Erremontea

Maila ikusgarrian ari da Barrenetxea hernaniarra

Kronika - Erredakzioa 2019ko aza. 5a, 00:00

Larunbatean tanto bakarragatik galdu zuen, Ansa IIrekin, eta horrek geldiarazi du garaipen errenkada.

Buruz Burukoa irabazi zuenetik, goranzko bidean segi du Barrenetxea IV atzelari hernaniarrak, pasa den asteburura arte. Garaipen bolada eten zaio, Uterga eta Endikaren aurrean, Ansa IIrekin batera 39 eta 40 galduta. Dena den, maila ikusgarrian jokatzen ari da hernaniarra, eta larunbatean ere partidu ikaragarriarekin gozatzeko aukera izan zuten erremonte zaleek, Gala­rretan.

Partidu bihurria
Uterga eta Endikak Barrene­txea­ren bolada ona geraraztea lortu zuten larunbateko estelarrean, gutxigatik  bada ere; tanto bakarraren aldearekin irabazi zuten, juxtu.

Lau erremontistak maila bikainean aritu ziren, baina neurria Utergak jarri zuen. Deigarria izan zen Ansa II eta Barrenetxea IVren aldeko 17 eta 1eko partziala, baina ez zen nahikoa izan. Gorria 13 eta 24 galtzen ari zirela, 30 eta 25ekora pasatzea lortu zuten, baina abantaila horri denbora gutxian eutsi zioten. Izan ere, 32ra berdindu ondoren, eta berriro ere 35-34 aurreratuta, beste lau berdinketa iritsi ziren, 36, 37, 38 eta 39ra, eta azkenean, urdinek lortu zuten garaipena.

Urdinak indartsu hasi zi­ren, eta Ansa IIak hotz hasi zu­en lehia, gero bizitu bazen ere. Erremontista onena Uterga izan zen, 23 tanto eginda, eta bi akats besterik ez. Ansak 16 tanto eta 3 akats egin zituen.

Atzelarien artean, Barrene­txeak sakeko sei tanto eta peloteoko beste zazpi egin zituen, eta sei akats. Endikak, berriz, hiru sakeko, peloteoko bost eta zortzi akats.

Hurrena, osteguneko estelarrean
Garaipen errenkadan etenaldi bat izan badu ere, hernaniarrak ostegunean jokatuko du berriro estelarrean, eta emai­tza borobilen sasoiari eusten saiatuko da, berriro.

Ohi bezala, arratsaldeko 16:00etan hasita, lau partidu jokatuko dira, eta Barrenetxea IV, Matxin IIIrekin ariko da, Zeberio II eta Ionen kontra. Aurretik jokatuko dute Urrutia II eta Zubiri goizuetarrak, Goi­koetxea V eta Garcesen kontra. Ondoren, berriz, Ansa II eta Etxeberria IIIak Uterga eta Larrañagaren kontra, eta Jua­nenea eta Labakak, Aldabe eta Azpirozen kontra. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!