonaldian. Osteguneko ate irekietan ezagutu ahal izango da haien lana.

Gure Artea saria lortu berritan, Korean izan da Sahatsa Jauregi Azkarate (1984, Salva­dor de Bahía) artista hernaniarra, eta Donostiako Tabaka­le­ran ari da orain lanean, Julià Panadès artista mallorkarrarekin. Objektuen artean sortzen diren harremanekin osatzen dituzte eskulturak. Ostegunean ate irekiak egingo dira.

Dena prest, erakusketarako?

Beste egonaldi batean ezagutu nuen Julià. Lanak bazeuzkan an­­tzekotasunak eta pentsatu ge­nuen proiektu bat egitea elkarrekin. Pieza batzuk nireak dira eta besteak bereak. Ez daude erakusteko prest, oraindik. Ostegu­ne­koak ate irekiak izango dira, desberdina da. Erakusten da pixka bat estudioan egindako lana. Baina ulertzen da gauzak ez direla zertan definitiboak izan behar eta egon daitezkeela prozesu  ego­era batean. Egonaldi batean ematen dizkizute erraztasunak lan egiteko, eta zerbait entregatu behar duzu. Zentzua ere ematen dio hemen egoteari, partekatzen duzulako lana jendearekin, feedbacka jaso, itxiera eman egonaldiari... Lan prozesua ireki­tzea da.

Tartean, Korean izan zara, ordea. Nolatan?

Zentzugabekeria bat izan da! GYCF izeneko hirien arteko elkarte batek antolatuta joan gara Jeju izeneko irla batera. Koreako leku bisitatuenetakoa da, 100 parke tematiko baino gehiagorekin.  Turismo as­ko jasotzen du, eta arazoa dauka horrekin. Aste­be­teko egonaldia izan da, eta ezagutu ditugu turismoarekin erlazionatutako espazioak. Bertan bildutako artista ezberdinek egin behar genuen proposamen bat. Hori zen teoria. Baina ikusi dugu artisten proposamena zela balio gutxien zuena eta izan dela oso propagandistikoa, erakusteko Ko­­rea ondo kokatua dagoela Eu­ropako zenbait hirirekin… Na­hi­ko marioneta sentitu gara. Bai­na bertara joan arte, ezin jakin! 


Asko gertatzen da?

Zorionez, ez! Foro formatoa ez da batere ohikoa arte garaikide munduan. Egonaldia bai, baina foroa ez. 


Aurretik, Gure Artea saria jaso berri duzu, Jaurlaritzaren eskutik. Zein esanahi dauka?

Hiru ematen dira, eta niri emandakoa da, agian, ibilbide erdian dagoen artista saritzeko. Balo­ra­tzen da orain arte egindakoa, baina bultzada moduan ere uler­tzen da. 35 urte dauzkat, mo­men­tu nahiko kritikoa da. Da­goe­neko gazte sariketetako ateak itxi zaizkit, ez naiz gaztea! Beraz, bada la­nean jarraitzeko bultzada. Dau­ka alde materiala, diru kopuru bat, errazten dizuna arteaz bizi ahal izatea, gutxienez, ga­rai ba­tez, bai baitakigu oso pro­fesio de­so­re­ka­tua dela. Eta beste parte bat sinbolikoa, errekonozimendua.

 

Zure lanaren oinarria kultura herrikoia izatea goraipatu da. Nola definituko zenuke zuk?

Unibertsitatean ez nuen eskultura ia landu. Ez zitzaidan iritsi, ez nintzelako identifikatzen bertan egiten zen eskulturarekin. Ge­hien, irudia landu nuen. Eta hasi nintzen argazkien bitartez artxibo bat biltzen. Ez nekien mo­men­­tuan zertan ari nintzen, baina kalean, edo eszena pribatuetan, etxeetan aurkitzen ni­tu­en konposaketa batzuk, jendeak inguruan zeuzkan objektuekin egin­dakoak, eta iruditzen zitzaidan hor bazegoela ariketa sensible bat, nik artean lan egiten nue­nean identifikatzen nuena. Adibidez, eskaparate bat antola­tzean, edo etxeko apal bat. Ob­jek­tu­ekin sortzen den harreman horretan oinarrituta argazkiak ateratzen hasi nintzen, eta hasi nintzen eskultura lantzen objektuekin. Uste dut kultura herrikoiarekin harremana daukadala esaten dela horregatik, kultura herrikoiak egin dituen formetatik abiatzen naizelako, egunerokotasunean dauden objektuetatik. Argazkiak hor ditut, eta, bestetik, dauzkat kolekzionatzen ditudan objektu eta trastoak. Batetik besterako itzulpena ez da zuzena, baina nolabait funtzionatzen du iruditeri moduan. Bu­ruan bueltaka daude, eta objektuekin aurrez aurre jartzeko garaian azaltzen dira.   

