IKASKETA AKADEMIAK

Eskolan ikasitakoa barneratzeko moduak aukeran, errefortzurako akademietan

Kronika - Erredakzioa 2019ko aza. 9a, 00:00
Talde txikietan lan egiteko aukera ematen dute akademiek, gertuko tratua emateko. Argazkia: Onddi Akademia.

Ikasturtea hasita dago, eta aurreneko azterketak gainean dira. Askok jotzen dute akademietara laguntza bila, eta ate-zabalik hartzen dituzte. Dena den, ikasturte hasieran gerturatzea gomendatzen dute.

Martxa hartuta ari dira jo eta su ikasten, maila guztietako ikasleak. Hasi Lehen Hez­kun­tzan, eta unibertsitatera arte, makina bat eduki barneratu behar izaten dituzte ikasleek, DBH, Batxilergoa edota Lanbide Heziketa zikloetatik pasata.

Eskolan azaldutakoa ondo ulertzea ez da beti erraza izaten, ordea, aurreneko kol­pe­an. Horrexegatik, akademie­tara jotzen dute askok. Her­na­nin ez da aukerarik falta.

Eskola girotik urrunduta, gertuko tratua

Errefortzurako klaseak ema­ten dituzten akademiak dira Urbieta kaleko Onddi Aka­demia edota Tilosetan dagoen Akademia. Bietan, maila guz­tie­tako ikasleentzako saioak pres­tatzen dituzte; Lehen Hez­kun­tza, DBH edota Ba­txi­ler­go­raino artekoentzako, hain zuzen. Tilosetako Aka­de­mian, gainera, uniber­tsitate mailako ikasleei ere es­kaintzen zaie laguntza.

Batean zein bestean, es­ko­lan ikasitakoa ondo barne­ra­tzen laguntzea da helburua. Batzuetan, ondo ulertu ez den hori ulertzeko azalpenak ema­ten dituzte bertako irakasleek; besteetan, berriz, ulertu dena indartzeko, eta, beraz, hobeto barne­ra­tze­ko. Helburua bat edo bestea izan, hala ere, Onddi Akade­mi­an diote lan egitea dela giltza: «ezin­bes­tekoa da eskolan zein etxean ere lan egitea». 

Dena ez dago ikasleen esku, ordea. Horregatik, ezin­bes­tekoa den beste elementu bat ere eskaintzen zaie akademian izena ematen dutenei: gertuko tratua eta erosotasuna. «Esko­lako girotik pixka bat urrundu nahian, gure helburua da ikas­lea akademiara gustora etor­tzea, horrek asko laguntzen baitie ikasteko garaian». Ho­rre­gatik, talde txikietan ema­ten dira klaseak, normalean, eta maila bereko ikasleak bil­duta, «denbora ahalik eta on­doen aprobetxatzeko».


Zientziak, letrak edo bietatik

Zer ikasia ez da falta izaten. Baina batzuk hobeto molda­tzen dira letretan; beste ba­tzuk, aldiz, zientzietan. Onddi Akademian eta Tilosetako Aka­de­mian gai guztietako ikas­gaiak ulertu eta barneratzeko ematen dute laguntza. 

Dena den, Onddi Akade­mian Matematika, Fisika eta Ki­mika edota Ekonomia beza­lako ikasgaietan laguntzeko daude espezializatuta, berezi­ki. Irakasle gehienak ingeniari gazteak eta ikasleak izaten dira, eta ikastean sortzen di­ren arazoak erronka gisa har­tzea proposatzen dute, «ikas­ten ikasi eta ikasgaia gain­di­tzeko».

Zalantzak edozein direla ere, eta gaia bat edo beste izan, ikasgaiak ondo ulertu eta ikastea bera erraztea dute helburu irakasleek.

 

Azterketekin edo gabe, ez egin kale

Motorrak ondo berotuta, az­ter­keta garaia gerturatzen ari de­nean jotzen dute askok erre­fortzua eskaintzen duten aka­de­mietara, ordura arte ondo ulertu ez den hori argitzeko asmotan. Garai ona izan dai­te­ke, azken zalantzak argitu ahal izateko.

Hala ere, lehenago hasteko gomendatzen dute. Izan ere, batzuk notak jasotzean kon­tu­ratzen dira kontzepturen batek ihes egin diela; azterketetan espero baino emaitza kaska­rra­goak lortze­an, hain zuzen. «Askotan ikasgairen bate­kin arazoak dituztenean, no­tak jakitean etortzen dira. Eta komeni izaten da horri aurre hartzea. Gure gomendioa da, urte osoan gerturatzea, eta za­lantzak sortzen diren hei­nean argitzea», diote Akade­mian.

 

Nota onekin ere bai

Errefortzurako akademiak ez dira, soilik, azterketak gaindi­tzen laguntzeko akademiak. Badira ikasleak ikasgai jakin batzuetako notak hobetu nahi dituztenak. 

Izan daiteke uni­ber­tsi­ta­teko sarbide probarako noten batezbestekoa igo nahi dute­lako, edota ondoren egin nahi den ikasketa mota ho­rretan gehiago jakitea lagun­garri izango delako. Ikasle horiek ere aukera badute Onddi Akademian edota Tilosetako Akade­mian, dagoeneko bada­ki­ten hori indartu eta hobe­tzeko.

Azken batean, errefortzu klaseak ematen badira ere, helburu nagusia da ikasleek ikas dezatela, ikasten duten eduki hori ondo barneratu dezatela, momentuan edota etorkizunean egingo dituzten ikasketetan baliagarri izan daitezen. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!