Hortaz, aldatu da zure obra? Irudiekin hasi zinen. 2008an Biterin Nagore Lozanorekin jarritako erakusketa ere, irudi eta litografiekin osatu zenuen.

Izan da iruditik eskulturarako bidea. Eta geroz eta irudi gutxiago ekoizten ditut. Izatez, beti egon da oso erlazionatuta, baina geroz eta irudi gutxiago egin eta  gehiago ari naiz zentratzen es­kul­turan, gustatzen ari zaidalako zehaztea. Iruitzen zait limiteak gero eta txikiagoak badira, ikerketa edo eboluzioa urrutiago iritsi daitekeela, eta horrekin disfrutatzen ari naiz. Uste dut inflexio puntu bat izan nuela 2010ean-edo. Hasi nintzen ordenagailuan galduta nituen karpetetan zeuden argazkiak hartu eta aukeraketa bat egiten. Hor egin nuen klika, eta hasi nintzen es­kul­turarekin. Hortik orain arteko bidea norabide berean joan da.  Atzera begiratu eta orduko irudiak ikusita, ez zait iruditzen ba­lantza haundirik egin dudanik.

Egonaldi artistikoetan ezagututako tokiek, jaiotzez brasildarra izateak... Badu eraginik zure lanean?

Inguratzen nauen testuinguruak asko filtratzen du nire lana. Adi­bidez, San Franciscon ez nuen la­ne­rako espaziorik, eta egin nu­e­na izan zen publikazio bat. Oso kontestuala da. Asko filtratzen da bertan bizi nuena. Brasilen ja­io­tzearena anekdotikoa da; 8 hi­la­beterekin itzuli nintzen Euskal Herrira eta gurasoak euskaldunak dira. Udara honetan, berriz, Bartzelonan izan naiz, inprobisazioari lekua uzten. Badaukat jarrera bat pen­tsatzeko ni zerbait bilatzera joan beharrean, zerbait hori etorriko dela niregana. Ob­jek­tu asko behar izaten dut, pro­ba eta errore asko egiten baitut zerk funtzionatzen duen ikusi ar­te. Baina Bartzelonan interes­ga­rria izan zen joan nintzela ezer gabe, bertan aurkituko nuena es­kulturetarako material gisa erabiltzeko asmoz. Hor badago in­probisazio puntu hori, eta hori da berez arteaz dibertitzen nauena, eta mantentzen nauena aktibo. Men­talki edo erreflexiboki asko eskatzen duen zerbait da, oso adi egon behar delako zer objektu ikusten dituzun zaborretan, azoketan, dendetan...  

Hain zuzen, zure eskulturak objektuekin egiten dituzulako?

Bai. Gainera, saiatzen naiz objektuak bere horretan mantentzen, errespetatzen, eta ez zulatzen edo iltzatzen. Ematen didan formekin harremanak bilatzen. Ba­tzuk izan daitezke oso ergonomikoak. Beste batzuetan arrarotasuna bilatzen dut elkartze horretan. Ore­ka bilatzen dut ele­mentu es­truktural edo dekoratiboen arteko harremanean. Bai­na ha­uek guztiak izaten dira askotan gerora egiten ditudan irakurketak, lanean nagoenean ez dut oso ond­o jakiten hitzez azaltzen zer egiten ari naizen, eta, gus­tatzen zait horrela izatea. Nire lanari buruz hitza hartzea beste baten lana da: kritikari, komisario...  

Hara! Ostegunean ikusi ahal izango dena azalduko ote zenukeen galdetzekoak ginen...

Azaldu liteke, bai (barrez)! Julià eta biok hona iristean ikusi ge­nu­en bi pareta bakarrik iltzatu zitezkeela. Beraz, erabaki genuen altzairuzko kableak bota eta ho­rre­kin, partitura antzeko bat eraikitzea, ahalbidetzen baitu gauzak zintzilikatzea, sostenga­tzea... Aukera asko ematen dizkigu eskulturak egiteko. Bertan, oso zaila da jakitea zer den berea eta zer nirea. Guztiz harmonizatuta gaude. Bakoitzak bere eskulturan egiten du lan, baina pen­tsatuz harremana berez sortuko dela piezen artean. Konfi­dan­tza horretatik abiatu gara, eta batak bestearen lanean eraginda, filtrazioak bultzatzen. Txukunduko dugu pixka bat, baina lan eta erakusketa espazioa oso antzekoak izango dira. Izango da informala. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!